Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Edurne Elizondo

Mendira joan, lehendabizi, eta taldea sortu, gero. Auzoko kideen arteko harremana sakontzeko asmoz antolatu zuten aurreneko txangoa Iruñeko Iturramako hainbat gaztek, Erletokieta taldeak eskatuta. Duela bospasei urte jarri zuten martxan elkartea, eta ohartu ziren auzotarren arteko sarea indartzeko beharraz. Asmo horrekin antolatu zuten mendi irteera. “Bakarra egiteko asmoz antolatu genuen, baina jendea kontent gelditu zen, eta urtebete eman genuen, hilean behin, mendira ateratzen. Taldea sortzea erabaki genuen azkenean”.

Haritz Salinasenak dira hitzak, Iturramako Erletokieta mendi taldeko kidearenak. Auzoko gazteek osatzen dute, baina, pixkanaka-pixkanaka, hiriburuko bertze hainbat auzotako jendea ere ari da Iturramako mendizaleekin. bat egiten. Lau urte bete dituzte, eta, ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute. Geltokin ikus daiteke egunotan.

Oraingo sasoiko lehendabiziko txangoak Zumaia eta Deba arteko bidera eraman ditu Erletokieta taldeko gazteak, hilaren 8an. Urrikoa prestatzen ari dira jada, eta ekainekoa izanen da denboraldiko azkena. Iturramakoa ez da ohiko mendi talde bat, “autogestioaren bidetik” egiten baitu aurrera. Salinasek eta bertze hainbat kidek osatzen dute “talde eragilea”, baina parte hartzen dutenen neurrira antolatzen dituzte txangoak. “Jendeak proposatzen ditu nahi dituen ibilbideak, eta besteei erakusten dizkie”. Zumaia eta Deba arteko txangoan, adibidez, taldeko kide gipuzkoar batek egin zuen gidari lana. “Hemen bizi da, baina Zarauzkoa da; txangoa proposatu, eta gidari lanetan aritu da besteentzat”, azaldu du Salinasek.

Salinas gurasoekin hasi zen mendian, Oberena taldeak antolatutako txangoen bidez. Zaletasuna ez du galdu, eta mendian lagun ditu auzoko bertze gazte anitz, oraindik ere. Taldea martxan jarri bezain pronto, hain zuzen, jendea bat egiteko prest agertu zen Iturraman. “Guk hainbat txango prestatu genituen, hasteko, eta gero jendea hasi zen nor berea proposatzen; mendira joatea, elkarrekin bazkaltzea eta inguruaz gozatzea da kontua”.

Gazteentzat eta euskaraz

“Gazteek osatutako talderik ez da, guk ez dugu besterik ezagutzen”, erran du Salinasek. Kirol elkarteek antolatzen dituzte haurrentzako mendi irteerak, eta helduentzako taldeak ere badira, baina gazteek gazteentzat egindakorik ez da. “Guk argi dugu gazteek eskertzen dutela gurearen gisako talde bat, mendian eta euskaraz aritzeko talde bat, alegia”, berretsi du.

Larrara egin zuten taldearen abiapuntu izan zen aurreneko txangoa; geroztik, Nafarroako hamaika txoko ezagutu dituzte. “Hamaika aukera dugu herrialdean”. Ezagutzeko prest dira.

Irudiak: Erletokieta Mendi Taldea.