Edurne Elizondo
Lizarratik, Durangora. Bide hori eginen du Euskal Herriko mugimendu feministak, datozen asteotan. Aurreko asteburuan, neska gazteen topaketak egin zituzten Lizarran, Egin dezagun topa lelopean; eta azaroaren 1, 2 eta 3an, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak eginen dituzte, Durangon (Bizkaia), Salda badago izenburupean. Lizarran izan ziren Antsoain Antiespezista taldeko Maddi Azkoiti eta Saioa Miranda, eta Durangora ere joanen dira; hara ailegatu aurretik, Bilbon eginen dute geldialdia, azaroaren 1ean, Nor kolektiboak eta Euskal Herriko bertze hamaika talde antiespezistak antolatu duten manifestazioan parte hartzeko. Eskutik heldu diote elkarri feminismoak eta antiespezismoak.
“Feminismoak antiespezista izan behar du, eta antiespezismoak feminista”. Mezu hori nabarmendu dute Azkoitik eta Mirandak. Are gehiago erran dute: “Kontua ez da zapalkuntzak alderatzea; kontua da zapalkuntza horiek nola eta zer argudioren gainean egituratzen diren aztertzea, esparru horretan antzekotasun handiak daudelako”, azaldu du Azkoitik. Mirandak adibide bat erantsi du: “Androzentrismoa eta antropozentrismoa parekoak izan daitezke egiturari so eginez gero, bi kasuetan irizpide arbitrarioak daudelako babesten duten zapalkuntzaren atzean”.
Feminismoaz eta antiespezismoaz, androzentrismoaz eta antropozentrismoaz aritu dira Antsoain Antiespezistako bi kideak, hain zuzen ere, Lizarran egindako neska gazteen topaketetan. Eskertu dute aukera, eta, eskertu dute, batez ere, topaketetako antolatzaileek egin izana animalien askapenaren aldeko borroka politikoaren auzia mahai gainean jartzeko urratsa. “Ez genuen guk proposatu; gaiaz mintzatzera joateko eskatu ziguten. Interesa bada, eta Lizarran argi gelditu da. Jende asko etorri da hitzaldira, neska oso gazte asko”.
Elkar elikatu
Durangoko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan ere izanen du toki bat antiespezismoaren inguruko gogoetak; Nor kolektiboko bozeramaile Maialen Sagues ariko da gaiaz, azaroaren 2an. Euskal Herriko mugimendu antiespezistak apustu garbia egin du egungo gizartean indarrean diren botere sistemen aurka bat egiteko.
“Zapalkuntza baten kontrako borrokak ezin du beste zapalkuntza bat justifikatu”, erran du Mirandak. Bat egin du Azkoitik. Azaldu du feminismoaren eskutik ailegatu zela antiespezismora, sare sozialen bidez ezagututako ekintzaileen bidez, hain zuzen ere. “Ezin dut imajinatu feminismoa antiespezismorik gabe, ezta alderantziz ere, antiespezismoa feminismorik gabe”. Uztartu ditu bi borrokak. Mirandak ere bai. Antiespezismoak mugimendu feministatik zer ikasi baduela uste du Antsoain Antiespezista taldeko kideak: “Feminismoak bide luzeagoa egin du; aurrerapauso asko eman dira, eta estrategia asko jarri dira mahai gainean; hortik tresna asko har dezakegu, eta erabili antiespezismoaren esparruan”.
Azkoitik eta Mirandak badakite anitzi kosta egiten zaiela gizakiek espezismoan duten rol zapaltzailea onartzea. Emakumeak dira heteropatriarkatuak zapaltzen duen subjektua; espezismoaren kasuan, berriz, gizakiak dira zapaltzaile. “Borroka feministatik aldarrikatzen dugu gizonezkoek beren pribilegioak berrikusi behar dituztela, eta beren jarrera zapaltzaileak bazter utzi. Guk ere, emakumeok, gauza bera egin behar dugu parte har dezakegun gainerako zapalkuntza guztietan”, erran du Azkoitik.
Antiespezismoak animalien askapena jarri nahi du erdigunean, eta, ondorioz, mugimendu horretako ekintzaileek gizakiz bertzeko animalien “aliatu” izan behar dutela erantsi du Mirandak: “Gizakiz besteko animaliek ere badute erresistentziarako gaitasuna; guri aliatu rola dagokigu. Ez gara gu borroka honetako protagonista”.
Gogoeta horiek guztiak partekatu dituzte Antsoain Antiespezista taldeko kideek Lizarrako topaketetan bat egin zuten feminista guztiekin. Urriaren 5ean eman zuten hitzaldia, eta, egun berean, azaroaren 1ean Bilbon bigarrenez eginen duen manifestaziora deitzeko agerraldia egin zuen Nor kolektiboak, protesta babestu duten gainerako talde antiespezistekin. Zehazki, Antsoain Antiespezista, Tafalla Antiespezista, Arkanbele, Bezala, Liberazio Orroa, Inurri Antiespezista, Gasteizko Talde Antiespezista, Askekintza eta Durangaldea Antiespezista kolektiboek egin dute bat manifestazioarekin. 17:00etan hasiko da, Unamuno plazan.
Han izanen dira Azkoiti eta Miranda. Taldea iazko udan sortu, eta azaroaren 1eko manifestazioa egin eta gero sendotu zuten, hain zuzen ere. Geroztik, gainerako herri mugimenduen babesa lortu dutela azaldu dute ekintzaileek. “Taldeko kideak beste hainbat kolektibotako militante ere bagara, eta horrek asko erraztu du gure lana”. Gazte mugimenduko eta mugimendu feministako kide ere badira ekintzaile antiespezistak, bertzeak bertze. “Lortu dugu kolektibo horiek antiespezismoa borroka politiko gisa onartzea; horixe baita”, bukatu dute.