Herrien alde egindako apustua berretsi dute

Herrien alde egindako apustua berretsi dute

Kattalin Barber

Arazoak, desorekak eta gabeziak. Nafarroako ekialdeko Pirinioetako biztanleek “politika eta neurri zehatzak” eskatu dituzte eskualdea egituratzeko. Horretarako, bost minutuko lanuztea egin zuten, joan den ostiralean, Otsagabian, Erronkarin eta beste hainbat herritan bildutako dozenaka herritarrek.

“Despopulazioaren aurkako estatu ituna nahi dugu”. Mikel Aoizen hitzak dira; zaraitzuarrak aski ongi ezagutzen du Pirinioetako egoera. Espainiako hainbat elkartek deitu zuten elkarretaratzera, eta Pirinioetako kolektiboek bat egin zuten.

Ez da aldarrikapen berria. Hiru elkarte ari dira elkarlanean mendialdean: Zaraitzun eta Nabaskozen, Bizirik Gaude; Aezkoan eta Erroibarren, Pirinioan Lan eta Bizi; eta Erronkarin, Txantxalan.

Hiru elkarteak orain dela bi urte hasi ziren Nafarroako Parlamentuarekin lanean, eta bertako talde guztiek onartu zuten Pirinioen inguruko txostena egitea. Agirian, eskualdeko biztanleek dituzten arazoak eta gabeziak jaso dituzte, bai eta gobernuaren borondatea neurriak hartzeko ere. Hala ere, gaia “mugitu gabe” dagoela ohartarazi du Aoizek. “Sei hilabete daramagu aurrerapausorik eman gabe; bitartean, jendea badoa”. Basamortu demografikoaren kontzeptua izan du hizpide Aoizek; kilometro koadro bakoitzeko sei biztanle baino gutxiago bizi diren guneak dira. “Pirinioetako egoera da hori; neurriak behar ditugu”.

Etorkizuna bermatu

Herriak ez husteko, bizi kalitatea bermatzea eskatu du Aoizek. Arazo zehatzak ditu Pirinioak: osasun arloan, esaterako, urtebete daramatzate guardiako farmaziarik gabe. “Horrek arazoak sortzen ditu norbait gaixotzean”. Etxebizitzarik eza bada beste arrazoi bat biztanleek herrietatik alde egiteko. Horregatik eskatu du Aoizek alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzea eta udalarenak direnak egokitzea. “Zaila da norbaitek etxea aurkitzea hemen; aldi berean, etxeen erdiak baino gehiago hutsik daude”.

Herrian bizi nahi dutenentzat “erraztasunak ematea” oso garrantzitsua dela dio Aoizek, arlo administratiboan oztopoak saihesteko. “Nafarroako beste eremu batzuekin alderatuz oso bestelakoa delako gure errealitatea; adibidez, hezkuntza ratioak ezartzeko orduan, errealitate hori kontuan izan behar da”. Legeak tokian tokira egokitzeko eskatu dute.

Urteotan lortu dutena ere izan du hizpide Aoizek. Zuntz optikoa ezarri dute, adibidez. Horrez gain, landa eremua “ahalduntzea” aldarrikatu dute. “Ematen du hiria dela bizi eredurik onena, eta baztertu egin da herriko bizitza. Horren aldeko apustua egin behar dugu”. Egungo egoera kontuan izanda “etorkizuna bermatzea” zaila dela esan du, baina bertan bizi nahi dutela berretsi du.

Irudiak: Txantxalan eta Bizirik Gaude.