Iritzia: EreduAz

Iritzia: EreduAz

Amets Aranguren Arrieta

Telefono dei batek aterarazi nau kontserbatorioko mediatekatik. Gorde gabeko zenbakia da. Astelehena da, hamar ordu daramat kontserbatorioan, eta eguneko azken klasean sartzear nago.

—Bai?

Eskegi, eta ahoan irribarre bat dudala hasi naiz gauzak biltzen. Berandu nabil.

—Amets! Maite hurbildu zait. Zer moduz?

—Ongi, ongi, zu?

—Joe, pozik ematen duzu.

—Bai, dei bat jaso berri dut…

Zalantzati nago, kontatu ala ez, izan ere, Faltzesko 23 urteko laguna da Maite, A ereduan ibilitakoa… Merezi du kontatzea…? Tira, saiatuko naiz, zergatik ez?

—Kontua da BERRIA egunkariak eskualdekako gehigarriak ateratzen dituela astero, Nafarroako Hitza hemen. Mobida da, ez dakit zerbait entzun duzun, duela bizpahiru aste bertako kolaboratzaileetako bat hil egin zela…

(‘Aber, Amets, zer ari zara kontatzen? Apenas ezagutzen zenuen zuk, nola ezagutuko du honek…’, pentsatu dut nire baitarako.

Baztango idazle eta bertsolari…

—Jon. —Esan dit Maitek nik esaldia bukatu aitzin-.

‘Bai…’ harritu eta lotsatua atera zait.

—Bua, hau pena jakin genuenean… Euskara irakasle izan genuen txikitan eskolan, Faltzesen. Bera izan zen, Urkorekin, beste euskara irakaslearekin batera, Faltzesko euskararen egunaren sortzaile. Eta horren harira, eskolaz kanpoko gazte askorekin ere izan zuen harremana. Arrakasta itzela izan du gure herrian euskararen egunak urte luzez, orain pixka bat gain behera badago ere. Garai hartan, inguruko herri guztietako jendea biltzen zen Faltzesera egun horretan, kristona montatzen zen. Egia esan, erreferentzialtasuna lortu zuen Erriberan. Gogoan dut, irakasle ona izateaz gain, irakasle berri-gazte-guapo tipikoa zela Jon, badakizu… ikasle guztiek maite duten horietakoa. Euskara maitatzen irakatsi zigun, eta ni, pertsonalki, markatu ninduen. Zer pena…

Ez dut jakin zer esan.

Irentsi behar izan ditut nire pentsamenduak, eta poliki egin dugu Maitek eta biok mediatekatik 03 gelarako bidea. Maite hizketan. Ni isilik gelditu naiz, eta adi.

Ezjakintasunetik miresmenerako 30 metroko bidaia motza bezain sakona.

Begira, Jon, zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean.