Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kulturan, lan egiteko baldintza duinen eske

Kattalin Barber

Prekaritatea, lan baldintza txarrak eta murrizketak”. Horixe salatu dute Nafarroako hainbat kultur azpiegitura kudeatzen dituen Sedena enpresako langileek. Hiru egunez egon dira greban, “lan baldintza hobeak aldarrikatzeko”. Urriaren 8, 9 eta 10ean izan zen lanuztea, eta langile batzordeak adierazi du erantzun “ezin hobea” izan zuela. Besteak beste, grebak eragina izan zuen Iruñeko Civivox sarean; Mendillorriko, Sanduzelaiko eta Iturramako udal liburutegietan; Gazteriaren Etxean; Kondestablearen jauregiko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Elkarlanerako Zentroan; Beriaingo Gazte Zentroan; Liburutegi Nagusian; Uharteko Arte Garaikideko Zentroan; Tuterako gizarte etxean; eta Nafarroako Artxibo Nagusian.

Beren lan baldintzak hobetu ditzatela eskatu diete Sedenak azpikontratatuak dituen langileek enpresari. Hori lortu bitartean, orain arte adina denbora “eusteko prest” daude.

Denera, berrehun langile ditu enpresak, eta hainbat kultur azpiegitura kudeatzeko kontratu publikoak lortuak ditu. Ainara Izko langile batzordeko kidea da, Nafarroako Artxibo Nagusiko langilea. Azaldu du zerk eragin duen greba: “Sedenak irabazi zuen Iruñeko Civivox sareko garbiketa lizitazioa; are gehiago, aurkeztutako enpresa bakarra izan zen”. Deialdian, Iruñeko Udalak %30 murriztu zituen baldintzak, eta enpresak %20ko beherapenarekin lortu zuen. “Kaltetuek erabaki zuten ez zutela inolako murrizketarik negoziatuko, eta kultur arloan lan egiten dugunok bat egin genuen lankideekin, gure egoera ere ez delako batere ona”. Esaterako, Izkok salatu du hamabi urtean ez dela igo KPIa. Hortaz, Civivox sarean lan egiten duten garbitzaileei eta aisialdiko eta denbora libreko hitzarmenarekin aritzen diren beharginei eragin die grebak.

Izkoren esanetan, lan baldintza horiek izateko bi gako daude. Alde batetik, estatu mailako hitzarmen bati lotuta daude, eta hitzarmen sektoriala eta lurraldekakoa galdegin du. Bestetik, kultur munduan nagusi diren prekarizazioaren eta azpikontratazioaren aurka mintzatu da. “Azpikontratazioen bidez, kultura lan prekario bihurtzen ari dira. Azpikontratazioekin lortzen da langileei gutxiago ordaintzea, eta gu gara beti galtzaile”.

Horrez gain, Nafarroako administrazioek zerbitzua azpikontratatzeko garaian eginiko deialdien aurka jo du: “Beharrezkoa da administrazioak beren erantzukizunaz jabetzea; esaten digute lan kontuetan ez direla sartzen, gure baldintzak okertzen ari direla jakinda”. Murrizketen eraginez, lanaldia murriztuko zaie langileei, eta, hortaz, soldata ere bai. “Proposatu genion enpresari bere gain hartzea murrizketak, baina ez ginen ados jarri”, esan du Izkok. Oraindik ez da murrizketarik aplikatu, norbaitek helegitea jarri duelako deialdian, “baina asmoa hori da”.

Izkok gogorarazi du zerbitzu publiko bat ematen dutela, eta, prekaritatea “edonon” dagoen arren, zabaltzen ari dela kulturaren esparruan.

Grebari ekin aurretik ere hainbatetan agertu zioten kexa Sedenari, baina kasu egin ez izana salatu du Izkok. Egoera aldatzen ez zela ikusita, langileek ez zuten ikusi grebara jotzea beste biderik. Hain zuzen ere, ez da lehen aldia Sedenako langileek greba egiten dutela. Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegia kudeatzen du enpresa berak, eta bertako bitartekariek zazpi hilabeteko greba egin zuten. Abuztuan lortu zuten baldintzak hobetzea.

Elkartasuna, erruz

Grebak iraun duen hiru egunetan izandako erantzunarekin eta jaso duten elkartasunarekin “pozik” agertu da Izko. Babes handia izan dute: “Auzokoen eta ohiko erabiltzaileen elkartasuna izan dugu”. Gertu sentitu dituzte herritarrak eta langileak. Lanuztearen ondoren, oraindik ez dute erabaki zer-nolako bidea hartuko duten. Argi dute, halere, baldintza duinak lortu arte egonen direla lanean. “Grebak balio izan du, gainera, gure artean gehiago ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko; oso bereizita lan egiten dugu, eta ia ez genekien enpresa berarentzat lan egiten genuela ere; prozesuak batu gaitu”. Indarra ematen die horrek guztiak, eta adierazi dute lan baldintza duinak lortu arte ez daudela amore emateko prest.

Oraingoz, enpresarekiko harremana eten da. Prentsa ohar baten bidez, Sedenak adierazi du “hitzarmen probintzial eta sektorial baten alde” ari dela lanean eta ez duela greba “egokitzat” hartu. Langile batzordeak babesten du aipatu hitzarmena, baina baldintzak “orain” hobetu behar dituztela dio. “Ezin diogu etorkizunari begiratu; erantzunak nahi ditugu lehenbailehen”.