Artea, bizitza berriz ere martxan jartzeko

Artea, bizitza berriz ere martxan jartzeko

Edurne Elizondo

Pozgarria da jakitea pixkanaka-pixkanaka heriotza eta dolua beren tokia lortzen ari direla gizartean”. Goizargi elkarteko buru Rakel Mateok erran ditu hitzok, Nafarroako Parlamentuan. Erakunde horretako atariraino sartu da gaia, oraingoan, artearen bidez. Zehazki, Oscar Villoslada artista plastikoaren Denbora gelditzen denean izenburuko erakusketa jarri dute parlamentuan, doluaren inguruko hausnarketa pizteko asmoz.

Azaroaren 1ak aukera ematen ohi du, urte oro, heriotzaren eta doluaren ingurukoak mahai gainean jartzeko. Hilerriak jendez eta lorez betetzen dira egun horretan; gainerakoetan, baina, isiltasuna izaten ohi da nagusi. Eta heriotza arlo pribatuan gelditzen da.

Bertzelakoa da Goizargi elkarteko kideek duten ikuspuntua: “Doluak elementu sozial eta kultural bat izan behar du”, nabarmendu du Mateok.

Helburu horrekin bat egin du Villosladaren erakusketak, hain zuzen ere. Dolua eta heriotza esparru sozial eta kulturalean kokatu nahi ditu, eta arteak bere esku jarri dituen tresnak baliatu ditu horretarako. 11 koadro eta bi bideo lan eraman ditu parlamentura, eta han ikusi ahal izanen dira, azaroaren 5era bitarte.

Erakusketa “terapeutikoa”

Nafarroako Parlamentua 2016. urteko otsailean hasi zen bere atarian arte erakusketak antolatzen, Kultur Ataria izenburuko programaren barruan. Villosladaren obrekin osatutakoari buruz, “doluari aurre egitea osasun kontu bat” dela nabarmendu du parlamentuko presidente Unai Hualdek, inaugurazio ekitaldian. “Denok egin behar diegu aurre heriotzari eta doluari. Erakusketaren bidez, ezkutuan gelditzen ohi den auzi hau ikusgarri bilakatu nahi dugu”, erantsi du parlamentuko buruak.

Hualdek erakusketaren izaera “terapeutikoa” nabarmendu du, eta ideia horrekin bat egin du, argi eta garbi, artistak berak. “Estetikaz harago, erakusketaren asmoa da jendearentzat erabilgarri izatea”, erran du Oscar Villosladak.

Eskertu du bere lanak parlamentuan erakusteko aukera, ez baita ohiko espazio bat artistentzat. Bere obrei buruz, egileak azaldu du giza gorputzaren espresioa baliatu duela doluaren eta heriotzaren inguruko bere diskurtsoa osatzeko. Tamaina handiko obrak dira Villosladak parlamentura eramandako margolanak. Giza gorputzaren irudia baliatzen dute “emozioak kontatzeko”.

Arlo horretan gizakiak zer egin baduela uste du artistak, sentimenduak kudeatzeko heziketarik ez duelako jasotzen, nabarmendu duenez. Bere lanen bidez, sentimenduak kudeatzeko tresnak eman nahi ditu, eta, aldi berean, itxaropena: “Doluetan nork bere erritmoa du, baina, azkenean, gainditu egiten ditugu”.

Irudia: Iñaki Porto.