1936AN HILDAKOAK

1936AN HILDAKOAK

Fortunato Agirre (1893-1936)

Osasuna sortu zutenetako bat izan zen. EAJko kidea zen, eta 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean, Lizarrako alkatea zen. Lizarran, Izarra taldea sortu zuen, eta herriko lehen ikastola bultzatu zuen. Antza, altxamenduaren berri izan zuen gertatu aurretik, eta Espainiako errepublikako agintariei abisua eman zien. Berandu, ordea. Taxoaren fusilatu zuten.

Andres Jaso (1912-1936)

Osasunako jokalaria izan zen, 1930-1931ko denboraldian. 18 urte besterik ez zuen orduan futbolariak. Osasunatik Zaragozara joan zen, eta handik Valentzia eta Gijonera. Sporting Gijon taldeko jokalaria zen 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean. Asturiasen zendu omen zen, Cangas de Onis herrian, bonbardaketa baten ondorioz.

Natalio Cayuela (1891-1936)

Osasunako presidente izan zen Natalio Cayuela: lehendabizikoz, 1923. urtean, eta, bigarrenez, 1928tik 1935era. Nafarroako Auzitegiko idazkari izan zen. Ezkerreko gizona, altxamendu militarra geldiarazten saiatu zirenetako bat izan zen. Cadreitako Valcalderan fusilatu zuten Cayuela, 1936an. Urte hartako abuztuaren 23an, 52 pertsona fusilatu zituzten han.

Eladio Zilbeti (1898-1937)

Osasuna sortzeko prozesuan parte hartu zutenetako bat izan zen Eladio Zilbeti, eta, hainbat ikerlariren arabera, berak proposatu zuen futbol taldearen izena, Kutz kafean egindako bileretako batean. ANVko kide izan zen. 1936ko abenduaren 21ean atxilotu , eta espetxera eraman zuten. Fusilatzeko atera zuten. Etxaurin hil zuten, 1937ko urtarrilean.

Ramon Bengarai (1896-1936)

Osasunako zuzendaritzako kide izan zen, hainbat urtez. Lanbidez tipografoa zen. Sindikalista gisa aritu zen, eta Iruñeko Udalean, gainera, zinegotzi. Ramon Bengarai Fronte Popularreko lehendabiziko hautagaia izan zen. Altxamendu militarra gertatu eta gero, ezkutatzen saiatu zen, errepresioari ihes egiteko. Baina ez zuen lortu. Atxilotu eta fusilatu egin zuten.