Abeltzaintzak kutsatutako ura

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Edurne Elizondo

Europak ezarritako isun bat da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek egindako lan baten abiapuntua. 2018ko azaroan, Europako Batzordeak Espainiako Gobernua ohartarazi zuen, nitratoekiko kalteberak diren eremuak ez dituelako kontrolatzen. Nekazaritzak eta abeltzaintzak eragindako arriskuaz ari zen, zehazki, Europa, jarduera horiek inguruko ibaiak eta akuiferoak kutsatzen ahal dituztelako. Europako Batzordeak agerian utzi zuen, gainera, kontrolik eza are larriagoa zela, azken urteotan txerriak esplotatzen dituzten haztegien kopuruak nabarmen gora egin duela kontuan hartuta. “Espainia laugarrena da munduko ekoizle nagusien artean”, erran du NUPeko irakasle eta doktore Maite Martinez Aldaiak.

Datu horrek piztu zuen, hain zuzen ere, NUPeko ikerlarien interesa, eta aztertu nahi izan zuten herrialdeko egoera. Horretan aritu dira azken hilabeteotan, eta egindako lanaren emaitza Science of the Total Environment zientzia aldizkarian argitaratu berri dute. Ikerlariok nabarmendu dute nitrogenoak eragindako kutsadura zehaztugabeak Nafarroako hegoaldeko eskualdeei eragiten diela, batez ere, eta bereziki Erriberakoei. “Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa duten eremuetan nabarmenagoa da”, erran dute.

Zehaztu gabeko toki eta une batean gertatzen den kutsadura da zehaztugabekotzat jotzen dena. Isuri jakin batek eragiten ahal duenarekin alderatuta, antzemateko zailagoa izan daiteke. Europako Batzordeak arazoaren berri zabaldu eta gero, abeltzaintzaren eragina aztertzeari ekin zioten NUPeko ikerlariek. “Ohartu ginen nekazaritzaren eragina aztertzeko beharra ere bazela”, aipatu du Martinez Aldaiak.

Harekin batera aritu dira lanean NUPeko kide Maria Jose Beriain eta Daniel Merchan, bai eta Oviedoko Unibertsitateko (Espainia) eta Argentinako hainbat erakundetako ikerlari batzuk ere. Nafarroako Gobernuak herrialdeko ibaietako uraren kalitatea neurtzeko dituen estazioak aprobetxatu dituzte ikerlariok, batetik. Bertzetik, kutsadurak uretan eragindako aztarna hidriko grisa neurtu dute. “Kontzeptu horrek adierazten digu zenbat ur behar duen ibai batek dituen kutsatzaileen karga asimilatzeko”, azaldu du Martinez Aldaiak. Aztarna hidrikoaren inguruko lana egin du NUPeko ikerlariak hamar urtez, hain zuzen ere. “Esperientzia hori aprobetxatu nahi izan dut”, erantsi du.

Erriberan, Nafarroako bertze edozein tokitan baino handiagoa da aztarna hidriko grisa. “Horrek erran nahi du eskualde horretan ur gehiago behar dela kutsatzaileen karga asimilatzeko; aldi berean, behar den ur hori urriagoa da eremu horretan”.

Ebro, Zidakos, Robo

NUPeko ikerlariek Nafarroa osoa aztertu dute beren lana osatzeko. Kontuan izan dute, halere, Nafarroako Gobernuak bere esku dituen tresnen bidez lortutako datuek erakusten dutela iparraldeko urek ez dutela nitrogenoak eragindako kutsadurarik. “Ikerketak agerian utzi du legez ezarritako nitrogeno kopuruak ez direla betetzen hegoaldeko hainbat tokitan: Erriberan, Zidakos ibaiaren arroko hegoaldean eta Robo ibaian”. Martinez Aldaiak zehaztu du toki horiek direla Nafarroako Gobernuak nitratoekiko kalteberatzat dituenak, hain zuzen ere. Zehazki, Ebro-Aragoi, Zidakos eta Robo ibaien arroak dira Nafarroako eremu kalteberak nitratoekiko.

Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboari egin diote so NUPeko ikerlariek. Erribera Garaian, adibidez, txerriak esplotatzen dituzten haztegiak dira, batez ere, inguruko ibaien kalitateari eragiten diotenak. “Esplotazio gehien dauden tokiak dira nitrogeno gehien dutenak ere”.

Ibaiak kutsatzen dituen nitrogeno horrek eragiten duen ondorio nagusia da ura oxigenorik gabe gelditzen dela, eta, ondorioz, ibaietan bizi diren arrainak hil egiten dira. “Egunotan hedabideetan ikusi ditugu Mar Menorreko irudiak; arrainak hilik agertu dira. Hor gertatu da nitratoek gora egin dutela; nitrogenoak eta fosforoak gora egiten dutenean, antropizazioa eragiten dute: hau da, algak hazten dira, eta ura oxigenorik gabe gelditzen da. Fauna hiltzen da”.

Martinez Aldaiak erran du Murtziako (Espainia) Mar Menorren gertatu dena “muturreko kasua” izan dela. Baina azaldu du Nafarroan ere gertatzen dela nitratoek antropizazioa eragitea, eta, ondorioz, ura oxigenorik gabe gelditzea eta arrainak hiltzea. Urrian, adibidez, ehunka arrain agertu ziren hilik Corellan, Alhama ibaiko ura hartzen duen putzu batean. Foruzaingoak hartu zuen gertaera ikertzeko ardura, eta hipotesi nagusia zen uraren oxigenorik ezak eragin izana animalion heriotza.

Klima aldaketaren auzia ere mahai gainean jarri nahi izan du Maite Martinez Aldaiak, kontuan hartuta kutsatzaileak asimilatzeko gaitasuna lotuta dagoela ibaien emariarekin. “Ezin dugu ahaztu klima aldaketak eragiten ahal duela gure ibaien ur emariak behera egitea”.

Orain ere, Nafarroan arazoak gertatzen dira udan, batez ere, ibaiek ur gutxien dutenean, alegia. “Udan, ibaietan dauden kutsatzaile mota guztien kopuruak egiten du gora”, erran du Martinez Aldaiak. Ondorioz, erantsi du ibaien eta akuiferoen egoerak okerrera eginen duela klima aldaketari aurre egiteko neurririk hartzen ez bada. Bada, beraz, zer aztertu eta zer erabaki.