Baloikadak ahanzturaren aurka

Baloikadak ahanzturaren aurka

Edurne Elizondo

Bestaren gainetik, aldarrikapena. Osasunako zaleen egunak kutsu berezia izan du aurten, Sadar Bizirik plataformak aukera aprobetxatu baitu 1936an fusilatutako futbol taldeko kideak omentzeko: ehunka pertsonak egin zuten bat, igandean, Iruñeko Burguen plazan, Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Ramon Bengarai, Fortunato Agirre eta Andres Jaso gogoratzeko; eta ez ahazteko, halaber, gorritxoen futbol taldea sortzeko bidean kideok eta altxamendu militarraren errepresioa pairatu zuten bertze anitzek egin zituzten urratsak.

2020. urtean mendeurrena ospatuko du Osasunak. Duela ia ehun urte, 1920. urteko udazkenean, jaio zen taldea, Iruñeko Gazteluko plazan, Kutz izeneko kafean. Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. Sportiva eta New Club taldeak elkartuta sortu zuten Osasuna. Donibaneko zelaia 1922an ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta Iruñeko taldeak, hirugarren mailan. Lehen mailan aritu ziren gorritxoak 1934-1935eko denboraldian, lehendabiziko aldiz. Hurrengo denboraldian jaitsi ziren, berriz ere, zehazki 1936ko apirilean. Zelai barruko arazoak, halere, hutsean gelditu ziren urte horretako udan, uztailaren 18ko altxamendu militarrak eztanda egin eta gero.

Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina Francoren altxamenduak errepresio latza eragin zuen herrialdean, eta 3.500 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Iruñean bakarrik, 298 gizon eta bi emakume hil zituzten. Zerrenda horretan daude Osasunaren historiarekin estuki lotutako lau pertsona: Ramon Bengarai, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti. Igandeko omenaldiak laurak gogoratu zituen, bai eta Andres Jaso ere, Asturiasen (Espainia) gertatutako bonbardaketa batean hildakoa; Osasunako jokalaria izan zen Jaso, 1930-1931ko sasoian.

“Osasun ariketa bat”

“Justizia eta memoria demokratikoko ariketa bat da izen horiek gogoratzea; mahai gainean jartzea beren historiak eta beren ideiak, bai eta beren sufrimendua ere; taldearen izenari so eginez, osasun ariketa bat bada”. Horixe nabarmendu du Nafarroako historialari talde batek, Sadar Bizirik plataformak egindako omenaldiaren harira. Roldan Jimeno, Fernando Mendiola, Patxi Ozkoidi eta Mikel Lakasta historialariek sinatu dute frankismoak jo zituen Osasunako kideak gogoratzeko argitaratu duten testua, Osasunaren Memoria kolektiboko kide Mikel Huarterekin batera.

Memoria astindu nahi izan dute historialariok; eta memoria astintzeko ekinaldia izan zen, halaber, igandeko omenaldia. Ez da izan azken hilabeteotan Osasuna taldeko iraganari so egiteko antolatutako bakarra, gainera. Sare sozialen bidez ere, izan ere, azken hamarkadetako isiltasuna apurtu nahi izan dute Sadar Bizirik plataformako eta Futbola Ere Lapurtu Ziguten ekimeneko kideek. Klubaren mendeurrenarekin lotu nahi dituzte frankismoak hildako Osasunako kideak gogoratzeko urratsak, biktima guztiek eta beren senideek aitorpena jaso dezaten.

“Isiltasunak luze iraun du, eta bada garaia atzean uzteko”, nabarmendu zuten Sadar Bizirik plataformako arduradunek, igandean, Burguen plazan egindako omenaldian. Han izan ziren Agirre, Bengarai, Cayuela, Jaso eta Zilbetiren senideak, eta, haiekin batera, ehunka herritar eta memoria historikoaren esparruan lanean ari diren hainbat talde eta eragile. Sadar Bizirik taldeko kideek argi utzi zuten ez ahaztea helburu hartu duten memoriaren esparruko elkarte horiei esker ezagutzen direla, egun, orain arte ezkutuan egon diren historiak eta istorioak. “Osasunako kideon ibilbideak aztertuz gero, argi dago konpromiso garbia zutela justiziarekin eta askatasunarekin”.

Konpromiso hori gogoratu, nabarmendu eta eskertu behar dela argi dute Sadar Bizirik plataformako kideek, eta bertze zale gorritxo anitzek ere; eta argi dute mendeurrenak emanen duela horretarako aukerarik egokiena. Proposamen zehatza egin diote Osasunari: hildako kideen senideek egin dezatela ohorezko sakea Sadar zelaiko partida batean, mendeurrenaren sasoian. Gorritxoen zuzendaritzako kide Cesar Muniainek zuzenean jaso du proposamena, Burguen plazako omenaldian izan baitzen, igandean. Taldeari dagokio orain hurrengo urratsa egitea. Asteon, Osasunako presidente Luis Sabalzak erran du taldea aukera “aztertzeko prest” dela, hain zuzen ere. Zehaztu du, halere, Ligaren baimena beharko dutela. Taldearen historian parte hartu dutenak gogoratzea “ontzat” jo du Sabalzak, eta Osasuna liburu bat prestatzen ari dela erantsi du. Bertzeak bertze, frankistek fusilatutako kideen bideaz ariko da lan hori, azaldu duenez.

Kartzela eta erbestea

Futbolaren mundua anitz aldatu da, Kutz kafean egindako bileretan lagun talde batek Osasuna sortu zuenetik. Taldearen lehen etapaz gozatu zuten Bengaraik, Agirrek, Jasok, Cayuelak eta Zilbetik; frankisten altxamenduak eta errepresioak hutsean utzi zituzten haien asmo eta proiektu guztiak. Ez ziren diktaduraren indarkeria sufritu zuten bakarrak izan: Osasunako bertze hainbat kide atxilotu zituzten, eta erbestera ihes egin behar izan zuten, bizia salbatzeko.

Osasunako entrenatzaile izan zen Emilio Urdiroz, eta Andres, Rafael eta Filomeno anaiekin espetxeratu zuten. Filomeno fusilatu egin zuten. Kartzelan sartu zituzten, halaber, Osasunako zuzendaritzako kide izandako Francisco Indabe, Federico Rosas eta Carmelo Monzon. Monzonek sei urte eman zituen espetxean, hain zuzen ere.

Vicente Rei Osasunako masajista izan zen. Errepublikanoen esku zen eremura ihes egitea lortu zuen, hasieran. Erbestera atera, baina Gurseko kontzentrazio esparruan itxi zuten, azkenean.

Jokalarien artean ere sasoi iluna izan zen 1936ko altxamenduak eragindakoa. Txomin Meaurio, adibidez, Ezkabako gotorlekura eraman zuten preso, eta sei urtez izan zen han. Juanin Bilbao eta Julian Tell Perez ere espetxeratu zituzten. Osasunako lehendabiziko presidente izandako Eduardo Aizpunek, berriz, erbestera bidea hartu behar izan zuen; taldeko presidenteorde izandako Augusto Bizkarrak ere ihes egin behar izan zuen. Humbelino Urmenetak ez zuen lortu. Atxilotu egin zuten, eta Ardura Politikoen Epaitegiak isuna jarri zion. Urmenetak diseinatu zuen Osasunaren armarria.

Osasunako kideon guztion senideek ere pairatu behar izan zuten frankismoaren errepresioa. Eta, gero, isiltasuna. Ahanztura. Horren aurka egin nahi dute orain zale gorritxoek. Isiltasuna atzean uzteko eta memoria erdigunean jartzeko baloikada eman nahi dute, Sadarren. Ehun urte balio duen sakea eginez.