Iritzia: Gorrotoa, 140 karakteretan

Iritzia: Gorrotoa, 140 karakteretan

Saioa Alkaiza

Zenbat gorroto kabitu daiteke 140 karakteretan? Zerk bultzatu dezake Navarra Suma buru duen Iruñeko Udala elebiduna zen Twitter kontu bat hartu eta bitan zatitzera? Bat, gaztelaniaz (lehengo kontu elebidunak zeuzkan jarraitzaile guztiak bere eginez); bestea, euskaraz (huts-hutsetik abiatuta). Euskara idatzita ere ez ikusteko jendearen eskubidea defendatu nahi du alkate jaunak. Zer-nolako herra izan behar duen pertsonak hizkuntza batekiko, pantailan ere ikusi nahi ez duenean! Zer gara gu haientzat, beste mintzaira bat duten hiri bereko arrotzak ez bagara?

Kapital publikoa liburuarekin eta Jose Luis Otamendiren olerkiarekin oroitzen naiz halakoetan, ehuneko handi samar batean harritu ere ez naizelako egiten zapalkuntzarekin: “Euskaraz bizi nahi izaten dut batzuetan/ ehuneko handi samar batean/ badakit ni ez naizena ez hizkuntza bat/ ez bandera bat ez herri bat:/ ni bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz […]/ ehuneko handi samar batean/ euskaraz bizi naizen euskalduna naiz/ eta batzuetan zeharo harritzen nau/ euskaraz bizi nahi izateko aukera izateak”.

Eta Koldo Izagirrek esan zuen anakronismoa ere badela gure hizkuntza txiki gutxitu hau kulturarako erabiltzea, edo funtsean, agian, besterik gabe, erabiltzea: “Eta arrazoia daukate, neurri batean, euskararen zokoratzaileek: euskarak arrasto handia uzten du, farmazia euskaraz ikasita ez da farmazia bakarrik ikasten, hori da ikasitakoaren zatirik txipiena, kasik./ Beste horrenbeste esan lezake erdaraz ikastera behartzen duten euskaldunak gaztelaniagatik edo frantsesagatik, baina hori onura erantsia da, zabaltasuna eta mundutasuna ematen baitute hizkuntza gailenduek, omen./ Anakronismoa da hizkuntza gutiengotua kulturarako erabiltzea”. Eta anakronikook, hemen gabiltza, dialektika galdua dagoen honetan, gaztelaniazko Twitter kontua segitzeari utzi, eta euskarazkoari klik emanez, halako bataila teknopolitiko batean, analogikoki diglosiko, digitalki elebidun harro.

“Nire hizkuntzak/ jende gutxirekin ulertarazten nau/ gehiagorekin inkomunikatzeko./ Nire hizkuntzak/ gutunak atzeratzen ditu,/ kartzelako patiokoa da”. Idatzi zuen Jon Benitok Bulkada liburuan, eta kartzelako patioko hizkuntza den hau, jartzen dizkiguten barroteen artean biziberritzen dugu, gure hiri buruzagian euskaraz egindako esaldi bakoitzeko.

Kartzelako poemak, Sarrionandia: “Euskaraz solasean hasiz gero/ hara hor funtzionario bat berehala/ ezkutuka gure ondora datorrela./ Ziur ez duela deus ulertzen,/ baina bertan geratzen da zelatan,/ espioi filmetako espioiaren moduan./ Dena dela, guk ez diogu euskarazko/ lehen ikasgaia ere emanen./ Oharkabean bezala dio gutako batek: ‘Emukatup tab kogaid erug naedlakezta ae neztidnufnok nugud…'”.

Imajina ditzaket udaleko Twitter kontuko kudeatzaileak Emukatup tab kogaid erug naedlakezta ae neztidnufnok nugud irakurriz, haserre, deus ulertu ezinda. Eta gu, barrez, jarraitzaile gehiago dituen euskarazko kontuari begira.

Irudia: Ion Orzaiz