Kontsentsua eskatu dute

Kontsentsua eskatu dute

Edurne Elizondo

Kontsentsua. Horixe eskatu du Nafarroako Gobernuak, Belateko tunelen auziari buruz. Nafarroako Parlamentuan aritu da Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ziriza, eta talde guztien arteko adostasuna behar dela berretsi du. 1997. urtean inauguratu zituzten N-121-A errepideko Belateko eta Almandozko tunelak, eta 2004tik, ez dituzte betetzen Europak gisa horretako azpiegituren segurtasuna bermatzeko ezarritako baldintzak.

Orain arte, legez araututakora egokitzeko hainbat aukera eman dizkio Europako Batzordeak Nafarroako Gobernuari. Azken obrak iaz egin zituen: ekainetik azarora, bost hilabetez itxi zituzten tunelak, gai toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jartzeko bi tuneletan. Belatekoan, gainera, larrialdian ibilgailuak gelditzeko bi gune berri egin zituzten.

Obra horiek, baina, ez dira nahikoak izan. Belateko tunelek, oraindik ere, ez dituzte Europako segurtasun neurriak betetzen. Maiatzean amaitu zitzaion auzia konpontzeko emandako azken epea Nafarroako Gobernuari, eta, ondorioz, Europako Batzordeak martxan jarri du isuna ezartzeko prozesua. Hasteko, Espainiako Gobernuari informazioa eskatu dio, tunelen egoerari buruz, eta Nafarroak azpiegitura horietan egin behar dituen lanei buruz.

Zirizak parlamentuan eman du Europatik etor daitekeen isunaren berri. “Europak ezarritako zuzentaraua ez dugu betetzen; hori da kontua. Belatekoak, egun, arrisku handiko tunelak dira, Europako irizpideen arabera, eta neurriak hartzeko beharra daukagu, zabalik jarrai dezaten”, erran du Zirizak. Horregatik eskatu ditu kontsentsua eta adostasuna: Nafarroako Parlamentuan egindako azken agerraldian, gaur egin beharreko bilerara deitu zituen kontseilariak talde guztietako ordezkariak.

Tunelak bikoiztu

Ez da lan txikia izanen Belateko tunelek egungo araudia bete dezaten egin beharrekoa. Nafarroako Gobernua duela hainbat urte hasi zen aztertzen zer aukera zegoen mahai gainean, eta tunelak bikoiztekoa hautatu zuen. “Ikuspuntu tekniko batetik, aukerarik onena da; behin betiko konponbide bat da, gainera”, azaldu du Bernardo Zirizak, parlamentuan.

2014. urtean, tunelak bikoizteko ideien lehiaketa antolatu zuen Nafarroako Gobernuak. Orain bertze urrats bat egin du, urrian iragarri baitzuen Lurralde Kohesiorako kontseilariak oraingoen ondoan bertze bi tunel egiteko proiektua lantzen ari zela jada. Almandozko tunela 1,2 kilometro luze da, eta Belatekoa, berriz, 2,9 kilometro luze. Arazo nagusietako bat da larrialdi irteerarik ez dutela. Ondorioz, Almandozkoak 2,3ko arrisku maila du, eta Belatekoak 3,6koa. 1,5ekoa da egokitzat jotzen dena.

Zabaldu zituztenetik, arazo anitz izan dira Belateko tuneletan. Azken hamabost urteotan, hain zuzen ere, 835 aldiz itxi behar izan dituzte. Bost aldiz luiziek eragin dute tunelak itxi beharra. Azpiegitura horren segurtasuna ezbaian izan da hasieratik.

Tunelak bikoizteko lanak finantzatzeko modua da orain mahai gainean dagoen kontu nagusia. Nafarroako Gobernuak erran du lantzen ari diren proiektuak 105 milioi euroren aurrekontua izanen duela. Bernardo Ziriza kontseilariak zehaztu du gobernuak 2020. urterako aurrekontuetan sartuko duela tunelak bikoizteko obrak egiteko diru saila. Lanak 2025. urterako amaitzea da Lurralde Kohesiorako Departamentuaren asmoa. Lanak finantzatzeko modua adosteko nahi du bilera egin kontseilariak, parlamentuko talde guztiekin.

Tuneletako lanekin lotuta, kontseilaria N-121-A errepidea berritzeko proiektuaz ere mintzatu da parlamentuan. Asmoa da 2+1 bideko errepide bilakatzea. Iazko abenduan, hamar milioi euroren diru laguntza onartu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak obra hori egiteko. Proiektua prest dago, eta, zuzenketak jaso eta gero, hainbat aldaketa egiten ari da orain Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Ingurumen Departamentuak eskatuta, bertzeak bertze, azterketa egiten ari dira ziurtatzeko errepide berriak ez duela faunarentzako bidea erabat itxiko; hau da, azpiegiturak bermatu beharko du alde bateko eta bertzeko animaliek gurutzatu ahal izateko bide seguruak izanen dituztela. Bost zatitan banatuta eginen dituzte errepidea berritzeko lanak.