“Nire diskoan kantu erotiko bat sartu dut; ematen du tabua dela”

“Nire diskoan kantu erotiko bat sartu dut; ematen du tabua dela”

Edurne Elizondo

Herriko musika eskola, Nafarroako Kantu Txapelketa, ETB, Danba taldea… Eta, orain, bakarkako lehendabiziko diskoa: Haize gorri batek izenburuko lana aurkeztu berri du Estitxu Pinatxo abeslari eta musikariak (Bera, 1987), berak sortutako kantekin.

Bakarkako lehen lana duzu Haize gorri batek; nolakoa izan da sormen prozesua?

Urteak daramatzat lan hau prestatzen. Sortze prozesu guztien atzean lana dago, eta patxadaz hartu dut. Diskoan jasotako abestirik zaharrena duela bost urte inguru idatzi nuen. Musika nirea da, eta moldaketak Igor Telletxearen eta Txema Garcesen artean egin dituzte; hitzak, berriz, batzuk nireak dira, eta bertze batzuk, hainbat idazlek eginak. Prozesua polita izan da, baina egia da gauza berri anitz aurkitu dudala. Aurretik parte hartu izan dut hainbat diskotan, baina bakarka aritzean ezustea hartu dut, sortze prozesua amaitu eta gero ere gauza anitz hartu behar direlako kontuan. Ez da bakarrik estudiora joan eta grabatu. Batetik bertzera aritu naiz! Baina bide polita izan da, eta ilusioz egin dut.

Bakarka, oraingoan. Zergatik? Zer errateko?

Hainbat proiektutan aritu naiz kantatzen, baina beti bertzeen musikari ahotsa jarrita. Banuen gogoa nik sortutakoa abesteko. Nire kantak abestu nahi nituen. Hezkuntzan aritzen naiz, eta agian horren ondorioz, edo horrelakoa naizelako, edo nire balioak zabaltzen saiatzen naizelako, nik argi nuen nahi nuela nire abestiek mezu bat izatea; abestea zerbait kontatzeko, eta gizarte gaiak ukitzeko.

Zer-nolako gaiek ukitzen zaituzte?

Gustatu izan zait nire abestietan berdintasunaren gaia lantzea, adibidez; errefuxiatuen auziari ere heldu diot. Gaur egungo gaiak ukitu nahi izan ditut, finean; baina hori egin dut, hainbat kasutan, 1930 edo 1940ko hamarkadetako testuen bitartez.

Zaharrak berri?

Tamalez bai, atzera egin dugu. 1936ko gerrari buruzko Telesforo Monzonen testu bat erabili dut, adibidez. Hemen ez dugu horrelakorik, baina ez dugu urrun joan behar gerra aurkitzeko; zuzenekoetan Gabriel Arestiren Egia bat esateagatik testuan oinarritutako kanta ere abesten dut, eta mozal legearekin lotu daiteke. Ez dugu askatasunik pentsatzen duguna errateko.

Arteak egin behar dio so egunerokoari?

Nik uste dut baietz. Musika adierazteko modu bat da, komunikatzeko tresna bat. Eta hori egiten da ez bakarrik doinu batekin, baita mezu batekin ere. Lotuta daude artea eta gizartea.

Nola hasi zinen zu musikaren esparruan?

Herriko musika eskolan hasi nintzen, txikitan. Akordeoia jotzen hasi nintzen, eta gero pianoarekin. Orain tronboia ere jotzen dut. Abesten beranduago hasi nintzen, 14 urterekin. Nafarroako Kantu Txapelketan parte hartzen hasi nintzen. Musika irakasletza ikasi nuen gero.

Garrantzi handia ematen diozu formakuntzari?

Garrantzitsua da, baina formakuntza hori jasotzeko modu ezberdinak daude. Ez du zertan izan musika eskola batean. Ezagutzen ditut musika eskola batetik sekula pasatu ez diren kristoren musikariak.

Bertzeen musika abesten hasi, eta zure kantak sortu dituzu orain. Erraza izan da jauzia?

Egia erran, sortzaile izateko urrats hori egitea erabaki nuenean, hasieran uste nuen nik ez nuela baliabide nahikorik sortzeko. Banuen bide bat egina musika eskolan, bai eta oholtza gainean ere, baina uste nuen ez nintzela gai izanen. Lagun batek bultzatu ninduen, eta erran zidan ez nuela gitarrarik behar abestiak idazteko.

Musikaren esparruan ere, espazio publikoan gizonak aritu dira, batez ere, orain arte. Horrek izan du zer ikustekorik zure zalantzekin?

Beti uste izan dut emakume nahiko ausarta naizela. Ez dut uste emakume izateak eragin zituenik izan nituen zalantzak, baina egia da erreferente gutxi ditugunean kosta egiten zaigula aurrerapausoa ematea. Azken bizpahiru urteotan, zorionez, emakume anitz agertu dira euskal musikaren esparruan. Uste dut emakumeek elkarri lagundu diotela, elkarri bultzada eman diotela oholtza gainera igotzeko. Argi dago erreferenteak falta zirela, bat agertu denean bertzeak etorri direlako atzetik. Uste dut behar dugula ere emakumeok abesten dugunaren ikuspuntua aldatu.

Zer erran nahi duzu?

Nire diskoan kantu erotiko bat sartu dut, adibidez. Emakumearen ikuspuntutik egindako kantu erotiko bat da. Ematen du, oraindik ere, emakumeok ezin dugula horrelakorik kantatu, tabu moduko bat dela. Egungo emakumeak identifikatuta sentitzea nahi dut kontzertuetara etortzen direnean. Halere, erran behar dut gazteen falta sumatzen dudala kontzertuetan.

Zergatik?

Ez dakit ohiturak aldatu direlako izanen ote den. Uste dut gazteengana musika mota jakin bat ailegatzen dela.

Industriak nahi duen musika mota?

Bai. Nik haurrekin egiten dut lan, eta ikusten dut hori. Nik erraten diet saiatu behar dutela bertzelako erreferenteak bilatzen, entzuten, baina ez dute egiten.

Musikaren arloko hezkuntzan bada zer hobetu?

Bai, haurrek erreferentziak behar dituzte. Eskaini behar zaizkie aukerak. Egun, behin eta berriz entzuten dutena gustatzen zaie.

Dama Beltzak izeneko zure ikuskizunak argi erakusten du zure erreferente nor izan den. Sumatzen da zure diskoan?

Nik, musika entzutean, ahotsak bilatzen nituen. Soul eta blues musika entzuten dut gehien, eta ahotsek badute pisu handia. Ahotsak bilatzen nituen, eta musika beltzean aurkitu nituen. Entzuten dudan arrastoa sumatzen da nire kantetan.