Atzoko itzala, gaurko argia

Atzoko itzala, gaurko argia

Kattalin Barber

Hamar urte. Hamar atxilotu. Auzo bat: Iturrama. Hodei Ijurkoren espetxeratzeak eta hamar urte geroagoko askatzeak markatzen dute Iruñeko auzo horretako garai baten hasiera eta amaiera. Iazko irailean atera zen espetxetik Ijurko, eta, orain, euskal preso politikorik gabeko auzoa da Iturrama. Hamarkada «luze eta iluna» bizi izan du, eta ordutik honako ibilbidea jaso nahi izan du asteon aurkeztu duten Itzaletik argira dokumentalak. «Gure historia, gure kontakizuna eta gure esperientzia kontatu nahi ditugu», azaldu du Iker Araguas proiektuko kideak. Argi du «errepresioarena» izan dela Iturramako azken hamar urteotako historia, baina baita «borroka eta elkartasunaren» historia ere.

«Auzoan pairatu dugun errepresioa sufritu eta gero, uste dugu argira ateratzeko garaia dela», erantsi du. Herri mugimenduko kideekin, presoen senideekin eta kartzelan egondako lagunekin ondu dute Itzaletik argira dokumentala, Ahotsa.info herri komunikabidearekin elkarlanean. Iker Araguas bera da protagonistetako bat. Bederatzi urte eman zituen preso. Miren Zabaleta Iturramako preso ohiaren testigantza ere jaso dute. Premisa batetik abiatu ziren egileak: «Guk ez badugu kontatzen hemen gertatutakoa, ez du inork kontatuko». Haien kontakizuna azaleratzea behar zutela azaldu du Araguasek: «Gure txikitasunetik, baina duintasunetik, gure kontakizunaren berri eman nahi genuen, ahanzturaren txokoan ez gelditzeko». Memoria kolektiboa lantzeko bidean, ikus-entzunezkoa egitea iruditu zitzaien euskarririk egokiena, eta 30 minutuko bideoa osatu dute.

Iturraman hamar urtean gertatutakoa, Euskal Herriko beste edozein herri eta auzorekin alderatuz, ez dela «batere desberdina» argi du Araguasek. Han-hemenka, errepresioak gogor jo zuen gazte mugimendua. Iturraman presorik ez zen 2008an, eta hamar ziren, berriz, 2010ean. Egoera horren atzekoak ulertzeko, Iturramaren iruditegi kolektiboa kontuan hartzea garrantzitsua da, Araguasen ustez: «Iturrama beti pentsatu izan da auzo burgesa dela, UPNren feudoa eta herri mugimendurik gabekoa». Baina, hamarkadaz hamarkada, auzotik eta auzorako lan egin nahi zuten auzokideak hasi ziren antolatzen, «auzoan militatu eta eraldatzeko helburuarekin». Gogoan du Araguasek Iturramako Tximista gaztetxea okupatu eta gero, bereziki, herri mugimendua indartzen hasi zela auzoan. Aldi berean, ezker abertzalea egituratzen hasi zen. Testuinguruak gero gertatutakoa ulertzen laguntzen du: «Iturrama auzoan sortzen ari zen loraldia moztu behar zuten, bertako kide eta gazte konprometituen aurka eginez; egoera horretan atxilotu gintuzten guztiok».

Garai oso gogorrak izan ziren herri mugimenduarentzat. «Erabateko jazarpen poliziala jasan zuen auzoak». Atxilotuetako askok torturak salatu zituzten, eta, denera, 46 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten Iturramako hamar presoei. Sakabanaketa politikaren ondorioak pairatu behar izan zituzten haien senide eta hurbilekoek. Gogoan ditu garaiak Araguasek, eta, esperientzia azaltzeko, Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da liburuko pasarte bat aipatu du: «Ez genekien gerra hain makurra izango zenik, jende guztiaren etxera sartuko zenik, eskailerak igo, atea jo, eta barrura sartuko zela, eta atea jo gabe ere sartuko zela. Horrela hondatu ziren gure bizitza txikiak».

1936ko gerraz ari da Sarrionandiaren liburua; Araguasek uste du, halere, Iturramako azken hamarkadako sentimendua azaltzeko ere balio duela: «Gatazkak gure bizitzak gogor kolpatu zituen arren altxatzen ere ikasi genuela ezin dugu ahaztu, gure bizitzei duintasunez eutsiz». Horixe bera transmititu nahi dute dokumentalarekin. Hamarkada luze horretan, «errepresioa handia» izan arren, «elkartasun sareak» hedatu zirelako, eta bidean ikasi dutelako. «Gogorra izan da prozesua, baina ikasi dugu».

Aurrera begira

Hamar urte luzeren ostean eta Iturramako preso politiko guztiak kalean izanik jada, «aurrera jarraitzeko» asmoarekin daudela ospatu nahi dute. Itzaletik Argira ekimena ez da bakarrik dokumentala; memoria kolektiboa lantzeko eta etorkizunerako auzo egitasmoak aurrera eramateko ere balio izanen du.
Hain zuzen ere, baliatu nahi izan dute hamarkada horretan bizitakoa, eta egun presorik gabeko auzoa dela, aurrera begira jartzeko. «Errepresioak gogor astindu du auzo mugimendua, baina horrela izanik ere, mantentzen dira zeuden oso elementu garrantzitsuak, eta aurrera jarraitu nahi dugu».
Esaterako, azken urteotan Iturramako jaiek izan duten garapena nabarmendu du Araguasek: «Gero eta parte hartzaileagoak dira». Auzokideen artean sare berriak sortzeko eta auzoa biziberritzeko urratsak eman nahi dituzte orain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.