Enaren hegaldia

Kattalin Barber

Badakite udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirela; badakite ehunka emakumek egindako bidea zela; eta badakite zer-nolako lana zen. Halere, oraindik ere galdera anitz erantzun gabe daude Mauleko espartin lantegietara joandako Erronkaribarreko emakumeen inguruan, eta haien istorioak eta esperientziak gorde nahi dituzte. Hara joandako guztiei izen-abizenak jarri, eta haien bizimodua osatu nahi dute. Mugaz gaindiko historia da enarena, eta joan zirenen izenak eta izanak bildu nahi dituzte orain, aurreko mendean Pirinioen beste aldera, Maulera, espartinak egitera lanera joan ziren emakumeak omentzeko.

Asko eta asko izan ziren bizimodua ateratzeko Mauleko espartin lantegietara jo zuten Erronkaribarreko emakumeak. Etxeetan ez zuten bizitzeko adina ere, eta han aurkitu zuten aldi baterako lana. Ez ziren bakarrik Erronkaribarrekoak izan. Zaraitzu eta Aragoiko (Espainia) Echo eta Anso ibarreko emakumeek ere igarotzen zuten urtearen sasoirik luzeena Maulen, lanean.

Gotzon Perez Artutx Bidankozeko Bidankozarte ekimeneko kidea da. Burgiko Kukula eta Izabako Kurruskla elkarteekin proiektua abiarazi dute, Maluta Films ekoiztetxearekin batera, enara izandako emakumeen inguruko testigantzak jasotzeko. Nafarroako berrehun emakumetik gora identifikatu dituzte jada; horietatik, gehienak, Erronkaribarrekoak. Esaterako, Bidankozeko 35 enararen berri izan dute. Perez Artutxek Bidankozeko udal artxiboan murgilduta lortu du informazio gehiago: bertan aurkitu ditu Maulera bidaiatzeko agiriak eta ezkontzeko baimenak ere.

Ainara operazioa deitu diote egitasmoari: “Oraindik ere gehiago jakin nahi dugu, eta enara izandako emakumeen istorio pertsonalak ahal dugun neurrian berrosatu nahi ditugu”, azaldu du kideak. Horretarako, herritarren laguntza behar dute, eta galdetegia prestatu dute datuak lortzeko. Haien argazkiak, gutunak, Mauletik ekarritako objektuak, bitxikeriak eta pasadizoak jakin nahi dituzte, besteak beste. “Herritarrek zer gogoratzen duten jakin nahi dugu, zer kontatu zuten, eta bakoitza denboran kok atu”.

Nerabeak eta gazteak ziren emakume gehienak, eta Maulera bizipoza eramaten zutela kontatzen ohi da. Akaso horregatik, eta udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirelako eta beltzez lan egiten zutelako, deitzen zieten enara. Perez Artutxek adierazi duenez, hiruzpalau urte daramatzate Erronkaribarren hainbat kolektibok enarak omentzen eta haien lana aitortzen. Besteak beste, omenaldiak, mendi ibilbideak eta antzezpenak egin dituzte. Oraingoan “haratago” joan nahi dute eta haien historia berrosatzea da asmoa.

Ahaztu baino lehen

Haiek dakitela, ez da gelditzen enara izandako emakumerik bizirik ibarrean. “Eta bizirik balego, oso zaharra izango litzateke”. Haien oroimena, ordea, oraindik ere bizirik dago herrietan: “Hemengo gehienek ezagutzen dute haien historia eta badute senideren bat bertan aritutakoa; memoria gordetzea, halere, gero eta zailagoa da, eta ahaztu baino lehen gorde nahi dugu”. Enaren haritik tiraka ari dira, memoriak gorde duelako haien historia.

Erronkarin hasi dute egitasmoa, baina helburu dute enarak egon ziren toki guztietara heltzea eta proiektua hedatzea, testigantza gehien jasotzeko helburuarekin. Bildutako guztiarekin, liburua kaleratzea da xedea. Bitartean, ainarak.eus web-dokean bilduko dituzte lortutako lekukotasunak. Egitasmo horrez gain, Maluta Films ekoiztetxea dokumentala prestatzen ari da enaren inguruan.

Sasoiko lana zen espartingintza, baina baziren hainbat urtetan joandako emakumeak. Askotan, ezkondu arte jarraitzen zuten lanean. Oihalak, arropak edo bestelako objektuak erosten xahutzen zuten askok lortutako dirua. “Batzuek, irabazitakoarekin, zapatak erosten zituzten; lehenago bakarrik espartinak edo abarkak zeudelako”, azaldu du Perez Artutxek. Sei edota zazpi urtez jarraian joandako emakumeak ere bazeuden.

Ez ziren, gainera, edozein emakume. Beharrak bultzatuta joan ziren emakumeak Maulera. Mendian barrena egindako ibilbidea ez zen edonolako bidaia. Normalean taldetan bilduta, hainbat bide egiten zituzten, abiapuntu zuten herriaren arabera, Perez Artutxek jakinarazi duenez. Bide horiek guztiek Maule zuten jomuga. Elurraren, ekaitzen eta muturreko tenperaturen ondorioz, Erronkaribarretik Maulerainoko bidea heriotzarako bide bihur zitekeen. Horrelako istorioak jaso izan dituzte ere: “Ekaitzak bidean harrapatu eta pneumoniak jota hil ziren emakumeena, adibidez”, aipatu du.

Beharrak bultzatuta hartu zuten lehendabiziko enarek Pirinioen beste alderako bidea, eta hala jarraitu zuten, 1940. urte inguruan azkenekoak joan ziren arte. Zuberoan industrializazioa zabaltzen ari zen bitartean, Nafarroan lurrari loturiko familiak mantentzen ziren oraindik. Hori dela eta, alde bateko diru beharrak eta beste aldeko eskulan premiak eragin zuten emakume gazteen migrazioa.

Maulen aurkitutako lan baldintzak, gainera, ez ziren batere onak. Mauleko Ikerzaleak taldeak ahalegin handia egin du emakume gazte haien bizimodua ikertzeko, eta 1980ko hamarkadatik ari da informazioa biltzen eta testigantzak jasotzen, hain zuzen.

Lan gogorra zen enarena, eta lanaldiak 10 eta 12 ordu artekoak ziren, jakin dutenez: “Enarak eskulan aproposa ziren Mauleko industriarentzat: kualifikaziorik gabeak, baina trebeak, eta soldata baxuak onartuz”, jasotzen du elkarteak Les hirondelles à Mauléon idazkian. Horrez gain, ostatu hartzeko baldintzak ere “oso prekarioak” ziren.

Irudiak: Ikerzaleak