Iritzia: Azala aldatuz, sugea suge

Iritzia: Azala aldatuz, sugea suge

Lur Albizu Etxetxipia

Olentzerok oparitu zidan Libre diskoa. 2007ko sanferminetan, 14 urterekin ikusi nituen zuzenean lehen aldiz, Ilazkirekin. Uda hartako oporrak Italian pasatu genituen, eta Eskuak/ukabilak iltzatuta daukat geroztik. Bi urte beranduago joan ginen klasekoak Totemera; El Infierniton erosi nituen hamabost pertsonarentzako sarrerak. Geroztik, ondoan geunden kontzertu guztietan lehertu naiz Iratirekin Jaio.Musika.Hil bakoitzean. Berarekin joan nintzen Lodosara. Gezurra esan genien gurasoei, eta Elizondora joan ginen haiek ikustera. Berba ta irudia bakoitzean oroitu naiz Akortekin. Institutura autobusez joaten ginenean, Astraindik Zizurrera egunero entzuten nuen Libre Martarekin. Biribilgunean egiten genuen eztanda (mundua obretan dago, baina guk ez dugu ezer apurtu). Min hau kantatu dut Amayarekin, Andrearekin. GaztEHerrira joan ginen, lehen aldiz, Sara, Andrea, Ane eta laurok.

Euskal Herria zeharkatu dut kideekin Denbora da polígrafo bakarra entzuten, kantuen esanahiaz konspiratzen. EHZ ezagutu dut. Jon Kepak lortu zidan Altsasuko sarrera. Sanferminetako txandetatik korrika joan naiz Kobetamendira, Urtasun eta Edurnerekin oihu, barre eta negar egitera. Baimenik ez manifen ondoren Sols el poble salva el poble jarri genuen.

Lagunekin autoan egindako lehenengo bideetako bat egin genuen Tafallara, Andrea, Ane eta Edurnerekin. Oihu entzun dut Oihaneren bertsioan. Ezagutu ditut haiei esker Redemption song, Kids, Knightcall. Katamalo, Peiremans. Paularekin imajinatu dut nolakoa izanen litzatekeen Berri Txarrak zaharrak garenean elkarrekin ikustea. Ihes egin dezagun urrutira, amesten duzunetik bi metrora. Eta akatu ditzagun erlojuak hondarretan ito arte, idazten genion elkarri Rakel eta biok. Maravillasengandik gertuago sentitu naiz Ibirikun. Ez dadila haria eten, idatzi zidan argazki baten atzean Liernik. Irati eta Iruneren begiradak bilatu ditut Katedral bat bakoitzean. Bizitzak oparitu dizkidan kide berezienekin egin dut Madrilera ordu gutxitako bidaia, piztiaren bihotzera, Eraitz eta Mikelekin metroan topatu eta bizitzaz mozkortzeko. Iraitzekin eztabaidatu dut esaldirik onenaren inguruan. “Autonomotan” jarraitu dut gaua, Zentralen posible zena baino gehiago edan ondoren (geroztik jakin nahi nuke maitasuna zer den zuretzat). Marinarekin ikusi nahi nituen Bartzelonan. Autoan Breytenekin maitemindu naiz, Leonor Maritxalarrekin abestu dut Lotsarik gabe. Aski dela esateko, Ukabilak; elkarrekin sentitzeko, Eskuak. Kantatu dut Viana tabernan Ez. Jonekin abestu dut Hutsa ta doblia.

Erabaki beharrak ito nauenetan, lasaitu egin nau FAQek. Amorrua askatu dut beste askorekin: Betiko leloaren betiko leloa, Biziraun, Zirkua, Pintadek, Ez dut nahi, Sed Lex, Albo kalteak, Onak eta txarrak, Emazten fabore II, Kezkak… Helduleku guztiak erori zaizkit. Imajinatu dut zelda hori, “eroria burrukara” hormako pintaketa.

Gure jainko ateoak izan zarete. Gure bizitzaren soinu-banda, tantaka etorri eta balio berriak eta zaharrak ekarri dizkiguna. Euskal Herria munduratu duena. Batez ere, euskaraz sortu duen taldea, euskaratik hitz egin eta euskara erdigunean jarri duena. Belaunaldi batzuen ispilua, eredua. Ez dadila haria eten eta ez gaitzala nostalgiak harrapa. Etorriko dira bisaia berriak. Guztiak izanen dira beharrezkoak. Ikusi arte, Berri Txarrak! Plazera izan da.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku