Maria Txibitek ez du inongo asmorik Carlos Gimeno kargutik kentzeko. Nafarroako Gobernuko lehendakariak argi utzi du gaur, parlamentuko osoko bilkuran, «oso harro» dagoela Hezkuntza kontseilariak departamentuan eginiko lanaz: «Kudeatzaile akreditatua da, eta politikari konprometitua hezkuntzako zerbitzu publikoarekin. Argi dauka eskola publikoa dela gure hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea, eta hala izaten jarraitu behar duela», esan du Txibitek, PPko eledun Javier Garciaren galderei erantzunez.
Are, lehendakaria «oso harro» dago Gimeno kontseilariak urteotan Hezkuntza alorrean ezarri dituen «aurrerabideez»: «Nafarroako hezkuntza eredugarria da, eta alor askotan, erreferentziazko sistema da Espainian. Herritarrek hobekien baloratutako zerbitzu publikoa da. Gatazkak ere izan ditu, noski, baina egoera ez da zuek aurkeztu duzuena: existitzen ez den kaos bat islatu nahi izan duzue», aurpegiratu dio PPko legebiltzarkideari. Horregatik, «esperantza oro galtzeko» esan die gobernu barruan krisia areagotzeko ahaleginetan dabiltzanei: «Nafarroa ez da labainduko PPk gobernatutako erkidegoen labarrean behera. Gimeno kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak ez dute hezkuntza publikoa deseginen, eta ez dituzte pribatizatuko ez Lanbide Heziketa, ez Batxillergoa, ezta unibertsitate sistema ere».
«Gobernuak aurrera eginen du»
Itunpeko ikasgelen itxierak sortutako krisiari buruz, Txibitek esan du «neurriz kanpo hazitako egoera bat» izan zela, baina gobernuari eusten dioten taldeek asmatu dutela «urak bere bidera ekartzen». 2023ko itun programatikoa «indarrean» dela berretsi du lehendakariak, eta legealdia agortzeko borondate osoa agertu: «Aurrera eginen dugu, gurea delako funtzionatzen duen proiektu bat, eta batez ere, ez dagoelako beste alternatibarik».
Txibitek gaineratu du Nafarroa dela «pluraltasunaren adibide garbiena», eta bere gobernua jarri du adibidetzat: «Koalizioen koalizio bat da, eta gutxiengoan dago parlamentuan, baina, hala ere, 189 ekimen legegile atera ditugu aurrera».
