“Maite dut gertatzen dena kontatzea, kamera baliatuz”

Edurne Elizondo

Afiziotik ailegatu da Adolfo Lakunza Eguaras (Uharte, 1956) argazkilari ofiziora. Prentsaren esparruan egin zituen lehen urratsak, baina, Navarra Hoy egunkarian sei urtez aritu eta gero, bere kabuz hasi zen. Profesionalen irizpidea eta beren begirada kritikoa aldarrikatu ditu.

Zer-nolako parlamentua erakusten du prestatu duzuen erakusketak?

Duela bi urte egindako erakusketaren segida da oraingoa, 40. urteurrena ospatzeko. 2017an, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak erabaki zuen Iruñetik kanpo ere egitea bere bilerak, eta herriz herri joateko erakusketa bat prestatu genuen, parlamentuari buruzkoa. Orain, erakusketa hori osatu dugu; aurretik egindakoek zuten kutsu instituzionala bazter uzten saiatu gara, parlamentuak gero eta irudi gehiago erakusten baitu bere eguneroko jarduerari buruz.

Eguneroko hori islatu nahi izan duzue?

Bai. Parlamentuak egindako ekitaldiak erakutsi ditugu, bai eta parlamentuan gertatu diren hainbat gauza ere: protestak, tentsio uneak… Eguneroko hori da parlamentuaren atzean dagoen benetako errealitatea.

Parlamentariek duela berrogei urte baino garrantzi handiagoa ematen diote orain irudiari?

Erakusketa osatzeko, lehendabiziko parlamentarien irudiak sartu ditugu, erakundearen lehen etapa horretan sakontzeko. Garai horretan, hain zuzen, parlamentariek nork bere argazkia ekartzen zuten kargua hartzen zuenean. Horiek eskaneatzen aritu naiz erakusketa osatzeko. Batzuen argazkirik ez genuen, eta fotokopiak ere erabili behar izan ditugu. Argi dago oraingo egoera hagitz bertzelakoa dela. Halere, nik uste dut erakusketak duen gauzarik garrantzitsuena dela argazkiari ematen diola benetan duen balioa. Argazkia da gure historiaren lekuko. Balioa eman nahi izan diegu historia hori kontatzen diguten argazkiei. Are gehiago, egun, gure lana hain zaila denean.

Zergatik?

Egun hagitz zaila da karrikan jendearen argazkiak egitea. Bertzeak bertze, irudi eskubideen ondorioz. Kontua da eskubide horiek ustezko lehen mundu honetan ditugula, baina ahaztu egiten zaizkigu hemendik ateratzen garenean, eta bigarren edo hirugarren mundutzat jotzen diren horietako jendearen argazkiak egiten ditugunean. Orain gertatzen denaren hemeroteka sare sozialak izanen dira.

Egungo sakelako telefonoek edonor bilakatu dute argazkilari?

Argazkilari ez: irudi biltzaile. Ez baita gauza bera.

Argazkilarien lanari ez zaio duen balioa aitortzen?

Argazkilari profesionalon lana ez da kontuan hartzen, ez da errespetatzen, eta ez zaio baliorik ematen. Eskandaluzkoa da egoera hori, eta mingarria guretzat. Niretzat mingarria da. Afiziotik ailegatu naiz ni argazkilari ofiziora, eta kontua ez da argazkiak gustuko ditudala: kontua da gertatzen dena kontatzea maite dudala, nire argazki kamera baliatuz. Argazki batek gauza anitz erraten ahal ditu. Irakurtzen jakin behar dugu, eta, jakina, idazten ere bai. Argazki baten atzean dago lanbide bat agerian uzten duen lana, eta lan horren funtsezko elementuetako bat da kritiko izateko gaitasuna, irizpide bat izatea. Horrek, noski, ez du zer ikustekorik sakelako batekin momentu batean argazkilari ez den edozeinek egiten duen argazkiarekin.

Navarra Hoy egunkarian hasi zenuen zure bidea. Parlamentuarentzat noiz hasi zinen lanean?

Navarra Hoy egunkarian nintzenean hasi zen parlamentuarekin oraindik dudan harremana. Parlamentuak inoiz ez du bere argazkilaririk izan. Egiten zituen ekitaldi bakarretarako hiriko hainbat argazkilariri deitzen zien. Behin, nik egindako argazki bat eskatu zidaten, eta, hortik aurrera, tarteka deitzen zidaten argazki bat edo bertze egiteko. Parlamentuko argazki guztiak egiten ditut orain. Parlamentuan ere, orain konturatu dira ez dutela artxibo on bat. Lehen ez zioten garrantzi handirik ematen.

Egoera aldatu da?

Bai; urratsak egin dira legegintzaldiz legegintzaldi. Jose Luis Castejonekin egin zen zerbait; bisitak heldu zirenean ateratzen genituen argazkiak. Lola Egurenekin ere bai. Egoitza berriko lehen harria jartzeko, ekitaldiko argazkia egin nuen, eta obren berri ere eman genuen. Legegintzaldi batetik bertzera nabarmen egin du gora egindako lanak. Rafael Gurrearekin gauza gutxi egin genituen, baina, gero, Elena Torresekin, webgunea jarri genuen martxan. Alberto Catalanekin hasi ginen osoko bileren argazkiak egiten, eta parlamentari guztien irudiak zabaltzen.

Harreman ona dago parlamentarien eta argazkilarien artean?

Bai, hagitz ona. Gure lana da zer gertatzen den kontatzea, eta hori egiten dugu. Erran beharra dago gure parlamentuan argazkilariok askatasun handia dugula toki batetik bertzera mugitzeko. Parlamentariei ahaztu egiten zaie han garela ere.

Hasieran, egunkari batentzat egiten zenituen parlamentuko argazkiak; orain, berriz, erakunde horrentzat. Aldatu da anitz zure lana?

Bai. Halere, profesional gisa, argazkilariok beti saiatu behar dugu ahalik eta zintzoen jokatzen.

Parlamentarien argazki anitz egin dituzu; alde handia dago haien artean kameraren aurrean direnean?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuek keinu anitz egiten dute, eta, edozer gauza erraten dutela, argazkietan berez dutena baino irudi gogorragoa ematen dute. Argazki anitz egin behar ditugu egokia den bat edukitzeko.

Nor da horrelakoa, adibidez?

Javier Esparza, adibidez. Uxue Barkosi argazkiak egitea ere zaila da hitz egiten duenean. Bertzalde, osoko bilkurak antzekoak dira, eta beti saiatu behar dugu angelu ezberdin bat bilatzen, edo zerbait ezberdina egiten. Irakurtzen duten parlamentariak, adibidez, ez ditugu gogoko argazkilariok, ez direlako batere aproposak argazki ezberdin hori lortu ahal izateko.

Eta nor duzue gogoko, adibidez?

Unai Hualde, adibidez. Lasai aritzen da. Argazkilariok, halere, mugimendua maite dugu. Paperak ateratzen dituenaren edo bertzeak seinalatzen dituenaren argazkiak egitea errazagoa da.

Ikuspuntu estetiko batetik, anitz aldatu da parlamentua?

Bai, anitz. Pentsa, lehen osoko bilkuretan ere erretzen zuten parlamentariek! Arropak ere anitz aldatu dira. Lehen, gizon parlamentari gehienek trajea janzten zuten; orain, ez. Eta lehen dena zuri-beltzean egiten genuen, eta orain koloretan

Parlamentuan, eta handik at, kamera beti lagun. Ez zara nekatu?

Lan on bat utzi nuen argazkilaritza ikasteko, beti izan nuelako gustuko. Irakasle gisa ere aritzen naiz orain, eta, parlamentuarentzat ez ezik, bertze hamaika bezerorentzat egiten dut lan. Navarra Hoy utzi nuen argazkien arduradun izatea eskaini eta gero. Beti gauza bera egiteaz nekatu nintzen, eta nahi nituen gauza berriak egin. Horretan aritu naiz azken hamarkadetan. Gaur arte.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku