«Beriainen garaian Iruñeko ‘jet-set’-ak euskaraz egiten zuen»

«Beriainen garaian Iruñeko ‘jet-set’-ak euskaraz egiten zuen»

Euskal filologiaren «frikitzat» jo du bere burua Ekaitz Santaziliak (Iruñea, 1987). Joan Beriainen kristau-dotrina (1626). Edizio kritiko konparatua izenburuko liburua aurkeztuko du gaur Iruñean, Beriainen lanari buruzko erakusketarekin batera. Euskaltzaindiak prestatu du. «Badakit ez dela bestseller bat izanen», aitortu du, umorez. Nabarmendu du, halere, ikerketarako bideak zabaldu nahi dituela, eta ikerlariei lanabes bat eman.

Laurehun urte igaro eta gero, zer erran daiteke, boteprontoan, Beriainen liburuari buruz?

Lehen euskal liburu inprimatuetatik bat Nafarroakoa dela. Horren aurretik ez dago euskarazko liburu askorik. Horregatik, ospatzekoa da laurehungarren urteurrena. Garai hartan ez zen batere erraza euskarazko liburu bat argitaratzea. Ez genuen ortografia baturik, ez euskara baturik ere; lan hori hartzeak bazuen plus bat edozeinentzat. Batez ere, eredurik ez zegoelako. Utergako apaiz batek lan hori hartu izana nabarmentzekoa da.

Euskararen defentsa egiteko baliatu zuen liburua, gainera. 

Dotrina irakastea da liburuaren helburu nagusia, baina euskarari bere tokia ematea ere bai. Beriainek elizbarruti osorako liburu bat nahi zuen: lanabes bat sortu nahi zuen apaizentzat. Dotrina bat egin zuen horretarako, euskaraz eta gaztelaniaz. Beriainek argi uzten du gure berezko hizkuntza euskara dela.

Garaiko errealitatea ere islatzen du dotrina euskaraz eman nahi izateak, ezta?

Dudarik gabe. Uterga oso herri euskalduna zen. Beriainek etxean ikasi zuen euskaraz. 1621ean beste liburu bat argitaratu zuen, eta garbi azaldu lan hartan Iruñeko euskaraz idatzi nahi zuela, hura baitzen hobekien ulertzen zena. Iruñea orduan oso gune euskaldun inportantea zen, egiazko hiri bat. Ondoko mendeetan, euskara herriekin eta baserriekin lotzen dugu beti, eta hemen gizarte urbano bat dugu, orduko Euskal Herriko gizarterik urbanoena, esanen nuke. Iruñeko euskarak bazuen prestigioa, eta Iruñeko jet-set-ak euskaraz egiten zuen.

Zure liburuan, euskarazko eta gaztelaniazko dotrinak osorik jaso dituzu lehen aldiz. Zer asmoz?

Ale bakarra ailegatu zaigu orain arte. Argitaratu izan da euskarazko partea, baina ez osorik. Eta testu nagusitik kanpo dauden testuak ere zatika baino ez dira eman. Horri buelta eman nahi izan diogu, eta liburua osorik argitaratu, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko eta gaztelaniazko testuak ere lehen aldiz konparatu ditut, eta oso gauza politak atera dira.

«Dotrina irakastea da Beriainen liburuaren helburu nagusia, baina euskarari bere tokia ematea ere bai»

Zer-nolako gauzak?

Aipatzekoa da, adibidez, ez direla bata bestearen itzulpen leiala. Edizio kritiko batek ikerketarako bideak zabaltzen ditu, eta susmoa dut Beriainek jakin zuela hizkuntza baten eta bestearen tradizio kateketikoa kontuan hartzen, eta aintzat hartu zuen batzuek eta besteek zer behar zuten. Egitura aldetik ere ez dira berdinak, eta ezberdintasun horiek interesgarriak dira. Zalantzazko kontuak ere badira.

Zer gisakoak?

Labaienek inprimatu zuela uste izan da, baina liburuak ez du azalik. Hor agertu ohi da inprentari buruzko informazioa. Nik iradokitzen dut agian ez zuela Labaienen inprentak argitaratu. Zalantzak badira, bestalde, datari buruz ere.

Ez zuten 1626an kaleratu?

Badakigu liburua 1621-1622rako prest zegoela. Agian ez zen 1626an argitaratu, akaso geroago. Baimenak 1626an eman zitzaizkion, baina ez dugu argi urte berean argitaratu zen. Izenburua ere ez dago argi, azala falta baita. 

Oraindik bada zer ikertu, beraz?

Bai, gero eta gehiago dakigu euskaren historiari buruz, zorionez, eta gero eta jende prestatuagoa dugu. Lan hau, beraz, lanabes bat da.

Erronka bat da herritarrak gisa horretako lan batera hurbiltzea? 

Zaila da halako gauzak, XVII. mendeko dotrina bat, gizarteratzea. Argi dugu ez dela bestseller bat izanen. Eta ez da beharrik, gainera. Erakusketa antolatu dugu, ale bakarra baitugu, eta hura erakutsi nahi dugu, Nafarroako Artxibo Nagusian egon arren jabego pribatukoa baita. Azaroaren 16tik 22ra izanen da. Hitzaldi bat ere prestatu dugu, eta azaroaren 18an eginen dugu.

«Jende oso interesgarria ezagutu dut jada Euskaltzaindian; plazera izanen da haien bidaide izatea euskaltzainek hala nahi badute»

Eta nola piztu daiteke euskaldun gazteen interesa?

Liburua filologoentzat eta hizkuntzalarientzat da, batez ere. Iruñean, halere, dibulgatzaile onak ditugu. Uste dut orain Iruñean badela mugimendu kultural oso interesgarri bat gazteen inguruan, eta uste dut lor daitekeela gisa honetako liburu bati etekina ateratzea.

Azaroaren 27an bozkatuko dute euskaltzain oso izateko zure hautagaitzari buruz. Urduri?

Ikusiko dugu zer gertatzen den bozketan. Ni kontent nago hautagaitzarekin, noski. Jende oso interesgarria ezagutu dut jada Euskaltzaindian, eta plazera izanen da haien bidaide izatea euskaltzainek hala nahi badute.

Akademiatik at, NUPen ere ari zara, maisu-maistra izateko prestatzen ari direnen irakasle. Zer ardura dute euskararen normalizazioan?

Kezka bat dut. Euskara maila lotuta dago jendeak duen interesarekin. Ez da nahikoa D ereduan ikastea. Interesa izan behar duzu euskaldunekin mintzatzeko, irakurtzeko… Ikasleei esaten diet ardura berezia dutela, ez direla hiztun soilak… Interes hori piztu behar da.