Iritzia: Nola egin lurra herri

Amets Aranguren Arrieta

Unibertsitate ikasketak egin nahi izanez gero, Logroñora edo Euskal Herrira begira jartzea erabaki behar du Jonek, Moretako gazteak. Berdin bere inguruko askok. Ni bezain despistatua baldin badago zuetako inor, Moreta Laguardiatik (uno de los pueblos más bonitos de España) hogei bat kilometrora dagoen herria da, Arabako Errioxan dagoena. Behin ikasketak bukatuta etxera itzuli eta lanean hasi nahi duenak ez du aukera handirik izanen.

Ardoa da Arabako Errioxako errege, eta turismoa du horrek mirabe. Tabernetan eginen dute lan etxean geratuko diren gazte askok. Aldi baterako lana, aparteko orduak, prekaritatea… Arkaitzek esanen lukeen moduan, “ez digute aukerarik ematen aukeratzeko”.

Sestaotik mintzo da Arkaitz. “Ez da erraza Ezkerraldean gazte izatea. (…) Ni ez naiz lanaren esklabo izateko jaio”, dio. Enplegugabezian batzuk, lan prekarioetan beste zenbait eta, horien artean, plurienplegatuak. Asko eta asko egoera hori ikasketekin uztartzera behartuak.

Plurienplegua ikasketekin uztartu eta, hala eta guztiz ere, alokairua pagatzeko dirurik ez. Bitartean, Alduden, bost etxetatik bat hutsik.

AIBA (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina) elkarteko kide da Maika duela zenbait urte. Etxe huts asko dago ibarrean, baina ez gazteek bertan bizi nahi ez dutelako. Etxe gutxi batzuk dira salgai direnak eta, gutxi horiek, oso kario.

“Baski, baskoi” esaten zioten Marttari autobusean, ikastolara bidean zela. Gurasoen belaunaldian, etxean euskaraz egitetik eskolan frantsesez egitera pasatzen ziren haurrak.

Euskaraz kantatzen du Ibaik Irunberritik. Arraro eta mimatu sentitu izan da aldi berean. Horrez gain, herritar asko nostalgia musikalean bizi dela aipatu du. 80ko hamarkadan musika euskaraz egitea arrunta iruditzen zaigu. Gaur egun trapa euskaraz egitea, aldiz, euskal kulturari labankada bat ematearen parekoa.

Tutera ez da berdea. Tutera ez da euskalduna. Tutera ez da Euskal Herriaren argazki kanoniko eta normatiboa. Baina Tutera Euskal Herria da. Guraso eta seme-alaba erdaldunen begirada eta hitz ez sobera politak entzun behar izan ditu Edurnek, Tuterako gazteak. La cuadrilla de las borrokas esaten zioten bere ikastolako lagun taldeari.

Dokumentala bukatu eta argiak piztu dituzte Tuterako Letras a la Taza liburu dendan. Tuterako neska gazte batek hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie dokumentalaren egileei Tuteran estreinaldia egiteagatik, baina gehitu du hori “periferietatik at” dagoen Euskal Herriari erakustea litzatekeela xede.

Nik orain badakit Arabako Errioxan badela gazte mugimendu euskaldun eta feminista, Amikuzen urtero hartzen dela plaza euskaraz inauterietan, Euskal Herri ez hain berde eta ez hain euskaldunean Erribera Intsumisoa etengabe lanean ari dela, AIBA elkartea ibarra berpizten ari dela, Ezkerraldeko langileria gaztea ez dagoela geldi, eta Irunberritik euskaraz kantatzen dela, egunen batean, agian, trapa.

Iruñetik, hain periferia ez den txoko honetatik, mila esker, Topatu; mila esker, Zizelkariok.

Irudia: Topatu