Nafarroako foru erkidegoak duen erronka nagusietako bat «integrazioa» dela ohartarazi du Patxi Vera arartekoak. Horiek horrela, «errespetutik eta bizikidetzatik integrazio sozial eta ekonomikoaren alde» irmo lan egiteko eskatu du, baita kultura aniztasunaren alde ere. «Kontua ez da bakarrik batek bestea toleratzea, baizik eta elkarrekin gizarte anitzagoa, kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzea», baieztatu du.
Patxi Vera arartekoak urteko txostena aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean. Hark azpimarratu du foru erkidegoan jarduera ugari egiten direla gizarteratze arloan. Horien artean, ikastetxe askotan egiten diren kultur aniztasunari buruzko asteak nabarmendu ditu Verak, haurrek eta nerabeek beren ikaskideen jatorria eta ingurua hobeto ezagutzeko helburua baitute. Gizarte, kultura eta kirol izaerako egitasmoak ere aipatu ditu: «Lan bikaina egiten da horietan». Baina, deitoratu duenez, «gizarteak ia ez daki ezer horiei buruz, ez baitute hedabideen interesa pizten».
Nafarroako arartekoak zera uste du: «Benetako integrazioan aurrera egiteko modurik onena tokian tokiko egitasmo txiki horiei guztiei behar besteko babesa ematea da, egindako lanaren arrakasta erakusten baitute». Horiek ezagutzera emanda, beste batzuk sor daitezkeela nabarmendu du Verak.
«Behin eta berriz kontrakoa esan arren, jendea atzean uzten ari gara. Horren jakitun izan behar dugu eta gehiago egin eskubide sozialen benetako aplikazioaren alde»
PATXI VERA Nafarroako arartekoa
Hala ere, esperientzia positibo horiek gorabehera, eta «behin eta berriz kontrakoa esan arren», gizartea jendea «atzean uzten» ari da, arartekoaren arabera. «Horren jakitun izan behar dugu eta gehiago egin eskubide sozialen benetako aplikazioaren alde», ohartarazi du.
Veraren ustez, «beharrezkoa da gehiago egitea eta, ziurrenik, zerbait desberdina egitea, desberdintasunaren aurkako borrokaren emaitzak hobetzeko eta foru erkidegoko pertsonen eskubideen babesa indartzeko». «Nahiz eta, aurten ere, Nafarroa estatu osoan bizi kalitate handiena duen erkidegoa dela aintzatetsi, desberdintasunen arrakalak gora egiten jarraitzen du, eta, beraz, ezin gara daukagunarekin konformatu», esan du.
13.306 pertsonari arreta
Txostenaren emaitzak bultzada horren beharra agerian utziko luke: arartekoak 5.654 jarduketa jaso zituen iaz, aurreko urtean baino %19,7 gehiago. Guztira, 13.306 pertsonari egin zien arreta: horietatik %58,3 emakumeak izan ziren eta %41,7 gizonak.
Jasotako jarduketen artean, besteak beste, 3.299 kontsultari erantzun zien eta 2.028 kexa kudeatu zituen. Horrez gain, 31 bitartekaritza espediente izapidetu zituen; baita ofiziozko hemezortzi jarduketa ere. Nolanahi ere, ikertutako kexetatik 683 espediente administrazioen aurrean herritarrek egindako eskaria konponduz edo onartuz amaitu ziren.
Artatutako pertsonen gogobetetze maila 10 puntutik 8,16koa izan zen, txostenak jasotzen duenez; eta %89k beste pertsona batzuei arartekora jotzea gomendatuko liekete.
1
Gizarte ongizatea
Gizarte ongizateari lotutakoak izan ziren kexa gehienak: 284, 2024an baino %53,5 gehiago. Bereziki, mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaron beharreko denborarekin zeuden kezkatuta herritarrak, «urte eta erditik gorako atzerapenak gertatzen baitira». «Horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira, urtero agerian geratzen den arazoetako bat baita», adierazi du Verak. Mendekotasunaren balorazioaz gain, beste laguntza batzuk jasotzeko zailtasunei buruzko kexak ere aurkeztu dituzte nafarrek; hala nola, errenta bermatuarekin, bizitzeko gutxieneko diru sarrerekin eta adinekoen arretarekin loturikoak.
2
Osasuna
2024tik 2025era, %31,3 areagotu dira osasunarekin lotutako jarduketak: iaz 264 kexa jaso zituen arartekoak. Arlo honetan, itxaron zerrendek, lehen mailako arreta jasotzeko itxaronaldiek, osasun mentaleko zerbitzuak, larrialdiek eta espetxeko arretak eragin dute haserre gehien.
3
Hezkuntza
Hezkuntza arloan, berriz, 2024an beste kexu jaso zituen iaz: 124. Aztertutako gaien artean, hauek daude: eskola garraioa eta jantokia, onarpen prozesuak, atzerriko tituluen homologazioa, LHko praktikak, premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta, eta bizikidetza arazoak eta eskola jazarpen kasuak. Azken gai horri dagokionez, «arazo horri heltzeko urratsak» ematen ari direla gogorarazi du Verak. Hala ere, arartekoak uste du beharrezkoa dela neurri horiek areagotzea: «Ezin dugu onartu emakume gazte bat bere buruaz beste egitera eraman dezaketen egoerak gertatzen jarraitzea, aurten gertatu den bezala».
4
Etxebizitza
Etxebizitza arloan, 102 kexa jaso zituen iaz, 2024an baino %15,9 gehiago. Arartekoak nabarmendu duenez, nahiz eta gai hau lehenengo postuetan ez egon, «arazo handia da bere ondorio pertsonal eta sozialengatik». Ildo horretan, Verak ohartarazi du pilaketa arazoak, etxebizitza bat alokairuan lortzeko zailtasunak eta kolektibo jakin batzuekiko diskriminazio egoerak ematen ari direla. Horrek guztiak osasun mentaleko arazoak sortzen ditu: «Zaildu egiten du heldu askok lan egin ahal izatea eta, adingabeen kasuan, eragina du eskola errendimenduan».
5
Alderdien adierazpenak
Arartekoaren azalpenen ostean, alderdi politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Oro har, erakunde horrek egiten duen lana goratu dute EH Bilduko Irati Jimenezek, Geroa Baiko Javier Ollok, PPNko Irene Royok eta PSNko Arantza Biurrunek. Azken horren arabera, «administrazioek ondo tratatzen ez dituztela sentitzen duten pertsonen ahotsa» da. Zurekin-eko Miguel Garrido «kezkatuta» azaldu da, gizarte eskubideen inguruko kexek gora egin dutelako. Azkenik, UPNko Javier Esparzak zera aurpegiratu die Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiei: «Arartekoak aurkeztutako datuak zuen politiken ondorio dira».
