Kalean, baina bizirik

Uxue Rey Gorraiz

Urtebete joan da. Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideek gogora ekarri dute Nafarroako Gobernuak aurreko urtearen hasieran eraikina hustu zuenekoa. Helburu horrekin, elkarretaratzera deitu zuten iragan den ostegunean, eta lagun mordoa agertu zen babesa ematera.

Iazko urtarrilaren 8an sartu ziren foruzainak gaztetxean, ikuskaritza teknikoa egin behar zutela argudiatuta. Ordu txikietan hustu zuten eraikina, barrenean inor ez zegoela aprobetxatuz. Agindua, jakina, goragotik heldu zen: Iruñeko Instrukzioko 4. Auzitegiak eman zuen, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuak eraikina ikuska zezan, haien esanetan, “segurtasun neurriak” zirela medio. Eraikinera indarrez sartu, eta barreneko materiala eraman zuten. Hura salatzeko eta gaztetxeak bizirik dirauela aldarrikatzeko bildu dira berriki gazteak Nabarreria plazan. Kalean, porlanez itxita baitago jauregiko atea iaztik.

Gazteek orain urtebeteko argudio berari eutsi diote. Haien ustez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen ikuskatzeko beharra “aitzakia hutsa” izan zen, eta sinetsita daude horren atzean “gaztetxea hustu nahia” besterik ez zegoela. Hilabete korapilatsua izan zen iazko urtarrila, baina, tirabira hainbaten ondotik, Maravillas gaztetxea ixtea lortu zuen Nafarroako Gobernuak. Gaur egun gaztetxekoek ez dute eraikinean sartzerik, baina kalean jarraitzen dutela aldarrikatu dute ozen: “Ez gara desagertu”.

2017ko irailaren 3an okupatu zuten gazteek Rozalejoko markesaren jauregia lehenbiziko aldiz. Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa da eraikina, baina urteak zeramatzan hutsik ordurako. Gobernuak salaketa jarri zuen, eta akusazio partikular bilakatu zen 2018ko uztailean. Handik hilabetera, abuztu hartan, foruzainek gaztetxea hustu zuten, Espainiako Poliziaren laguntzaz. Protestak izan ziren biharamunean gaztetxearen ingurumarietan, eta istiluak izan ziren Poliziarekin. Dozenaka zauritu izan zirela salatu zuten gazteek, Polizia borrekin oldartu baitzitzaien. Arratserako, ordea, berriz okupatu zuten gaztetxea, iazko urtarrilera arte.

Maravillas gaztetxeko kideen eta instituzioen arteko tentsioak bizirik jarraitzen du ordutik, eta negoziazioetan ez dute erdietsi ados jartzea. 2018ko abuztuan foruzainek jauregia hustu zutenean, 22 lagun identifikatu zituzten, eta, urtebete baino gehiago esperoan igaro eta gero, 2019ko urrian izan zuten epaiketa, udazkenera atzeratu baitzuten berez maiatzerako aurreikusita zegoen zita. Epaiketan, denak absolbitu zituzten, azkenean, “froga faltagatik”. Magistratuak adierazi zuen ez dagoela froga nahikoa auzipetuei zigorra ezartzeko. Ondotik, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ez zuela helegiterik jarriko, epaiketa galdu izanagatik ere.

Memoriaren etxe

Rozalejoko markesaren jauregiaren etorkizuna notizia izan da berriz ere azken egunotan. Joan den astean, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok bere departamentuaren plan estrategikoa aurkeztu zuen. Aurrekontuaren berri ere eman zuen, eta, bertan ageri denez, gobernuak bost milioi euro erabiliko ditu jauregi horretan Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza ezartzeko lanetarako. Ez dago dataren inguruko zehaztapenik oraindik.

Gaztetxekoak ez dira sobera harritu Ollok adierazitakoarekin. Izan ere, 2018ko udan argudio horixe erabili zuen aldaketaren gobernuak gaztetxea hustu zezatela agintzeko. Ia urte eta erdi geroago, hura “ezerezean” gelditu dela nabarmendu dute gazteek, ez baita halakorik martxan jarri, eta gobernuaren hitzaz ez direla fio azaldu du kide batek.

Instituzioetatik jasotzen ez duten babesa kalean sentitzen dute gaztetxekoek. Auziak oihartzun handia izan du Iruñerritik kanpo ere: Euskal Herriko txoko askotako jendeak hartu du parte Maravillasen aldeko manifestazioetan. Elkartasun keinuetan bereziena, ordea, Josefina Lambertok behin baino gehiagotan adierazi diena izan da. Jauregia lehen aldiz hustu zuten egunean bertan joan zen hara. Haren ahizpa Maravillas Lambertoren omenez du izena hala gaztetxeak. 1936an, frankistek bortxatu, hil eta txakurretara bota zuten Maravillas.

Bide zaila izaten ari dira gaztetxekoak azken urteotan, eta ez dirudi, oraingoz, oztopoak lautzera doazenik. Aurrera begira ari dira, ordea, esperantzaz. “Ez zaigu falta borrokatzeko indarrik, eta hemen jarraitzen dugu”, defendatu dute, irmo. Hemendik aurrera batez ere “auzoan zentratzeko grina” dutela aldarrikatu dute. Iruñeko Alde Zaharrean gelditu nahi dute, auzoaren alde egiteko. Bizilagunek helarazten dieten berotasunak indartzen ditu bidean: “Kaleak astintzen segituko dugu”, esan dute, ozen.