Iritzia: Minaren kolorea

Iritzia: Minaren kolorea

Naiara Elola

Beltza, oso beltza da asfaltoaren kolorea. Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepidea ez da itxuraz beste errepideak baino beltzagoa. Baina azken urteetako datuei erreparatzea nahikoa da errepide arriskutsua dela ohartzeko. Izan ere, azken 25 urtean 195 lagun hil dira bertan. Iaz hiru lagunek galdu zuten bizia. Aurten, dagoeneko, bi lagun hil dira auto istripuan, Mikel Manzano eta Xabier taberna, Arantza eta Igantziko bi gazte.

Ia galera barneratzeko denborarik gabe, borrokan hasi dira Manzanoren gurasoak eta arreba. Helburua argi dute: N-121-A errepideko kamioi kopurua murriztea. Ziur daude beren semeak bizia galdu zuen istripuko erantzulea ez zela jo zuten kamioia izan. Hala ere, errepideak berezko duen arriskua areagotu egiten dutela irizten diote. Horregatik, aste honetan bertan, Nafarroako Arartekoarekin eta Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu dira beren eskaeraren berri emateko.

Halako istripu lazgarri bat gertatzen den bakoitzean, barnean halako estualdi bat sentitzen dut. Egunero ibiltzen naiz joan-etorrian Iruñera errepide horretan. Sei urte baino gehiago dira ibilbide hori egiten dudana. Denbora horretan denetik ikusi dut: gidaria lokartu eta zelai batean hegazkinen antzera lur hartutako kamioiak, maldan behera balaztarik gabe gelditu den kamioia auto bat aurreratu nahian, sakelakoan mezua idatziz autoa gidatzen duen gizona, errepideko lerro jarraitua egonda ere ibilgailuak aurreratzen dituen gidari arduragabea…

Pertsonalki, ez dakit zein izan daitekeen irtenbidea. Manzanotarrek proposatutakoa ideia ona izan liteke. Belateko tunelak konpontzen ari zirela mugatu zuten kamioien joan-etorria lehenengo aldiz. Nabarmen murriztu zen ibilgailu pisutsu horien zenbatekoa. Hala ere, irtenbide hori, nire ustez, behin-behineko irtenbide bat besterik ez da. Errepide horrek epe luzerako irtenbide bat behar du. Inbertsioa handia izan arren, autobia bilakatu beste irtenbiderik ez dagoela esango nuke.

“Egia da gobernatu dugunean ez dugula egin, baina ezin dugu dena egin”. Javier Esparza Navarra Sumako Nafarroako Parlamentuko bozeramailearenak dira hitzok. Beharra egon arren, inolako lotsarik gabe onartu du duela egun gutxi N-121-A errepidean ez zuela ezertxo ere egin UPNren gobernuak. Beste gauza askotarako zuten dirua, tartean Navarra Arenarako edota Los Arcoseko zirkuiturako, ez zuten horren beharrezkoa zen beste azpiegitura horretarako.

Irtenbidea iritsi bitartean, N-121-A errepidearen asfalto beltza hildakoen omenez jarritako lore sortekin koloreztatzen jarraituko dute haien senideek. Olagueko zuzenbidean oraindik ez dute jarri, baina ziur laster jarriko dutela.

Bertatik igarotzean, beti oroituko naiz hor bi gazte hil zirela. Haiei tokatu bezala, niri eta nireei tokatzeko aukerak badirela. Ez nuke inoiz lorerik jarri nahi. Horregatik, Manzanotarrek bezala, nik ere, irtenbidea eskatzen dut. Haiek bezala, ez nireentzat bakarrik, denentzat.