Protesta ez kriminalizatzeko

Protesta ez kriminalizatzeko

Edurne Elizondo

Errepresioari aurre egiteko, protesta egitea zilegizkoa dela aldarrikatzeko, eta epaileak kolektiboaren jarduera ikertzen ari direla salatzeko: horretarako antolatu du Altsasuko Ospa kolektiboak errepresioaren aurkako astea. Astelehenean egindako batzarrarekin hasi zituzten prestatutako ekinaldiak; bihar herrian hedabideen aurrean eginen duten agerraldia izanen da asteko azkena. Ospako kideek herriko bertze hamaika kolektiboren babesa jasoko dute jendaurrean.

Abuztuan egindako Ospa Egunak eragin du kolektiboko kideen kontrako ikerketa martxan jartzea. Ospa Eguna egin aurretik, Fiskaltzak galarazteko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari, baina Ismael Moreno epaileak ez zuen debekatu. Argudiatu zuen ez zela deliturik eginen zen zantzurik; Ospa Egunaren ondotik ere, Morenok ebatzi zuen ekinaldi horretan ez zela “terrorismoa goratu” edo biktimarik “umiliatu”.

Guardia Zibilaren kontrolpean egin zituzten eguneko ekinaldi guztiak. Terrorismoa egozteko aukera baztertu arren, gaia Nafarroako Probintzia Auzitegiaren esku utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, “gorroto deliturik” egon ote zen aztertzeko.

“Ikertzen ari dira; ez dakigu zer gerta daitekeen, informaziorik ez baitugu jaso. Beldurrik ez dugu, baina kezka bai, eta kolpea jaso aurretik kalera ateratzea erabaki dugu, argi uzteko jendearen babesa dugula eta aurrera eginen dugula”. Horixe nabarmendu du Ospako batzarreko kide Unai Oterminek.

Ospako kideek udaletxearen aurreko memoria historikoaren aldeko oroigarriaren parean eginen dute biharko agerraldia, 13:00etan. Ez dira bakarrik izanen, Oterminek azaldu bezala: herriko hamaika kolektiboren babesa jaso dute, eta kolektibo horietako ordezkariek lagunduta agertuko dira bihar hedabideen aurrean. Ospak hiru puntuko manifestua adostu du kolektibo horiekin, hain zuzen ere, esateko taldearen jarduera erabat zilegizkoa dela, ados egon edo ez, Ospako batzarreko kideei erabateko babesa agertzeko, eta eskatzeko bertan behera utz dadila epaitegian martxan den ikerketa.

“Hamaika kolektiborekin egin ditugu bilerak: Altsasukoak Aske, feministak, Ikasle Abertzaleak, Askapena, gaztetxea, pentsiodunak… Haien babesa jaso dugu”, berretsi du Unai Oterminek. “Kriminalizatu gaituzte, eta urrats bat egin nahi dugu aurrera, etor daitekeen errepresioari aurrea hartzeko”, gaineratu du Ospako kideak.

Egungo testuingurua

“Herri txiki batean ari gara; errepresioaren aurkako astearekin beste pauso xume bat eman nahi izan dugu, Ospa Egunaz harago, urte osoan egiten dugulako lan”, erran du Oterminek. Herri txikia izanagatik ere, Altsasun ederki dakite errepresioa zer den. Herriko zortzi gazte auzipetzea eta haietako zazpi espetxeratzea ekarri duen auzia izan da herritarrak jo dituen azkena. “Kolpe latza jaso dugu”. Baina hori ez da bakarra izan. “Hamaika atxiloketa izan dira herrian; orain, errepresioa akaso ez da lehen bezain bortitza, baina beste modu batera gertatzen da: errepresio ekonomikoa dago”, erran du Ospako kideak.

Errepresioaren gainetik, protestarako eskubidea defendatu nahi du kolektiboak. “Are gehiago egungo testuinguruan”, zehaztu du Oterminek. “Estatuak ari dira zorrozten errepresioaren makineria; egoera ekonomikoak ez du laguntzen, kapitalismoaren etengabeko krisi batean sartuta baikaude; horrek borroka ekarriko du, eta borrokak, errepresio gehiago”.

Eskuin muturraren gorakada ere aipatu du Oterminek. Zehaztu du Ospa kolektiboak ez duela egin auzi horri buruzko gogoeta sakonik, baina argi utzi du herri mugimenduen bidez egin behar zaiola aurre. Eskuinak eta eskuin muturrak Altsasu “erabili” dutela ere salatu du, argi eta garbi, Ospako kideak. Ciudadanos, PP eta Vox alderdiek egin izan dituzte ekitaldiak Altsasun, hain zuzen ere. Abuztuko Ospa Egunean horren parodia egin zuten Ospa kolektiboko kideek.

Gaurko ekinaldiak 17:45ean hasiko dira, Insurgentzia dokumentalaren aurkezpenarekin. 19:00etan, berriz, manifestazioa eginen dute, Sakanako gazte batzarrek antolatuta. Protestaren asmoa da hilaren 30eko greba orokorrarekin bat egitea. “Manifestazioa ez dugu guk antolatu, baina babesa eman diogu”, azaldu du Unai Oterminek.

Babesak duen garrantzia berretsi du Ospako kideak, eta errepresioaren aurkako astearen bidez herritarrek elkar babesteko sarea ere ehundu nahi dutela erran du: “Alde hemendik mezua zabaldu nahi dugu, batetik; eta, horrekin batera, errepresioari aurre eginen dion masa soziala sortu gizartean”.