Pantxoa eta Peiok presoen aldeko kontzertu bat emanen dute abenduaren 27an Atarrabian, Aske festibalaren biharamunean

Pantxoa eta Peiok presoen aldeko kontzertu bat emanen dute abenduaren 27an Atarrabian, Aske festibalaren biharamunean

Iragan maiatzean hasi eta datorren urtarrilean Barakaldoko (Bizkaia) BECen bukatzekoa den kontzertu biran beste geldialdi bat ere izanen dute Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek: Atarrabia (Nafarroa). Abenduaren 27an ariko dira, non-eta Aske jaialdiaren karpa nagusian. Izan ere, bezperan, abenduaren 26an eginen dute festibal horren bigarren aldia, han bertan, eta haren gerizpean antolatutako emanaldi berezi batean aritzekoak dira Pantxoa eta Peio preseski, igandean. Harrera elkarteari laguntzeko xedez antolatu dute kontzertu hori, eta beste artista batzuk ere taularatuko dira kantari bikotearekin batera. 

[articles:2151539]

«Azken emanaldiei ekin aurretik, bikote lapurtarrak azken alea jarri nahi du beren bozgorailu eta musikarekin», nabarmendu dute ohar batean Aske festibaleko kideek. Emanaldia Harrera elkarteak antolatu du, baina musika eta elkartasun jaialdiko azpiegiturak baliatuko dituzte horretarako, eta Askeren bidez eginen dute deia ordurako boluntarioak biltzeko. 

Gaur 14:00etatik aurrera erosten ahalko dira emanaldirako sarrerak, www.askejaialdia.eus webgunean. Zehaztu dutenez, 30 euroan salduko dituzte horiek, baina, jakinarazi dutenez, bada eskaintza berezirik ere. Besteak beste, herritarrek 60 euroan erosten ahalko dituzte bai abenduaren 26ko Aske festibalerako bai eta biharamuneko emanaldirako ere balekoak diren sarrerak. Gainera, Aske jaialdirako sarrerak dagoeneko eskuratuak dituztenek deskontua izanen dute Pantxoa eta Peioren emanaldirako, eta 30 euroan ez, hogei euroan erosten ahalko dute.