Lagun eta talde

Lagun eta talde

Edurne Elizondo

Etapa berri bat hasteak dakarren ilusioa eta urduritasuna; hurrengo urratsa egiteko gogoa; oholtzara igo eta dena emateko grina. Sentsazio horiek guztiak dira nagusi Skabidean taldeko kideengan egunotan: Izaera izeneko disko berria aurkeztuko dute hilaren 22an, Atarrabiako Totem aretoan. Musika egiten duen lagun talde bat dira, funtsean, berriz jotzen hasteko irrikan.

Skabidean berritu bat igoko da oholtza gainera 22tik aurrera, taldea desegiteko zorian egon eta gero, indarberrituta heldu baita. 2019. urtea funtsezkoa izan da taldeko musikarientzat. Skabidean & The Blackbirds izeneko proiektua sortu zuten kideek, izandako beheraldiari aurre egiteko, hiru emakume abeslari batuz taldera. Esperientzia ezin hobea izan da denentzat, eta kide berriak bere egin ditu Skabideanek, jatorrizko izenari eutsiz.

Skabidean, beraz, 11 kidek osatzen dute orain, eta iaz egindako lanak biziberrituta ekin diote oraingo etapa berriari. “2019. urtea zoragarria izan da. Berrogei kontzertu inguru egin ditugu, eta oso urte polita izan da. Txikitatik guretzat amets izandako oholtzetara igotzea lortu dugu, gainera”, azaldu du Niko Leonardok.

Hatortxu Rock jaialdikoa izan da Skabideaneko kideek bereziki gozatu duten oholtza horietako bat. “15 urte genituenean, jaialdira entzule gisa joaten ginen, eta hor jotzeko aukera izatea izugarria izan da guretzat”. Gasteizko Txosnetan eta Donostiako Piraten oholtzan ere izan dira, bai eta Valentzian ere, bertzeak bertze, Euskal Herritik kanpo. Atarrabiako Totem aretoan egindako kontzertua ere nabarmendu dute Skabideaneko kideek. “Jendeak pentsatzen du talde txikiok ezin dugula gisa horretako espazio bat hartu, baina guk egin genuen, eta oso ongi atera zitzaigun”, erran du Leonardok. “Oso polita izan zen, ezberdina. Gustura aritu ginen denok”, erantsi du Claudia Rodriguezek.

Rodriguez da taldera batu diren hiru emakume abeslarietako bat, hain zuzen ere. Osatuta zegoen talde batekin egin dute bat, baina bertze hainbat taldetan egin duten bidea lagungarri izan dutela nabarmendu du Rodriguezek. “Harrera ona egin digute. Oso pozik gaude”. Antonio Iriarte taldekideak gaineratu du denen arteko “elkarlana” izan dela, hasieratik, kideen arteko batasunaren giltzarri.

Lan berria prestatzeko prozesuak ere eman die harremana estutzeko aukera. Kaki Arkarazoren estudioan grabatu dituzte diskoa osatzen duten hamahiru kantak. “Hamar egunez egon ginen haren baserrian bizitzen. Oso aberasgarria izan zen denontzat. Presiorik gabe lan egiteko aukera izan genuen, eta gure arteko harremana sendotu genuen; hori izan da garrantzitsuena”, kontatu du Leonardok.

Hasierako oinarri bera

Claudia Rodriguezek ere kideen arteko harremana sendotu izana nabarmendu du, eta argi du horrek baduela isla oholtza gainean. Hilaren 22an eginen dute disko berria aurkezteko kontzertua, eta entzuleek orduan izanen dute iritzia emateko aukera. “Urduri eta gogoz” dira taldekideak, eta eskertu egin dute iruindarren artean sortutako jakin-mina. Izan ere, hasieran erabaki baino sarrera gehiago jarri dituzte salgai azkenean, jendearen harrera ona ikusita.

Izaera Skabidean taldearen hirugarren diskoa da. Etapa berriko lehena izateak ez du hutsean uzten aurretik egindako lana. Zazpi urteko bidea du taldeak atzean, eta geroztik egindako urrats guztiek lagundu dute oraingo Skabidean osatzen.

Urteotako garapenaren ondorio da oraingo taldea, baina oinarriari eutsi diote kideek, zalantzarik gabe: reggae, ska eta rocksteady estiloak lantzen dituzte. Kide berrien sarrerak eta proiektua berritzeko urratsak izan du eraginik, halere, eta Atarrabian aurkeztuko duten diskoa “askotarikoa” dela erantsi du Leonardok.

Bertze edozer gauzaren gainetik, baina, musika egiten duen lagun talde bat da Skabidean, eta horrek estiloa bezainbertze definitzen du taldearen izaera. “Benetako lagun talde bat da hau”, berretsi du Rodriguezek.

Iruñeko Iturrama institutuan bat egin zutenean bilakatu ziren lagun Skabidean taldeko kideak. Orduko garaiak gogoratu, eta herriz herri egindako kontzertuetako pasadizoak ekarri dituzte gogora Leonardok eta Iriartek. “Behin, 03:00etan ari ginen jotzen Oronozen; gurasoak han ziren, gu etxera eramateko zain”. Taldeko kideen gurasoek ere sortu dute sare moduko bat. Haien babesa badute musikariek, eta pozik dira haiek ere lagun talde bat osatu dutelako. “Taldearen erdia dira”.

Otsailaren 22ko kontzertua egin eta gero, hilaren 29an Madrilen aurkeztuko du taldeak disko berria; martxoaren 7an, Gasteizen; 14an, Donostian; eta 21ean, Bilbon. Bihar, gainera, hitzaldia antolatu dute Katakraken, 17:30ean, autogestioaz eta elkartasunaz.

Irudia: WeFeelm