Helburuak

Helburuak

Preso sozialek hamalau puntuko testu bat adostu dute; agirian jaso dituzte beren eskaera nagusiak.

Tortura. Espetxeetan torturak gertatzen direla salatu dute presoek, eta jarduera hori behingoz bazter uzteko eskatu dute.

FIES. Erregimen berezi horrek baldintza zorrotzak ezartzen dizkie presoei; hori hutsean uzteko eskatu dute, bai eta presoak bakartzea ere.

Sakabanaketa. Preso sozialek espetxeetako politika horren kontra egin dute.

Osasuna. Espainiako Espetxe Erakundeen menpe dago presoek jasotzen duten osasun zerbitzua. Egoera hori aldatu nahi dute, eta erakunde horrekiko independente den arreta jaso.

Gaixoak. Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatu dute.

Buruko osasuna. Buruko gaitzak dituzten presoek espetxetik kanpo egon behar dutela aldarrikatu dute.

Botikak. Botikak hartu behar dituzten presoen segimendua Espainiako Espetxe Erakundeen menpe ez diren profesionalek egin dezatela eskatu dute.

Heriotzak. Espetxean gertatutako heriotza guztiak iker ditzatela eta ardurak argitu ditzatela nahi dute preso sozialek.

Programak. Preso guztientzako tratamenduak, programak eta baliabideak eskatu dituzte, bai eta espetxeek “galdutzat” ematen dituzten horientzat ere.

Miaketak. Presoei eta bisitan joaten diren senideei egiten dizkieten miaketak bertan behera uzteko eskatu dute, eskuz eta X izpien bidez egiten dituztenak.

Elkartasuna. Presoenganako elkartasun jarduerak kriminalizatzeko joera salatu dute espetxe barrutik.

Bizitza osorako espetxe zigorra. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria berez bizitza osorako espetxe zigorra dela salatu dute, eta bertan behera uzteko eskatu.

Errespetu moduluak. Gaur egun, errespetu moduluak presoei xantaia egiteko erabiltzen dituztela kritikatu dute presoek. Horren aurka egin dute.

Babesgabetasuna. Presoek salatu dute espetxera eramaten dituzten prozesuetan babesgabetasun juridiko handia sufritzen dutela.