Edurne Elizondo
Historia maite dutelako egin dute bat Cesar Oroz marrazkilariak eta Mikel Zuza idazleak. Historia maite dutelako, eta iraganeko pasadizoak egungoekin lotzeko trebezia erakutsi dutelako, gainera, beren lanen bitartez. Umorearen bidez uztartu dituzte aspaldikoak eta oraingoak, zehazki: Orozek irudiak baliatu ditu, eta, Zuzak, berriz, hitzak. Elkarrekin aritu dira Civicaneko liburutegian egindako saioan: Nafarroako historiaz eta haiek sortutako istorioez.
“Azkenean eginen dugu zerbait elkarrekin”, erran du Mikel Zuzak. Bakoitzak bere aldetik heldu dio, orain arte, historiari, baina hainbat aldiz agertu dira elkarrekin jendaurrean, eta Zuzak argi du gero eta gertuago dela bere hitzak Orozen marrazkiekin lotzeko eguna.
Iruñeko saioan, azken bi urteotan Interneten egindako lanari segida eman dio Zuzak. Cronicas irreales del Reyno de Navarra (Ttarttalo, 2008) izenburuko liburuan jaso zituen benetako datu eta gertaerak abiapuntu hartuta idatzitako bere lehendabiziko istorio asmatuak, baina orri horietakoak baino gehiago jarri ditu sarean, jada, izen bereko blogean.
Jarduera horren bidez, nagusiki Nafarroako historiaren inguruko jakin-mina piztu nahi die Zuzak irakurleei. “Herritar gehienek ezer gutxi dakite Nafarroako historiari buruz, ez dietelako horren berri eman, batez ere”. Historiari buruzko liburu zorrotz eta zehatzen egile da Zuza, eta, historialari gisa, hain zuzen, herritarren ezagutzarik ezak “penatzen” duela nabarmendu du. Idazle gisa, berriz, eskertu du historia horren berri bere istorioen bidez emateko duen aukera.
Orozekin egindako saioan Karlos II.aren ibilbidea nabarmendu nahi izan du Zuzak, bertzeak bertze. Kontuen Ganbera sortu zuen, adibidez. Erakunde horretarako egindako lan batean, Orozek ere bere zinten protagonista bilakatu zuen Karlos II.a, hain zuzen ere. “Karlos II.ari Gaiztoa erraten zioten; frantziarrentzat izan zen, baina Nafarroan, oraindik ere, horrela deitzen jarraitzeak ez du inolako zentzurik!”, erran du Zuzak. Frantziako tronua berreskuratzeko egindako gerretarako erabili zuen nafarren dirua. “Lortu zuen, halere, Nafarroa Europako historian agertzea”, erantsi du idazleak.
Katalina eta bertze
Bere ipuinaren bidez, Karlos II.aren borrokarako joera kirolerako zaletasun bilakatu du Zuzak, hain zuzen ere. “Etxean 1974ko Montrealgo Jokoetako poltsa bat genuen; poltsa harekin oroitu, eta bururatu zitzaidan Karlos II.ak antolatu ahal izan zituela lehendabiziko Olinpiar Jokoak, Elon [gaztelaniaz, Monreal]. Intelektual handia izan zen Karlos II.a, gainera, eta hark egin zuen Nafarroako lehendabiziko unibertsitatea sortzeko urratsa, Uxuen”.
Benedikto XIII.a Papa Luna ezizenaz ezagututakoa ere eraman du Mikel Zuzak bere ipuinetako orrietara, bai eta Nafarroako Katalina erregina ere. Iruñeko saioan aurkeztutako azken ipuinak, gainera, animalien erabileraren auzia jorratu du, eta istorio horretan Unanuko Alodia bilakatu du idazleak liburuak egiteko baliatzen zituzten txahalen defendatzaile.
Historia zorroztasunez kontatu nahi duten liburuak idazteko egiten duen dokumentazio lana baliatzen du Zuzak bere istorioak osatzeko ere. Artxiboetan aurkitzen duen edozein pasadizo, agiri batean agertzen den edozein bitxikeria edo hainbat mende duen artelan baten atzean dagoen istorioa bihurtzen ditu ipuin baten abiapuntu. “XIII-XV. mendeen inguruko dokumentazio anitz dago; IX eta X. mendeen inguruan, berriz, ezer gutxi dakigu. Dakigun apur hori oinarri hartuta, ez dakidan hori imajinatu egiten dut nire ipuinen bidez”, azaldu du idazleak.
Cesar Oroz marrazkilariak ere irudimena du lantresna nagusi; historiari egin nahi izan dio so bere hainbat libururen bidez, eta irudia baliatu du iragana eta oraina lotzeko. Orozek, zehazki, mundu zabalean ezagunak diren lau obra hartu ditu bere marrazkiak osatzeko abiapuntu: Codex Calixtinus (Kalistoren kodexa), Shakespeareren Love’s Labour’s Lost, Daniel Defoeren The life and strange surprising adventures of Robinson Crusoe, eta Dante Alighieriren Divina Commedia. Lau horiek arrazoi batengatik hautatu ditu Orozek: laurek dutelako Nafarroarekin loturaren bat.
Erromesen lehen gidatzat jotzen dute Codex Calixtinus, eta Nafarroako bideari buruz egiten duen deskribapena bere marrazkiekin eman du irudigileak. “Nafarrei buruz lapurrak, gaiztoak, mozkorrak eta bertze zirela erran zuen egileak”. Shakespeareren obran kontrakoa da nafarren inguruko ikuspuntua, ordea: “Obra horretan agertzen den esaldi bat jorratu dut nik, batez ere, lan horretan aipatzen baita Nafarroak mundua txundituko zuela”.
Dante Alighieriren obran, bertzalde, infernua, zerua eta linboa ageri dira: “Infernuan, hain justu, nafar bat dago. Ustelkeriagatik bidali dute infernura”, Orozek nabarmendu duenez. “Hainbertze mende pasatu eta gero, orduko kontuekin bueltaka jarraitzen dugu!”. Dafoek Crusoeri buruz idatzitako testuan, azkenik, Nafarroako ohiko elementu bat agertzen da: “Nafarroatik gurutzatu zituen Pirinioak, eta gure eguraldi txarrari egin behar izan zion aurre”. Oroz eroso sentitzen da historia irudi bilakatzen; eguneroko prentsaren mugak gainditzeko aukera ematen dio lan horrek. Akaso, hurrengoan, Zuzarekin elkarlanean eginen du.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku