Naiara Elola
Muturreko egoera batean, arriskuaren pertzepzioa larria denean sentitzen da beldurra”. Hori dio hiztegiak. Gizakiak sentitu ditzakeen hamaika sentimenduren artean bat da beldurra. Maiz sastako bat bezala sentitzen dugu, hormatuta utziko bagintu bezala. Arriskuak ez du zertan ikaragarrizkoa izan. Badira armiarma ñimiño bat ikusi eta aulki gainera igotzen direnak. Arriskua ez da ikaragarria, baina beldurra dutenek hala hautematen dute. Batzuentzat esajerazioa irudi luke. Baina beldurra duenak arriskua benetakoa bailitzan bizi du.
Hori da, hain justu, koronabirusak eragiten duena. Batzuek arrisku erreal modura bizi dute. Beldurtuta daude. Egia da zenbait komunikabidek hedatu dituzten hainbat albistek alarma gorria pizten lagundu dutela. Alor horretan ezinbesteko ekarpena egin dute sare sozialek. Aurrekoan, bideoak ikusteko Interneteko kanal horietako bateko lotura iritsi zitzaidan sakelakora. Supermerkatu batean erosketa bat egiten ari zen familia bat ageri zen. Plastikozko poltsak buruan jarrita zituztela erosketak egiten ari ziren, dozena bat egunez etxetik atera gabe egoteko prestatzen edo. Larriturik, baina okerreko babes neurriak jarrita.
Hala ere, Txinatik iritsi den birus horrek inguruan eragin duen sentimendu eztandak garapena izan duela iruditzen zait. Duela bi aste, lehengo batean, parkean ginela, txirristan behera jaisten ari zen mutiko baten aitak ez zegoela koronabirusarekin batere kezkatua aitortu zidan: “Ni ez nago birus horrekin beldurtuta, gaixoak Iruñean daude, ez Baztanen!”. Hori entzundakoan zur eta lur gelditu nintzen. Entzundakoa ezin nuen sinetsi. Txina eta Euskal Herria banatzen dituen milaka kilometroak zeharkatzeko aste gutxi batzuk besterik ez zituen behar izan birusak. Bi aste baino gehiago ziren gurean zela. Baina aita horren irudiko, Belateko tunelaz bestalde zegoen horretatik salbu zegoen. Tunelak ziren ziurrenik, bere ustez, beldurtuta ez egoteko nahikoa arrazoi.
Orain egoera oso bestelakoa da. Dagoeneko astea bete da bakartuta bizi garela, eta gutxienez beste astebete eman beharko dugu horrela bizitzen. Behar- beharrezkoa egitera soilik irten behar dugu kalera. Heldu, gazte zein haur izan, berdin du. Denengatik hartu dira neurriak eta denengatik bete behar ditugu. Etxetik ezertarako ateratzen ez garenok leihoaz bestaldean dugu soa. Orain arte bizitzak zuen gehiegizko presak behartuta, balio gehiegi ematen ez genien gauza horiek berriz egitea desio dugu. Gure txikiek leihoaz bestalde dute tentazioa. Herrian dagoen parke bakarra dago han. Hain gertu eta hain urrun. Etxetik irteterakoan parkeko jolas berriak marrazten pasatzen ditu goizak zaharrenak. Txikiak, aldiz, ez du parkea faltan botatzen. Etxeko egongela ginkanak egiteko parke bilakatu baitu.
Garai zailetan, ahuldadean, ahal bezain ongien bizitzea da gakoa, gertatzen denaz ikastea. Baina beldur naiz normaltasunera ezertxo ere ikasi gabe itzuliko ote garen. Gizakia baita harri berean behin eta berriz estropezu egiten duen animalia bakarra. Nahita ez gaitezen erori, behinik behin!
Irudia: Iñigo Uriz / Foku