Uxue Rey Gorraiz
Emakumeek emakume izateagatik jasaten dituztenak islatzen dituzte Titiak erakusketako 33 piezek. Hogeita hamar emakume artistak hartu dute parte proiektuan. Nork bere pieza bere estilo eta ikuspuntuarekin landu du, baina helburu komunak dituzte denek: batik bat, sexu indarkeria salatzea, emakumearen gorputzaren errespetua eskatzea, eta arlo guztietako berdintasuna. Proiektuaren bultzatzaile Natalia R.k jasan zuen sexu jazarpena du abiapuntu.
Sexu jazarpena pairatu zuen lanean Natalia R.k bi urtez, enpresa multinazional batean, Madrilen. Zuzendarietako bat zen erasotzailea. Gogoan du orduan ez zela gai jasaten ari zenari izena jartzeko, “zurrunbilo” batean sartuta zegoela, eta “fisikoki eztanda” egin zuela azkenean. Urtebete bajan egon, eta ordura arte ez zen kapaz izan inori jasandakoa kontatzeko. Behin dena azalduta, ordea, enpresak erasotzailea babestu zuen. “Erabat zokoratua sentitu nintzen. Isildu egin nahi izan ninduten, eta argi izan zuten boteretsuenaren alde jartzea komeni zitzaiela”.
Lantokietako sexu jazarpenetan matxismoak ez ezik botere harremanek ere agintzen dutela adierazi du, eta biktima “are babesgabeago” egotea dakarrela horrek.
Gertatutakoaren inguruan sortzen den “morboa” ere gogor kritikatu du Natalia R.k, bere esperientzian oinarrituta. “Milaka galdera egiten dizkizu jendeak; erantzunak nahi dituzte etengabean, eta ez dira ohartzen zein mingarria den behin eta berriz gogoratu behar izatea”.
Egoera latz hori atzean uzteko, zeramika tailer batean aurkitu zuen Nataliak ihesbidea. Gainera, terapeutek gomendatuta, Madril utzi, eta Iruñera etorri zen bizitzera. Jada hemen zela, Oscar Guerrero artista eskulangileak lagunduta abiarazi zuen Titiak.
Bere gordinean
Erakusketak ezin izanen zuen beste izenik eduki, Natalia R.ren esanetan. Bere eskuez landutako titiak izan dira guztiaren abiapuntua, eta 33 artelanen mihisea. Titiak aukeratu ditu, azaldu duenez, horiek direlako emakume gehienen gorputza sexualizatzeko elementu nagusia. Titiak erakusten ditu erakusketak, eta titiburuak, “zentsurarik gabe”. Hain zuzen ere, hau irakur daiteke Marta Tapia (Arte con M) artistaren piezan idatzirik: “Ez zentsuratu nire titiak, hezi zure begirada”. Ikusleak bere jarrera aztertzea nahi du erakusketak, gogoeta eta aldaketa eragiteko.
Natalia R.k nahita utzi du bere pieza kolorerik gabe, zuri, hain zuzen ere, purua den zerbait irudikatu nahi izan duelako. “Nire minaren eta erru sentimenduaren isla da, hori baita egoera horietan zeure buruari egiten dizkiozun galdera guztiek eragiten dutena. Denetik pasatzen zaizu burutik, eta zuri hori gertatzeko zer egin ote duzun galde egitera ere iristen zara”. Sexu jazarpena gertatzen denetan errepikatzen den egoerak sortzen du erreakzio hori bere ustez, biktimari leporatzen baitzaio errua, erasotzaileari baino gehiago.
Lan artistikoan genero berdintasunaren alde aktiboki konprometituta dauden beste 29 emakume artistak
hartu dute parte proiektuan, Natalia R.ren bidelagun. Nork bere erara margotu du pieza, eta libre izan dira nahi izan duten mezua zabaltzeko. “Bizipen izugarri gordinak” daude pieza batzuen atzean, eta “indarra eta borrokarako grina” irakur daiteke beste batzuen zertzeladetan. Liebana Goñi iruindarrak, esaterako, “ozen marru egiteko deia” egin du bere piezan, bere iritziz, bide honetan “ezinbestekoa” baita bakoitzak bere historia kontatzea. “Emakume guztiok bizi izan dugu jazarpenen bat, izan eskatu ez dugun piropo bat, ukipen bat, edo eraso bortitzago bat”, azaldu du.
Uxue Bereziartua hernaniarrak lorez apaindu ditu bere piezako titiak, emakumeen ahalduntzea irudikatzeko loratzearen bidez. Azaldu du, gainera, artea aldarrikapen publikoetarako tresna oso eraginkorra dela “gaur egungo gizarte azkar honetan”. Terapia bat ere badela dio, “pertsona batek barruan duena askatzeko modu ona baita”.
Errealitate asko biltzen dituzte Titiak-eko artelanek, baina denek dute oinarri feminista, eta guztiek dute emakumearen gorputzaren desexualizazioa helburu. Emaitza “oso estetikoa” dela aitortu du Natalia R.k, baina, aldi berean, mezua “oso zuzena” dela. “Arazoari ikusgarritasuna eman nahi diogu bizipen horiek guztiak kontatuta, baina ez dugu horretara mugatu nahi. Aldaketak eskatu nahi ditugu, benetan aurrerapausoak egin daitezela galdegin”.
Gainerako erakusketa eta jarduera kultural guztien antzera, koronabirusak behin-behinean ateak ixtera behartu du Iruñeko Kondestablea. Halere, Titiak Euskal Herriko gainerako hiriburuetara eramateko asmoa bada, baita landa eremuko herrietara ere, ahal den neurrian. “Matxismoa ere pandemia bat baita”.
Goiko irudia: Maite Artajo