Edurne Elizondo
Kazetaritza ikasi zuen, baina beti izan du gustuko hamaika arlotan aritzea: bertsolaritza, politikagintza eta, orain, zientziaren dibulgazioa. Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975) Elhuyar fundazioko zuzendaria da iazko irailetik. Kargu berrira “erraz eta agudo” egokitu dela nabarmendu du, bertzeak bertze, ondoan duen lantaldeari esker. Egunotan, pantaila bidezkoa dute komunikazioa.
Etxetik lanean?
Bai. Lehendik ere ohitura bagenuen; lanean aukera dugu urtean 45 egunez etxetik aritzeko. Tarteka egiten nuen. Egia da ez dela gauza bera tarteka egitea edo egun oro aritu beharra. Akaso, aurrez aurreko bileretatik bideo bidezkoetara pasatzea izan da gauzarik zailenetako bat, are gehiago gai sakonak landu behar direnean. Hala ere, nahiko ongi moldatzen ari gara.
Egungo errealitateak agerian utzi du herritar guztien egoera ez dela berdina. Harritu zaitu?
Iruditzen zait segurutzat eman dugula jende guztia konektatuta dagoela, Interneterako sarbidea duela eta ordenagailu bat erabiltzeko ohitura baduela, baina oraingo egoerak agerian utzi du ezetz. Segur aski, arrakala uste dugun baino handiagoa da. Egia da badirela sistemak arrakala hori txikituz joateko, baina, kanpoan gelditzen direnentzat, haustura anitzez ere handiagoa da. Hainbat udaletan berehala konturatu dira horretaz, eta ahalegindu dira, adibidez, ikasleen esku jartzen ordenagailu bat eta Interneterako sarbidea. Gizarte gisa ere gogoeta egin behar dugu.
Zientziak balio beharko luke herritarren arteko desberdinkeriak hutsean uzteko?
Bai, ezinbertzean. Gu horretan ari gara. Zientziak izan behar du eskuragarria, eta aukera berdintasuna sustatu behar du, desberdinkeria areagotu ordez. Zientzia arduratsuaren kontzeptua erabiltzen dugu guk. Eta horrek erran nahi du zientziak ere pertsonak jarri behar dituela erdigunean. Bertzela, pertsonak erdigunean jartzen ez baditugu eta zaintza lana kontuan hartzen ez badugu, teknologiaren araberako makinarik aurreratuena gara dezakegu, baina, pertsonen aurka egiten badu, horrek niri ez dit deusetarako balio.
Oraingo alarma egoeran, inoiz baino garrantzitsuago bilakatu al da zientzia gaien dibulgazioa?
Bai, garrantzitsua da informazio zehatza eta argia jasotzea, eta euskaraz, gainera. Orain, gainera, albiste faltsu anitz zabaltzen dira, eta ezinbertzekoa da horiei aurre egitea. Anitzetan, botere publikoetatik ere ailegatzen zaizkigu gezur hutsa diren berri horiek, eta, zer erranik ez, zenbait alderdi populistatatik. Kalitatezko kazetaritza eta dibulgazioa inoiz baino beharrezkoagoak dira.
Jendeak egiten du kalitatezko informazio hori eskatzeko urratsa?
Guk, egunotan, sekulako harrera ona sumatu dugu. Gurearen moduko komunitate batean, hurbiltasunez ari gara, eta euskaraz. Horrek sinesgarritasuna ematen digu. Izan ere, ez da gauza bera Facebooken zerbait irakurtzea, edo BERRIAko kazetari batek edo Elhuyarreko dibulgatzaile batek datuak baliatuz osatutako testua jasotzea. Azken horren atzean zer lan dagoen badakit, eta badakit gizarteari zerbitzu bat ematea dela dagoen interesa.
Irailetik zara Elhuyar fundazioko zuzendari. Zer moduz orain arteko bidea?
Hagitz ongi. Duela zazpi urtetik ari naiz Elhuyarren lanean. Erraz eta agudo egokitu naiz kargu berrira, oro har, lantaldeak anitz erraztu baitit prozesu hori. Giroa hagitz ona da, eta hori ezinbertzekoa da. Horrek dena errazten du. Oraingo egoerak zenbat iraunen duen ez dakigu; ez dakigu nola baldintzatuko duen gure lana, baina iazko urte amaiera eta aurtengoaren hasiera hagitz onak izan dira, eta baditugu proiektu estrategiko hagitz indartsu batzuk martxan.
Adibidez?
Itzultzaile neuronalaren gisako asmo handiko proiektu bat, adibidez, edo berriki aurkeztu dugun Aditu hizketa ezagutzailea, edo zientzia arloan hezkuntza arautuan egiten ari garen hainbat proiektu… Proiektu horiek guztiek agerian uzten dute erakundea sendoa dela eta lantalde motibatua eta gaitua dugula.
Kargua hartu zenuenean, berdintasuna eta ingurumena aipatu zenituen barrura begirako helburu gisa. Zein da asmoa?
Bi arlo horietan lanean ari gara jada, baina tradizio handiagoa dugu berdintasunaren alorrean, ingurumenarenean baino. Azken horretan, berde samar gaude oraindik ere. Orain hasi gara egoitza jasangarriago bilakatzeko neurriak hartzen, adibidez. Berdintasunaren alorrean, aspaldi hasi ginen, bertzeak bertze erakunde homologatua garelako esparru horretan, berdintasun zerbitzu bat badugulako, eta genero ikuspegiz lan egiteko ohitura nahiko errotua dagoelako, oro har. Hori inportantea da, barrura eta kanpora begira, baina sakondu egin behar dugu; segitu behar dugu lanean eta gure proiektuetan ikuspuntu hori txertatzen.
Zientziak zor handia du emakumeekin oraindik ere?
Emakumea zientzian ikusezin izan ohi da. Hagitz esparru maskulinizatua da, eta zer erranik ez teknologiarena. Teknopolis saioaren eta Elhuyar aldizkariaren bidez saiatzen ari gara horri aurre egiten, bertzeak bertze. Baina alde handiak daude oraindik ere. Eta emakume zientzialariek zailtasun gehiago dituzte emakume izateagatik. Arlo horretan urratsak egiten ari gara, baita bertze mota bateko desberdinkeriak atzean uzteko ere bai, inklusibotasuna bultzatuz.
Kazetaritza ikasi zenuen, eta kultura eta politika alorretan ere aritu zara. Nolatan zientzia?
Matematikak beti gustatu zaizkit anitz! Baina bai, kazetaritza ikasi nuen. Egia da behin ere ez dudala zaletasun berezirik izan zientziarekiko. Elhuyarren ere partaidetzaren eta berrikuntza sozialaren inguruko gaiekin aritu naiz orain arte, eta euskararen normalizazioaren aldeko gaiekin. Nire berezko esparruak izan dira horiek. Kontua da orain gure erakundeak gauza hagitz ezberdinak egiten dituela: hizkuntzalariak ditugu, itzultzaileak, hizkuntza teknologietan adituak, zientzia dibulgazioan aritzen direnak, berdintasun gaietan adituak… Guk zientzia dibulgazioa egiten dugu; lotura handia du komunikazioarekin, eta bide horrek hurbildu nau zientziara.
Zientzia, finean, ez baita gela itxi bat, ezta?
Niretzat, adibidez, matematiketan aritzea beti izan da jostetan aritzea. Letren esparrutik zientzialariei eskatu izan zaie ikuspuntu humanistago bat; beharbada, letretan gaudenok ere egin beharko genuke hurbiltze lan hori, modu naturalago batean. Gauza batzuk zailak dira ulertzen, baina gakoa da nola kontatzen dizkiguten. Dibulgazioak lan handia egiten du. Jakintzak ez gaitu beldurtu behar, eta ikasteko prest egon behar dugu.