Joan den paisaiaren bila

Joan den paisaiaren bila

Edurne Elizondo

Baztan-Bidasoko margolariek huts egin diote aurtengo udaberriari. Koronabirusaren pandemiak etxean itxi ditu, eta, ondorioz, ezin izan dute hilabete oroko konpromisoa bete: ezin izan dute kanpora atera margotzera, mihisea eta pintzelak eskuan hartuta.

Oraingo paisaiak ihes egin die, baina horrek ez du erran nahi lanean ari ez direnik: Tomas Sobrino artista baztandarrak martxan jarritako egitasmoarekin bat egin dute dozenaka pintorek, eta nor bere etxean ari da margotzen, joan diren udaberrietako oroitzapenak eta argazkiak oinarri hartuta.

Nafarroa iparraldeko margolariek aspaldikoa dute kanpoan lan egiteko ohitura. Baztanen, Jose Mari Apezetxea eta Tomas Sobrino izan dira bertze anitzen erreferente: elkarrekin antolatu dituzte, urte luzez, udako pintura ikastaroak, Baztanen. Apezetxea 2017ko irailean zendu zen, 90 urte zituela. Geroztik, Sobrino ari da bakarrik. Helburua, halere, hasierako bera da: goizez atera, eta arratsaldera arte paisaiari so zuzenean margotzea.

“Ikastaroetako esperientzia abiapuntu hartuta, hasi ginen hilabetean behin elkartzen, kanpoan margotzeko: hilabete oro, hirugarren larunbatean; Elizondon egiten dugu bat, eta gogoz diren guztiak etor daitezke”, azaldu du Tomas Sobrinok. Martxoaren 21eko irteera bertan behera utzi behar izan zuten, ordurako indarrean baitzen koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoera. Apirileko zita ere ezin izanen dute bete: biharko zuten.

Itxita jarraitzen dute margolariek, gainerako herritarrek bezala, baina aurkitu dute elkartzeko alternatiba bat etxetik atera gabe. Sobrinok jarri du martxan egitasmoa: Baztan eta inguruko margolariei eskatu die itxialdian egindako obren argazkiak bidaltzeko, eta, irudi horiekin, larunbat oro bideo bat osatzen du artistak, zabaltzeko. Biharkoa izanen da seigarrena, eta jada hirurogei pintorek baino gehiagok parte hartu dute ekinaldian. “Ez nuen uste hainbertze jende animatuko zenik, baina pozgarria da. Hagitz kontent nago”.

Elkarri irakasteko eta elkarrengandik ikasteko grinak mugitu ditu beti Baztan-Bidasoko margolariak, eta oraingo egitasmoarekin ere horixe du xede Sobrinok: “Harremanetan jarraitzeko modu bat da, bertzeek gure lana ikusteko eta ezagutzeko modu bat”. Ikasten eta irakasten jarraitzeko aukera bat, finean.

“Gogorra”

Sobrinok natura du berezko habitata. Karrikan sortzen ditu gero estudioan amaitu ohi dituen margolanak. Horregatik, onartu du oraingo itxialdia “gogorra” izaten ari dela. “Aurtengo udaberria, gainera, zoragarria izaten ari da”, erran du, tristura puntu batekin.

Tristura uxatzeko, pintura du Sobrinok tresna nagusi. Etxean zituen argazkiak bilatu, eta horien bidez ari da egunotan inguratzen duen paisaia margotzen. Artistak argi du, halere, toki berean izan arren, iazko paisaia jada ez dela aurtengo bera. Ondorioz, zerbait falta da bere margolanetan: “Kanpoan egoteko esperientzia falta da. Han egon nintzeneko sentsazioa; une zehatz bateko argia”. Ez baita gauza bera kanpoan edo etxean margotzea.

Oraingo itxialdiak, halere, badu alderdi on bat, Sobrinok nabarmendu duenez, eta bereziki eskertu nahi izan du: “Halabeharrez gelditu behar izan dugu herritarrok; atzean utzi behar izan dugu orain arteko erritmo bizia, eta horrek aukera eman digu inguruari behatzeko”.

Inguruari, paisaiari, bai eta arteari ere. Sobrinok argi du itxialdiko lanek karrikako haizea galdu dutela, baina baita lasaitasunaren begirada irabazi dutela ere trukean: “Margotzeko ez ezik, margolanei so egiteko denbora ere badugu. Eta beharrezkoa dugu. Bada garaia geure burua artearen aurrean kokatzeko, eta so egiteko”.

Sobrinok ez du ukatu, baina, kezka baduela. Batetik, kolokan dagoelako aurtengo udako pintura ikastaroa egiteko aukera, eta, bertzetik, ez duelako argi Baztango margolariak urtero udan egiten ohi duten erakusketa antolatzeko moduan izanen ote diren. Iaz, adibidez, hamahiru erakusketa zabaldu zituzten Baztanen, udan. “Turismoa erakartzeko bide bat ere badira gure erakusketak, baina ez dakit aurten zer gertatuko den”.

Goiz da zalantzak uxatzeko. Bitartean, Tomas Sobrinok argi du zer egin behar duen: margotu. Bertze artisten lanak ere jasotzen jarraituko du, astean behin, herritarrekin partekatzeko. Mihiseak, pintzelak eta pinturak, koronabirusaren garaian.

*Goiko koadroa Tomas Sobrinorena da.