Pandemiaren garaiko otorduak

Pandemiaren garaiko otorduak

Edurne Elizondo

Azken egunotan behin baino gehiagotan eta hainbat tokitan entzun duen esaldi bat “gezur hutsa” dela erran du David Crespok. Haserre erran du, gainera: “Ez da egia koronabirusak herritar guztiak berdindu gaituela; ez gara denak berdinak pandemiaren aurrean. Etxean egoteko erran digute, baina etxerik ere ez duzunean, zer?”.

2015. urtean Erriberan sortutako Tudela Comparte fundazioko kide da Crespo. Fundazio horrek kudeatzen du Tuterako Villa Javier izeneko jantoki soziala. 2016ko ekainean jarri zuten martxan, eta, geroztik, jantokiarekin batera, bertze hainbat proiektu ere sortu dituzte egoitza berean: El Capacico (kapazutxoa) izeneko ekonomatua; haurrentzako ludoteka; eta El Semillero (hazitegia) izeneko formakuntzarako espazioa.

Koronabirusaren pandemiaren eraginez ezarritako alarma egoerak hankaz gora jarri du Villa Javier egoitzako kideen egunerokoa, baina jantokiko arduradunak eta han aritzen diren boluntarioak azkar egokitu dira testuinguru berrira, eta ez diote erabiltzaileak artatzeari utzi. Kopuruak gora egin du, hori bai. Horregatik, behar guztiei aurre egin ahal izateko, laguntza eskatzeko kanpaina jarri du abian Tudela Comparte fundazioak. “Elkarlanean aritzeko garaia dugu oraingoa, saretzekoa eta elkarri laguntzekoa”, nabarmendu du David Crespok.

Jada existitzen zen desberdinkeria are ageriago utzi du alarma egoerak. 2008ko krisiak gogor jo zuen Erribera, eta datuek erakusten dute, oraindik ere, eskualde horretan are zailagoa dela aurrera egitea herritar anitzentzat: Nafarroan, herritarren %8 da pobrezia gorrian, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2014an egindako ikerketaren arabera; Erriberan, berriz, bikoitza da datua: %16 alegia.

Datuen atzean dauden pertsonak artatzeko sortu zuten Villa Javier jantoki soziala, Tuteran, hain zuzen ere. Erabiltzaileak askotarikoak direla azaldu du Crespok: “Martxan jarri ginenean, uste genuen berrogeita bost urte baino gehiagoko gizonak etorriko zirela, batez ere; horiek badatoz, baina erabiltzaile ditugu ere emakume, gizon gazte eta adineko pertsona anitz”.

Tuterako Udalarekin hitzarmena du Villa Javierrek, eta, horren arabera, udalak bideratutako zazpi erabiltzaile artatu dituzte jantoki sozialean, orain arte. Duela urte batzuk, udalak jantoki sozial propio bat jarri zuen martxan, baina itxi egin zuten, erabiltzaile gutxi omen zituelako. “Batetik, hiriko kanpoko aldean zegoen; bertzetik, gainerako gizarte zerbitzuak eskuratzeko baldintza berak ezarri zituzten; hasteko, erroldatuta egon behar zuten jantokia erabili ahal izateko. Hori eskatzen baduzu, lortzen duzun gauza bakarra da behar gehien dutenak kanpoan uztea”, salatu du Crespok.

Koronabirusagatik ezarritako alarma egoera indarrean sartu zenetik, Villa Javierrera bideratutako erabiltzaileak zuzenean artatzen ditu udalak, etxean. Villa Javierren, halere, gora egin du erabiltzaile kopuruak. “Ia bikoiztu egin da; egunean 30 pertsona inguru artatzen ditugu”.

Erabiltzaileok orain ez dira jantokian gelditzen bazkaltzera eta afaltzera; segurtasun neurriak betetzeko, bazkaria eta afaria batera banatzen diete boluntarioek, egunean behin; gosariak ere jasotzen dituzte, hiru egunean behin. “Egoera zaila da erabiltzaile anitzentzat”, nabarmendu du Crespok. Txabola batean bizi diren lau gazteren adibidea aipatu du: “Haietako batek COVID-19 gaitza du; bertze hirurei etxean gelditzeko erraten diete, bertzerik ez. Baina nola moldatuko dira laurak txabola batean? Eta ezin badira atera, nola lortuko dute jatekoa?”.

Horrelako kasuek agerian uzten dute Crespok hasieran erdigunean jarri nahi izan duen auzia: egoerarik kaskarrenean zirenei are gehiago eragin diela oraingo pandemiak, alegia. Eta eragiten jarraituko diela, gainera, alarma egoera bertan behera uzten dutenean ere. “Datozen bi urteak hagitz gogorrak izanen direla argi dut nik”.

Puntuak erabiltzeko denda

Villa Javierren Erriberako baratzeetan lan egitera etortzen diren migratzaile anitz hartzen dituzte. “Haientzat egoera are zailagoa da, inguruan ez dutelako babestuko dituen lagun edo senide sare bat”. Villa Javierrera ailegatzeko ere, zailtasunak izan dituzte paperik ez duten herritar batzuek, egunotan. Fundazioak agiri bat prestatu du haientzat, baina agiri horrek ere ez du bermatzen arazorik ez izatea. “Poliziek geldiarazten dituzte; etxera bidaltzen dituzte etxerik ez dutenak ere”.

Jantokiko erabiltzaileak ez dira Villa Javierren hartzen dituzten bakarrak. Egoitzan duten dendan ere berrehun pertsona inguru artatzen dituzte: “Dendan, erabiltzaile gehienak haurrak dituzten familiak dira; hirurogei inguru etortzen dira, denera”, azaldu du David Crespok. Familion baldintzen eta beharren arabera, puntuak ematen dizkiete, eta puntu horiek dendan gastatzen dituzte, jatekoa etxera eraman ahal izateko. Astean behin joaten ziren familiak, orain arte. Alarma egoera indarrean denetik, berriz, bi astean behin egiten dituzte erosketak. “Helburua da, noski, jendearen joan-etorriak ahalik eta gehiena murriztea”.

Txandetan aldaketak eragin ditu alarma egoerak, bai eta lan egiteko moduetan ere. Eta Villa Javierreko aurrekontuari ere eragin dio osasun krisiak. “Oraingo egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean, hilabetean 6.000 euroko gainkostua izanen dugula argi dugu”, erran du Tudela Comparte fundazioko kideak. Batetik, elikagaien bankuak emandakoa erabiltzen dute Villa Javierren; bertzetik, Erriberako nekazaritza industriako enpresek ematen dietena; eta, hirugarrenik, Tuterako merkataritza gune handiek emandakoa.

Orain arte, Villa Javier jantokiaren ondoko ikastetxean prestatzen zizkieten menuak. Ilundain fundazioak sukaldaritza eskola du han, eta erakunde horrekin hitzarmena du Tudela Compartek. “Guk elikagaiak ematen dizkiegu, beren praktikak egin ahal izateko; eta, trukean, guk ez dugu menuak prestatzeagatik ordaindu behar”. Alarma egoeraren ondorioz, itxi egin zuten ikastetxea, eta, ondorioz, aurrezteko aukera hori galdu du Villa Javier jantoki sozialak.

Egoitzan ari diren langileen eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko materiala erosi behar izan dute, gainera, eta horrek ere espero ez zuten gastu bat eragin die.

Egoerak okerrera egin izanak agerian utzi du herritarrek behar dutela Villa Javierrek eskaintzen duen zerbitzua. Horixe nabarmendu du David Crespok: “Ezin dugu jendea bakarrik utzi”. Horregatik, erakunde publikoei gauza bera egiteko eskatu die: “Ez gaitzatela bakarrik utz; erakunde publikoek ez duten malgutasuna erakutsi dugu guk krisiak eragin duen egoerara egokitzeko; balia dezatela guk dugun gaitasun hori”.

Paris 365, eredu

Tuterako Villa Javierreko kideentzat “oinarrizko erreferente” izan da Iruñeko Paris 365 jantoki soziala. Hiriburuko jantoki hori Gizakia Herritar fundazioak kudeatzen du, 2009. urtetik. Koronabirusaren krisia piztu aurreko hilabeteak ere gogorrak izan dira Paris 365 proiektuko arduradunentzat. 2019ko abenduan, jantokia kolokan zela erran zuten fundazioko kideek, eta laguntza eskatu zieten herritarrei, lanean jarraitzeko.

Behar zuten laguntza hori jaso zuten, baina alarma egoerak berriz ere zaildu egin du jantokiko langileen eta boluntarioen egunerokoa. Tuteran bezala, baina, lanean jarraitzen dute, behar dutenak artatzeko konpromiso garbiarekin. Paris 365 proiektuko arduradun Patxi Lasak argi utzi du: “Gure lehentasuna da jantokiko erabiltzaileen elikadura bermatzea”. Paris 365 proiektuaren egoitzan ere jantokia hustu egin du alarma egoerak, eta erabiltzaileek etxera eramateko jasotzen dituzte egunean behin bazkaria eta afaria.

Jantokiko erabiltzaileen egoeraz harago, arrisku egoeran diren bertze herritarrenganako kezka ere agertu dute Paris 365 proiektuko kideek. Patxi Lasak erakunde publikoei eskatu die karrikan bizi diren pertsonak arta ditzatela. “Arrisku gehien duten pertsonak ezin dituzte bakarrik utzi”. Jantokiko arduradunek argi dute administrazioak pertsona orori bermatu behar diela gizarte baliabideak erabiltzeko eskubidea, “paperak izan edo ez izan”. Osasun zerbitzuak jasotzeko eskubideak “unibertsala” izan behar duela erantsi dute.

Alarma egoera ezarri zenetik, hain zuzen, hainbat neurri jarri ditu martxan Nafarroako Gobernuko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak, arrisku egoeran diren familiei jatekoa bermatzeko. Zehazki, ia 12.750 pertsona artatzen ari dira, Gurutze Gorriaren bitartez. Haietako 4.600 dira eskolan bazkaltzeko beka zuten adingabeak.

Paris 365 ez da Iruñeko jantoki sozial bakarra: udalak ere badu berea. Bi horiekin eta Tuterako Villa Javierrekin batera, Caritasek Burlatan kudeatzen duena da herrialdeko laugarrena.

Irudiak: Villa Javier.