Uxue Rey Gorraiz
Eskultorea, etnografoa, kultur eragilea, euskaltzalea, historiazalea… Gauza asko izan da Joxe Ulibarrena (Azkoien, 1924 – Iruñea, 2020), eta guztiak aldi berean. Lau urte besterik ez zuen falta mendea betetzeko, eta azken unera arte aritu da lanean. Ondare aberatsa utzi du, bai fisikoki, bere artelanetan eta Artetan sortutako etnografia museoan, baita askoren oroimenean ere. Nafarroako Erresumako artista gisa gogoratuko dute askok, eta memoria historikoari estuki lotutako zizelkari modura beste anitzek. Joan den astean zendu zen.
Zenbait gertaerak baldintzatu zuten Ulibarrenaren bizitza. 1936ko gerran, frankistek sarraskia egin zuten Azkoien haren jaioterrian, eta aita izan zen fusilatuetako bat, baita lehengusina bat ere. Ulibarrenak 11 urte besterik ez zuen hori gertatu zenean, eta arrastoa utzi zion. Maiz erakutsi zuen, bere lanen bitartez, ez zituela gerra hartan gertatutakoak ahaztu nahi, eta beti defendatu zuen horiek gogoratu eta biktimak omendu beharra.
Azkoien utzi, eta Iruñera joan zen bizitzera, familiarekin. Han hasi zituen arte ikasketak, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan, eta, aldi berean, zurgindegi batean egiten zuen lan. Han eta hemen aritu ondotik, Parisen hasi zituen Arte Ederretako ikasketak, beka bati esker, eta Venezuelan ere izan zen bolada batez.
1936ko gerrako biktimak omentzeko sortutako Sartagudako Memoriaren Parkean dago haren lan ezagunenetako bat: Gurutzada Santuan tiroz hildakoak eskultura. Artistak oparitu egin zien artelana, eta hori izan zen abiapuntua gero parkea eraikitzeko. Hiru giza figura antzeman daitezke altzairuzko pieza horretan. Hiru pertsona dira, elkarri besarkatuak eta tiro zuloak diruditen hutsunez josiak. Artistak berak ikusitako gertaera bat irudikatzen du artelanak, Reyes Ilintxeta kazetariari aitortu zionez Argia aldizkarirako egindako elkarrizketa batean. Iruñeko Gaztelugibelean hiru gazte nola fusilatzen zituzten ikusi zuen Ulibarrenak.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea eta Alargunen Herria elkartea izan ziren parkearen sustatzaileak, eta azken horretako kide Carlos Martinez arduratu zen artistarekin elkarlanean aritzeaz. Martinezi “bitxia” iruditu zitzaion Azkoiengoaren lan egiteko modu hura. “Berdingabea zen guztiz, eta teknikaren aldetik oso bestelakoa zen beste artista gehienen aldean”. Iritzi berekoa da Daniel Fernandez, parkeko arkitektoa. Biziki harritu zuen materialak lantzeko zerabilen moduak, eskuz egiten baitzuen ia dena, baita oso tamaina handiko piezetarako ere. “Izaera indartsua zuen, eta gogo biziz azaltzen eta defendatzen zituen bere moduak eta ideiak”.
Ulibarrena “bihotz handiko gizona” zela azaldu dute biek. Martinezek azpimarratu du, gainera, denboraren joanak ez zuela lortu artistaren grina itzaltzea. “Mundu honetan norbait askea izan bada, hori Joxe dela uste dut”.
Bereizi ezinekoak
Artea etnografian, eta etnografia artean. Modu berezian egiten zien so inguruko gauzei Ulibarrenak, eta askori ireki zizkien begiak, erakutsi baitzuen ezen, esaterako, antzina artzaintzan, abeltzaintzan, burdinoletan eta bestelako gremioetan langileek erabiltzen zituzten tresnek, beren funtzio praktikoez gain, artea ere bazutela beren baitan. Ulibarrenak arbasoen 10.000 pieza etnografiko baino gehiago bildu zituen, eta museoa sortu Artetako Fantikorena etxean. Bilduma zabal eta aberatsa da 40 urte baino gehiagoko lanaren emaitza, eta Nafarroako Erresuma zenaren historiaren lagina ere bada, XII. mendetik XX. mendera bitarteko tresnak baitaude museoan. Joxeren alaba Elur Ulibarrena da museoaren arduraduna.
Artistak 90 urte bete zituen egunean estreinatu zen hari buruzko dokumentala, Historia zizelkatuz izenpean. Angel Sanchez Garrok zuzendu eta ekoitzi zuen lana. Aukera izan zuen Ulibarrena hurbiletik ezagutzeko. “Joxe oso eskuzabala izan zen; oso atsegina zen harekin egotea eta edozein gauzari buruz hitz egitea”, azaldu du zuzendariak. Esan du, bestalde, “zorioneko” sentitzen dela, iruditzen baitzaio batzuek ez zutela artistaren alde hori ezagutzen eta “pertsona arrarotzat” zeukatela.
Ulibarrenarekin pasatutako orduei esker, zuzendariak argi eta garbi ikusi zuen Nafarroa zela artistaren pasio nagusia. “Ulibarrenaren lan guztiak zeuden Nafarroako Erresumari eta memoria historikoari eskainiak. Ezin dugu esan Ulibarrena halakoa zela eta haren eskultura, berriz, beste modu batekoa, eta haren etnografia beste batekoa. Dena zen bat”.
Sareak borborka hasi ziren Joxe Ulibarrenaren heriotzaren biharamunean. Artistaren ibilbidea eta lanak goraipatu dituzte hainbatek egunotan, baita haren izaera berezia askorentzat miresgarria gogora ekarri ere. “Sumendi bat itzali da, Joxe Ulibarrena. Baskoi sakona eta nafar zorrotza. Herri honen grinaren adierazle. Gure iragan partekatuaren mugarriak irudikatu zituen”, txiokatu zuen Gaizka Aranguren kazetari eta kulturgileak, artistari buruz. Politikaren mundutik ere eskaini zitzaizkion miresmen hitzak. “Tipo itzela eta artista paregabea”, idatzi zuen Koldo Leoz Lizarrako alkateak, eta berdintsu egin zuen Iruñeko alkate izandako Joseba Asironek ere.
Joxe Ulibarrenak kasik azkeneraino egin zuen lan maite zuen horretan. 90 urte egin zituenean, zortziehun lan zituen eginak, eta osasunak horretarako aukera eman zion arte segitu zuen, bere hurbilekoen esanetan, “bizitasunez beti”.
Alargunen Herria elkarteak mezu hau idatzi zion Joxe Ulibarrenari egunkariko eskelan: “Zure eskuekin eta zure lanarekin forma eman zeniolako herri honen memoria kolektiboari”. Hark memoriari egindako ekarpenengatik, miresten dutenak sinetsiak daude haren lana harrian grabatuta geldituko dela.
Goiko irudia: Joxe Lacalle.