“Sortzen ari diren aukerak baliatzea da sindikatuon erronka”

“Sortzen ari diren aukerak baliatzea da sindikatuon erronka”

Edurne Elizondo

COVID-19aren pandemiarekin, itxialdiaren testuinguruak baldintzatuko du aurtengo Maiatzaren Lehena, ezinbertzean. ELAko Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualek (Iruñea, 1981) argi eta garbi erran du sindikatuaren epe motzerako helburua dela langileen osasuna bermatzea, egungo krisiaren eraginez. Mitxel Lakuntzak utzitako postua betetzen du Pascualek, iazko apiriletik. Zaintza erdigunean jartzeko beharra nabarmendu, eta kalitatezko zerbitzu publikoen defentsa sendoa egin du.

Urtea greba orokor batekin hasi zen; Maiatzaren Lehenak, berriz, etxean itxita hartuko ditu langileak.

Greba egin genuenean, bi auzi nagusi jarri genituen mahai gainean: batetik, bizitzak erdigunean jarri behar zirela aldarrikatu genuen; eta, bestetik, austeritatea eta murrizketak oinarri dituen eredu ekonomiko honek gizartean ondorio latzak dituela utzi genuen agerian. Orduan ez genuen espero orain dugun egoeran egonen ginenik, baina ondorioa argia da: auzi horiek erdigunean jartzeko gero eta behar handiagoa dago, gertatu denak erakutsi duelako egiturazko krisi bat pairatzen ari garela.

2008ko krisiaren aitzakiarekin egindako murrizketen ondorioak agerian gelditu dira?

Bai, argi eta garbi. Austeritatearen ondorioak nabarmenak dira; Nafarroan, hain zuzen, murrizketak gogorrak izan ziren osasunaren arloan; pribatizazioaren bidetik jo zuen administrazioak, eta orain ari gara hartutako erabaki horien guztien ondorioak pairatzen. Behin-behinekotasuna, adibidez, %40 da Osasunbidean. Europako Batasuneko batezbestekoarekin alderatuta, hemen ohe gutxiago ditugu ospitaleetan. Osasun krisiak orain agerian utzi du horrek guztiak duen eragina.

Itxita, baina irudi komun batekin aldarrikatuko duzue Maiatzaren Lehena ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek.

Garrantzitsua da egun dugun testuinguruan sindikatuok gai izatea batasun hori irudikatzeko. Urtarrilaren 30eko grebarako egindako lanari segida eman diogu, finean.

Maiatzaren Lehenaren ondoko egoerari aurre egiteko garrantzitsua izanen da indar sindikal sendo bat osatzea?

Bai. Argi dugu aurreko krisian erabili zituzten errezeta berak erabiltzen saiatuko direla: bankuak erreskatatutako dituzte, eta horrek ekarriko du desberdinkeriek gora egitea. Horrelako erasoak eta murrizketak pairatzeko aukera badela argi dugu, baina argi dugu, halaber, gauzak beste modu batera egiteko aukerak ere sortuko direla.

Nolako aukerak?

Oraingo osasun krisiak hainbat gauza utzi ditu agerian: adibidez, zaintza lana zeinen beharrezkoa den, eta zeinen beharrezkoa den zaintza lan hori duintzea. Eta zaintza garrantzitsua da arlo guztietan: osasungintzan, zaharren egoitzetan, elikaduraren esparruan… Arlo horietan, hain zuzen, emakumeak ari dira lanean, batez ere, eta esparru horietan prekaritatea bereziki larria da. Hori salatu behar dugu. Arratsalde oro txalo egitea oso ondo dago, baina kolektibo horiek behar dutena da prekaritateari aurre egitea.

Gauzak beste modu batera egiteko aukera horiek nola sor daitezke?

Horretarako ezinbestekoa da gizartea aktibatzea eta mobilizatzea.

Eta hori lortzeko bidean, zer rol bete dezakezue sindikatuek?

Epe motzera begira, sindikatuon lehentasunak izan behar du osasun publikoa bermatzea, eta langileen osasuna bermatzea. Horrek berebiziko garrantzia du gure sindikatuaren jardueran. Etorkizunera begira, bai edo bai, behar duguna da austeritatea oinarri duten politikak bazter uztea, eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea. Zaintza jarri behar dugu erdigunean, eta, globalizazioaren aurrean, tokiko ekonomia suspertu.

Itxialdiak tokikoak duen garrantzia erakutsi du?

Itxialdian esperientzia oso positiboak sortu dira. Jendea antolatzen ari da, auzolanetik eta elkarlanetik. Sindikatuon lana da etor daitezkeen erasoei aurre egitea, baina baita sortzen ari diren aukera horiek baliatzen asmatzea ere. Hori da gure erronka.

Langileen osasuna aipatu duzu. Gobernuak interes ekonomikoak jarri ditu langileen osasunaren gainetik?

Oso kritiko gara osasun krisi honetan Nafarroako Gobernua izaten ari den jarrerarekin. Egia da egoera oso zaila dela, baina Nafarroako Gobernua egiten ari da patronala eskatzen ari zaiona. Hori ikusi da Pedro Sanchezek erabaki zuenean funtsezkoak ez ziren jarduerak etetea, Nafarroako Gobernua kontra agertu baitzen. Sindikatuok eskatu genuenean Aste Santuko ostegunean dendak ere ixteko, gobernuak eta patronalak horren aurka egin zuten, eta azkenean ireki zituzten.

Gure lehentasuna da osasuna bermatzea lan zentroetan, eta horretarako ezinbestekoa da baliabide gehiago bideratzea ikuskaritzaren esparrura, bai eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutura ere. Baliabide gehiagorik gabe, gobernuak kezka duela esatea keinu huts bat da.

Salatu duzue enpresa bakar batek ere ez duela isuna jaso segurtasun neurriak ez betetzeagatik.

Orain arte, gobernuak ez dio enpresa bakar bati ere isuna jarri segurtasun neurriak ez betetzeagatik. Hori oso larria da. Nafarroako Gobernuak enpresei zabaltzen dien mezua da lasai egon daitezkeela, neurriak hartu gabe ere ez dituztelako zigortuko.

Karrikan, berriz, jazarpena salatu dute hainbat sektorek.

Aldea nabarmena da. Enpresei ez diete isunik jartzen, baina kalean poliziak eta militarrak daude, konfinamendua betetzen dela ziurtatzeko. Herritarron aurkako jazarpena dago.

AHTaren lanek martxan segitzen dute, eta berriz ekin diete Nafarroako ubidearen lehen fasea handitzeko obrei. Dirua non jarri da kontua, ez zenbat dagoen?

Batetik gastua dago, eta, bestetik, zergekin gertatzen dena. Egungo egoerari buelta emateko eta desberdinkeriei aurre egiteko, ezinbestekoa da zerga erreforma bat egitea. Oraingo sistema bidegabea da, batetik, ordaintzen dugulako, batez ere, langileok; bestetik, zerga iruzurra ahalbidetzen duelako enpresentzat; eta, hirugarrenik, Europako beste hainbat herrirekin alderatuta askoz ere zerga presio txikiagoa dugulako.

Maiatzaren Lehenerako zer mezu ematen duzu?

Gure leloa da Bizitza gara. Nabarmendu nahi dugu kolektiboak duen indarra, batetik, eta zerbitzu publikoen defentsaren beharra, bestetik. Egoera hau atzean utziko dugu kolektibo gisa ari bagara, eta zerbitzu publikoak sustatuz. Horretarako lan baldintza duinak behar ditugu, bai eta zaintza lanetan ere.