Edurne Elizondo
Hasi, eta gelditu. Martxoan hasi zituzten Irurtzungo Pikuxar elkartearen egoitza berria eraikitzeko lanak, baina bertan behera utzi behar izan zituzten, bi astez, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez. Jo eta ke ari dira, berriz ere, eta elkarteko kideek gero eta hurbilago dute azken urteotako ametsa: herriko euskaldunek bat egiteko espazio berri bat zabaltzea.
2002. urtean sortu zuten Pikuxar Irurtzunen. Asmoa izan zen, hasieratik, euskaldunentzako txoko bat izatea, gisakorik ez zegoelako herrian, garai horretan. Gazteek zuten bat egiteko toki baten premia, batez ere. Larrazpi gazte elkarteko kideek bultzatu zuten elkartea sortzeko proiektua, hain zuzen ere, Orritz dantza taldeko kideekin batera.
Mabell taberna hutsik zegoela aprobetxatu, eta orain arteko Pikuxarren egoitza izan dena jarri zuten martxan, duela hemezortzi urte. Alokairuan hartu zuten etxea, eta hori izan da, hain zuzen ere, egoitza berri bat bilatzeko arrazoi nagusietako bat: “Urteotan guztietan diru pila gastatu dugu alokairuan, eta horregatik erabaki genuen erosteko garaia zela”, azaldu du Pikuxar elkarteko kide Marta Murillok.
Burokraziak denbora anitz kendu diela azaldu du Irurtzungoak, udalaren hasierako asmoa baitzen Pikuxarren egoitza izanen den etxea behera botatzea, eta etxebizitzak eraikitzea. Pikuxarreko kideek bertze bide baten alde egin dute, ordea: “Egia da Irurtzunen berezko arkitekturarik ez dugula, baina hau da herriko hasierako etxe bakarrenetako bat, eta eutsi nahi genion, ahal zen neurrian”. Horregatik, barrutik hustu egin dute, berriz eraikitzeko, baina etxearen kanpoko aldea aldatu gabe.
Oraingo lanen helburua da, beraz, egoitza berriaren egitura eraikitzea. “Uste dugu lan horiek hiruzpalau hilabete iraunen dutela; gero, asmoa da obra auzolanaren bitartez bukatzea”, kontatu du Murillok. “Urtebetean, prest izan nahiko genuke egoitza berria”, erantsi du.
Bitartean, zabalik jarraituko du orain arteko etxeak. Osasun krisiak eragindako alarma egoerak Pikuxar elkarteko kideei ere eragin die, noski, ateak itxi egin behar izan dituztelako hainbat astez. “Bitartean, alokairua ordaintzen jarraitzen dugu”.
Hitzaldiak eta bertze
Pikuxarrek helburu izan du, hasieratik, Irurtzungo euskalgintza, herrigintza eta kulturgintza saretzea. Arlo horiek bultzatzeko gune bilakatu dute bere bazkideek, urteotan guztietan; baina ez hori bakarrik: “Taberna ere badugu. Herrian, hain zuzen, asko sumatu zen gure elkartearen zabaltzea, horrelako topagune bat falta zelako”.
Egoitza berrian ere taberna izanen dute Pikuxar elkarteko kideek, eta, orain bezala, hamaika motatako jarduerak egiten jarraituko dute: “Hitzaldiak, erakusketak, zinema emanaldiak eta beste egin ditugu, eta egiten segituko dugu”.
Marta Murillok nabarmendu du hori lortzeko “ezinbestekoa” dela herritarren parte hartzea. Etxea erosteko ahalegina ez da txikia, eta proiektua garatzen jarraitzea da kideen asmoa.
Horretarako, kanpaina bat egin dute azken hilabeteotan, bazkide gehiago lortzeko asmoz. Helburu bat zehaztu dute elkarteko kideek: 120 bazkide izatera iritsi nahi dute. 70 baino gehiago ziren 2017. urteko bukaeran; orain, berriz, 96 dira. “Jende gazte askok egin du bat gurekin. Oraindik ez gara 120, baina asmoa hori da, proiektua bideragarria izan dadin”.
Pikuxar elkarteko kideak eskertu du Irurtzungo Udalaren jarrera, behar zituzten baimenak eta agiriak lortzeko bidea erraztu dielako. Elkarteko bazkide ez direnak ere gogoan ditu Murillok, haiek ere badirelako beren egoitzaren erabiltzaile. “Pikuxar itxiko bagenu, haiek ere sumatuko lukete falta”. 2002tik, beraz, elkarteak lortu du bere arrastoa uztea herrian.
Tokiz aldatuko da Pikuxar, egoitza berriaren lanak amaitzen dituztenean, baina hasierako oinarriei eutsiko diete kideek. Auzolana da oinarri horietako bat, eta, datozen hilabeteotan, auzolan horren bidez eginen du aurrera proiektuak. Etxe berri bat lortzeko ametsa gero eta hurbilago dute Irurtzunen.
Argazkia: Itziar Matxain-Pikuxar