Iraganaren arrastoen gainetik

Iraganaren arrastoen gainetik

Uxue Rey Gorraiz

Trikuharriaren kartela da zutik utzi duten gauza bakarra!”. Hala salatu du Etxarri Aranazko herritar batek Fagamendiko dolmenak berriki pairatutako txikizioa: monumentua zapaldu eta suntsitu egin dute, basolanak egiten ari zen makina astun bat gainetik pasatu baitzaio.

Hilaren lehenbiziko asteburuan zabaldu zen berria; hain zuzen ere, koronabirusak eragindako itxialdiaren mugak arindutakoan, mendizaleek lehenbiziko aldiz inguruetan ibiltzeko aukera izan zutenean. Herritarrek orduan ikusi zuten zer gertatu zen. Trikuharriaren oraingo egoeraren lekuko izan zirenek zenbait argazki eta bideo jarri zituzten sarean, eta berehala sortu ziren sumin eta haserre mezuak.

Herritarrek egin bezala, Hilharriak elkarteak ere gogor kritikatu eta salatu du Fagamendiko dolmena suntsitu izana. Elkarteko kide da Iñigo Txintxurreta, eta, azaldu duenez, “txikituta” gelditu da monumentu megalitikoa. “Ikusi dugu tumulu zati bat birrinduta dagoela, eta susmoa dugu ganbara ere suntsitu egin dutela, erakutsi dizkiguten bideoetan ez baitira ikusten trikuharriaren ganbararen harlauzak”.

Basozainek bildutako informazioaren arabera, makina Fagamendiko harri tumuluaren gainetik pasatu zen, eta, hortaz, desitxuratu egin du trikuharriaren jatorrizko forma. Gainera, adierazi dutenez, dolmena ez ezik, margo horiz eta zuriz pintatutako basabidea ere hondatu du enpresak, zura ateratzeko arbolak mozten ari zela.

Gertatutakoaren berri izan eta gero, egun berean —maiatzaren 4an—, Sakana-Mendialdea mugapeko basozainak Fagamendiko dolmenaren inguruetara azaldu ziren, hura ikuskatzeko. Akta batean bildu zituzten antzemandako kalteak, eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamenduak zehapen espediente bat ireki du basolanak egin zituen enpresaren kontra.

Maiatzaren 6an, Ingurumen Departamenduko basozainak, Sepronako kideak eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkeologoak bertaratu ziren, kalteak neurtzeko asmoz. Txosten bat egin dute bildutako xehetasunekin, salaketan aintzat har ditzaten.

“Saihesten ahal zen”

Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen Fagamendiko dolmena, 1954an, eta Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidearen parte da. Dozenaka dolmen ikus daitezke bidean, pago eta haritzen artean. Hilharriak elkartearen arabera, dolmenak informazio mordoa gordetzen du garai batean Ataun-Burundako mendilerroan eta haren inguruetan bizi ziren artzainei eta unaiei buruz.

Oso ezaguna da ingurua. Areago, askok argudiatu dute “aise” ikus daitekeela dolmena non dagoen, ongi seinaleztatua baitago aspaldi; bereziki sumindu ditu horrek, haien ustez agerian gelditu baita ez dela hutsegite bat izan, eta erraz saihesten ahal zela. Bestalde, Txintxurretak azaldu du monumentu megalitikoak mapan kokatzen laguntzeko tresnak ugari direla, eta harritua dio “sinestezina” iruditzen zaiola ikustea oraindik ere horrelakoak gertatzen direla.

Azaldu duenez, urteak dira dena “oso informatizatua” dagoela. Esaterako, Euskal Herriko Atlas Megalitikoari esker, posible da ikustea monumentu horiek non dauden kokatuak. Atlasa lurraldeka dago antolatua, eta, hain zuzen ere, guztien artean, Nafarroako lurrak aztergai dituena da berriena, oparoena eta osatuena.

Hilharriak elkartea arduratu zen hura egiteaz, hain justu. “Katalogoa osatu genuen, eta zehaztasun handiz jasota daude megalito bakoitzaren datuak eta koordenatuak”, azaldu du Txintxurretak.

Baliabideak asko izanagatik ere, Fagamendikoa ez da lehenbiziko kasua. Iñigo Txintxurretak gogora ekarri du, esaterako, 2018an Leitzako Irusoko dolmena hondatu zutela. Orduko hartan, monumentuaren gainean ehizarako dorre bat eraiki zuten.

Beraz, orain gertatu dena salbuespena ez dela ikusita, kritika egitea eta gaiaren inguruan hausnartzea “behar-beharrezkoa” dela uste du Txintxurretak. Haren iritziz, arazoa ez da baliabide eskasia, teknologiaren erabilera “desegokia” baizik. “Suntsitzeko erabiltzen dugu teknologia, horretan onak gara, baina gauzak babesteko… Horretarako ez dira ditugun baliabideak behar bezala erabiltzen”, esan du.

Hilharriak elkartea 1998tik ari da Euskal Herriko mendi eta basoetako monumentu megalitikoak babesteko lanean. Monumentu horien katalogazioan eta prospekzioan oinarritzen da haien jarduna. “Oso inportantea da horrelakoak lokalizatuta edukitzea, zaindu ahal izateko. Eta, hala ere, begira zer ari den gertatzen”, azaldu du Txintxurretak. Izan ere, Fagamendikoa ezaguna zen, eta kalte egin diote, halere.

Dena dela, horrelako gertaerek ez dute elkarteko kideen grina apaltzen, eta bila jarraitzeko indarra sobran dute, jakin arren handia dutela erronka. “Fagamendikoarekin gertatu bada, imajinatu zer gertatuko den oraindik ezagutzen ez ditugun monumentuekin!”.

Jendearen pentsaera aldatzea nahi luke Txintxurretak, “gogo falta” ikusten baitu. Sinetsita dago monumentu megalitikoak ez direla balioesten; uste du “handi-handiak” direnak miresten direla bakarrik. Horrelakoek informazio mordoa gordetzen dutela nabarmendu du: “Dolmenak, adibidez, ez dira hilobi soilak; lurra egituratzeko eta memoria gordetzeko ere balio dute”. Denboran atzera egiteko aukera ematen dute, Neolitoan hasi baitziren halakoak sortzen, eta orduko errituei buruzko informazioa jasotzeko aukera dute ikertzaileek haiei so eginez. “Duela 5.000 urte baino gehiagoko altxorrak ditugu, eta zaindu egin behar ditugu”.

Azken zenbaketen arabera, guztira bostehun trikuharri ezagun inguru daude Nafarroan. Gainerako monumentu megalitikoak ere aintzat hartuta hots, tumuluak, harrespilak eta zutarriak, 1.500 megalito daude Nafarroako lurretan. Pixkanaka, bilduma hori handitzea nahi dute. “Altxor berriak” aurkitu, zaindu eta gorde.

Argazkia: Hilharriak.