“Argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula”

“Argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula”

Edurne Elizondo

Osasunako entrenatzaile izendatu zuten Izaskun Mainz Kakun (Iruñea, 1985), duela bi aste, baina ezin izan du Taxoaren sartu, egungo osasun krisiak eragindako alarma egoeragatik [Nafarroa bigarren fasean sartu aurretik erantzun zituen galderak]. Lanari ekiteko eta jokalari guztiekin elkartzeko irrikan da.

Erran duzu ezustean harrapatu zaituela izendapenak; ari zara egokitzen?

Egia erran, hagitz gogorrak izan dira azken egunak. Batetik, jende anitzek zoriondu nau; ez nuen uste berriak hainbertzeko oihartzunik izanen zuenik. Bertzetik, hasi gara jada lanean, taldea osatzen, talde teknikoa zehazten, hurrengo denboraldirako ildo nagusiak markatzen, bideoak ikusten… Tarte labur batean lan handia egin behar izan dugu.

Sumatu duzu jada, beraz, Osasunako entrenatzaile izateak dakarren arduraren zama?

Bai. Bat egin du, gainera, oraingo osasun krisiarekin, eta horrek dena zaildu du. Egun osoa ematen dut telefonoa eskuetan, deiak egiten, Internet bidezko bilerak egiten… Lan handia dugu egiteko, eta kostatzen ari zait konfinamenduak ezarritako etenaldiari aurre egitea, egia erran.

Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean egon arren, egungo egoerak anitz baldintzatzen du zure lana?

Bai. Nahi nuen jokalariekin bileraren bat egin, baina ezin izan dugu. Ezin izan ditut ikusi eta zer moduz dauden galdetu. Eta horrek kezkatzen nau; kezkatzen nau konfinamenduak nola eragin dion jokalarien animoari. Finean, jokalariek elkar agurtu zuten pentsatuz hamabost eguneko epean berriz ariko zirela lanean, eta inork espero ez zuen hau guztia gertatu da; liga bertan behera geratu da, bertze talde bat igo da Lehen Mailara, entrenatzailea eta taldeko kideak aldatu dira… Jakin nahi dut horrek guztiak nola eragin dien, eta zer moduz dauden.

Oraindik ez duzu izan haiekin hitz egiteko aukerarik?

Jokalari batzuekin mintzatu naiz telefonoz, baina kontua da gogoa dudala guztiekin batera egoteko, eta guztiekin batera hitz egiteko. Ez ditut denak ongi ezagutzen oraindik, eta taldea itxi gabe dugu. Ondorioz, gauza anitz dago zehazteko, baina badut talde lan hori egiteko gogoa jada.

Zer urrats duzu buruan talde lan hori egiteko?

Hasteko, bideoak ikusi nahi ditut, gureak, etor daitezkeen jokalarienak, arerioenak… Hurrengo urratsa izanen da benetan martxan jartzea, eta ongien egokitzen zaigun jokoa antolatzea. Denboraldia hasi aurreko denbora aprobetxatu beharko dugu ongi jokalarien sasoia ikusteko eta egin beharrekoak egiteko. Ez da ohiko lana izanen, argi dut. Jokalariak hainbat hilabetez egon dira entrenatu gabe, eta hori sumatuko da, segur aski. Egokituz joan beharko dugu, poliki-poliki.

Erronka bat izanen da hurrengo denboraldia, beraz?

Bai, baina talde guztiak egonen gara egoera berean. Nik uste dut oraingo egoeran pisu handia izanen duela jokalarien animoak, eta hagitz garrantzitsua izanen dela elkar zaintzea eta elkarri lagunduz ongi egonen den talde sendo bat osatzea. Hori lortzea da oinarria, eta, hortik aurrera, futbolari buruzkoak landu.

Nolakoa da landu nahi duzun futbola?

Nik argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula. Horri garrantzi handia emanen diot, eta, hortik aurrera, noski, nire estiloa garatzen saiatuko naiz, talde teknikoko gainerako kideekin batera, eta gure jokalarien ezaugarriak kontuan hartuta.

Lagunak taldeko jokalari izan zinen, bertzeak bertze, entrenatzaile lanetan hasi aurretik. Anitz aldatu da egoera ordutik?

Nik uste dut formakuntza dela gehien aldatu dena; batez ere entrenatzaileena. Nik hagitz entrenatzaile onak izan ditut, eta haien eskutik jasotakoak bultzatu nau, neurri handi batean, lan hori egitera, baina egia da formakuntzaren esparruan anitz egin dugula aurrera.

Profesionalizazioa lortzeko bidean urrats bat aurrera egin da formakuntza horri esker?

Bai. Duela urte batzuk inolako agiririk ez zenuen behar talde bat entrenatzeko; orain bai, formakuntza zehatz bat behar da. Horrek on egiten dio futbolari, noski.

Halere, gizonen eta emakumeen artean alde handia dago oraindik ere.

Bai. Duela urte batzuk, egoera benetan larria zen. Ezagutu ditut lehengo Superligan aritutako jokalariak, ia ordaindu beharrean izan direnak jokatu ahal izateko. Badakigu bidea luzea dela, oraindik ere, baina oraingo egoerak alde on anitz badu. Denbora behar da, eta, batez ere, borrokari eustea.

Ainhoa Tirapu jokalari ohiak erran berri du belaunaldi oro saiatu dela hurrengoarentzat egoera hobe bat uzten. Hori da gakoa?

Argi dago ni hasi nintzenetik egoerak izugarri egin duela hobera. Taldekide izan nuen Ainhoa Tirapu, eta elkarrekin aritu gineneko egoerak eta oraingoak ez dute zer ikustekorik. Gizartea ere aldatu da. Gauza anitz lortu dugu, borrokatu garelako, eta horretan jarraitu beharko dugu.

Osasunan ere baduzu bide bat egina. Sentitu duzu taldearen babesa?

Esker ona bertzerik ez dut. Benjaminen entrenatzaile lanetan aritu naiz, orain arte, eta esperientzia hagitz ona izan da. Denen babesa sentitu dut.

Oraingo etapa hasteko gogoz?

Bai. Baimenak eskatzeko prest naiz, ahalik eta azkarren joan ahal izateko Taxoarera. Nik ezin izan dut itzuli, martxotik. Han ditut nire gauza guztiak. Ea laster entrenatzen hasteko aukera dugun, lanari ekiteko. Igotzea izanen da gure helburua, baina jakin badakigu bidea zaila izanen dela. Oraingo ziurgabetasuna bazter uzteko irrikan nago.