Larreglaren konpasean

Larreglaren konpasean

Edurne Elizondo

Medikua zuen aita, eta horregatik jaio zen Irunberrin. Herri horretara mugitu zen Domingo Larregla Garesko sendagilea, lanera, familiarekin, eta han sortu zen Joaquin Larregla, 1865. urtean. Aitak, gainera, Emilio Arrieta musikaria zuen lagun, eta harreman horrek bultzatu zuen Larregla musikaren bidera, neurri handi batean. Piano jole aparta eta konpositorea izan zen. Irunberritik Iruñera joan zen ikastera, eta handik, Madrilera. Hiri horretan zendu zen, 1945. urteko ekainaren 24an.

Larregla oroitu nahi izan du Nafarroako Artxibo Nagusiak, musikagilearen heriotzaren 75. urteurrena betetzen den honetan. Horretarako, musikariari buruzko erakusketa bat osatu du. Hilaren amaierara bitarte bisitatu ahal izanen da. Artxiboak Larreglarekin lotutako partiturak, objektuak eta agiriak jarri ditu ikusgai.

Haurtzaroan piztu zitzaion Larreglari musikarekiko zaletasuna, eta etxekoek sustatu egin zuten. Iruñean, batxilergoarekin batera egin zituen ikasketak, hiriko udal musika eskolan, eta handik joan zen Madrilera. Larreglaren aitak Nafarroako Diputazioko agintariengana jo zuen laguntza bila, semeak Madrilgo Musika Kontserbatorioan aritzeko aukera izan zezan. “Benetako pasioa du, eta jenio bat da”, idatzi zien laguntza eskaeran. Aitaren hitzek izan zuten profesionalen iritzien babesa ere, eta garai hartako Santa Cecilia orkestrako Joaquin Maia musikariak, adibidez, Larregla gaztearen talentua nabarmendu zuen diputaziora bidalitako gutunean.

Eskatu, eta jaso: Nafarroako Diputazioak 2.000 erreal eman zizkion Joaquin Larreglari ikasketak Madrilen egiten segitzeko. Maiarekin Nafarroan hasitako harremana ez zuen moztu, halere, eta, gerora ere, piano jole eta konpositore gisa nabarmentzen hasi zenean, hamaika lan egin zituen Santa Ceciliarekin. Iruñeko Orfeoiarekin ere harreman estua izan zuen musikariak, eta erakunde horri eskaini zion Siempre P’alante izenburuko konposizioa. 1899an burutu zuen. Lan horrekin batera, lau urte lehenago sortutako ¡Viva Navarra! jota da haren obrarik ezagunenetako bat.

Larregla eta Zubeldia

Konpositore ez ezik, piano jotzaile aparta ere izan zen Joaquin Larregla. Talentu horrek batu zituen, bertzeak bertze, Irunberriko musikariaren eta Emiliana Zubeldia konpositore eta piano jotzailearen bideak. Jaitzen sortu zen Zubeldia, 1888an, baina, Larregla bezala, laster mugitu zen familiarekin Iruñera. Han hasi zituen mundu osora eraman zuten ikasketak.

Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostiarekin ere izan zuen harreman estua Joaquin Larreglak. Aita Donostiaren lanik ezagun eta arrakastatsuenak Preludios vascos sailekoak dira: herri kantuen pianorako harmonizazioak dira, 21 guztira, eta 1912tik 1916ra bitartean eginak gehienak. Joaquin Larreglak estreinatu zituen lan horiek Madrilen, eta, izan zuten harrera beroaren ondorioz, orkestrarako harmonizazioak eskatu zizkioten Aita Donostiari.

Larreglak ez ezik, Emiliana Zubeldiak ere jo zituen aita Donostiaren Preludios vascos obrako piezak bere kontzertuetan, 1916tik aurrera. Aita Donostia bisitatzera joan ziren biak Lekarozera, behin baino gehiagotan, eta bisita horiek aprobetxatu zituzten musikariek beren lanak aita Donostiari erakusteko.

1945. urtean zendu zen Joaquin Larregla, Madrilen, musikaren esparruan ibilbide luze eta aberats bat egin eta gero. Arrasto sakona utzi du bide horrek kulturaren arloan. Irunberriko Udalak nabarmendu eta oroitu nahi izan zuen bide hori, 2015ean, konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrena bete zenean, hain zuzen ere. Omenaldian parte hartu zuen Fermin Bernetxea piano jotzaileak, bertzeak bertze: Joaquin Larreglaren, Emiliana Zubeldiaren eta aita Donostiaren piezak jo zituen.

Larreglaren pieza horietako batzuen partiturak ikus daitezke Nafarroako Artxibo Nagusiak osatu duen erakusketan. Musikariaren inguruko objektu eta agirien lagin txiki bat da Alde Zaharreko espazioan ikusgai jarri dutena. Oroitzea du helburu.

Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku