Politika zaharren ur geldiak harrapatuta

Edurne Elizondo

Lehengo lepotik burua. Egungo klima aldaketaren testuinguruan ere, uraren kudeaketaren inguruko politikek bere horretan segitzen dute: kontsumoa, ibaien suntsitzea eta azpiegitura handiak sustatzen. “Balio ez duena bultzatzen segitzen dute agintariek”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko buru Martin Zelaiak. Erakunde horrek eta Urbizi kolektiboak txosten bat osatu dute Nafarroan urarekin lotuta dauden gatazken inguruan, egindako urratsak aztertzeko, eta konponbideak bilatzeko asmoz. Proposamen zehatzak ere jarri dituzte mahai gainean, Nafarroako Gobernuak orain arteko bidean atzera egin dezan. Mezu nagusia argia da: “Ura ez da negozio bat; ura guztion baliabide bat da, eta zaindu eta babestu behar dugu”.

Babesteko eta zaintzeko, hain zuzen ere, orain arteko politikak erabat aldatzea ezinbertzekoa dela argi dute Sustrai Erakuntzako eta Urbiziko kideek, politika eta egiteko modu horiek, orain arte, interes pribatuei egin dietelako mesede, nagusiki. “Europako Uraren Zuzentarauak erraten duenaren kontra aritu dira”.

Zuzentarau horrek zehazten du, adibidez, ura ezin dela salgaitzat hartu, “babestu eta defendatu beharreko ondarea” delako; jasotzen du, gainera, erakunde publikoek elkarlanean aritu behar dutela, eta lan horren inguruko informazioa zabaldu eta helarazi behar dietela herritarrei, eta haien parte hartzea sustatu. “Administrazioek horren kontrako bidetik egin dute aurrera orain arte; herritarrek ez dute erabakitzeko ahalmenik, eta kontuan hartzen diren interesak dira eraikuntzako enpresenak, ureztatzaileen sindikatuenak eta energia enpresenak”, salatu du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak.

Zelaiak erantsi du politika horien ondorioak “larriak” direla, eta Nafarroan ekarri dutela uraren kudeaketarekin lotutako hamaika gatazka piztea. Horien inguruan osatu dute Sustrai Erakuntzak eta Urbizik txostena, egun mahai gainean dauden arazoak erdigunean jartzeko asmoz. Zazpi dira jorratu dituzten atalak, zehazki: Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea; Montejurrako Mankomunitateak Egaibarreko ura ustiatzeko duen proiektua; Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea; Esako urtegia handitzeko lanak; Zaraitzu ibaiko ura Esara eramateko asmoa; Muga meategia; eta, azkenik, ibaien eta uholdeen kudeaketa. Zortzigarren atal batean, proposamen zehatzak egin dizkiote txostena osatu duten eragileek Nafarroako Gobernuari.

Aztertutako atalak ezberdinak dira, baina badituzte puntu komunak, Zelaiak nabarmendu duenez. Batetik, herritarren parte hartzerik eza; bertzetik, gardentasunik eza; eta, hirugarrenik, proiektuok “garapenaren, aurrerapenaren eta enpleguaren izenean” bultzatu izana: “Hitz magiko bilakatu dituzte horiek, informaziorik ez duen gizarte pasibo batek edozer gauza onar dezan”.

“Lan zaila”

Uraren inguruko gatazkek argi erakusten dute gizarte osoak ez duela ontzat jo aginteak zabaldutako diskurtsoa. Tokian tokiko proiektu edo azpiegituren kontra sortu dira elkarteak eta plataformak, han eta hemen. Itoizko Koordinakundea, Itoitzekin Elkartasuna, Esa gehiago ez, lanak gelditu, Ega Bizirik edo Zain dira horietako batzuk. “Tokian tokiko kezka bada, baina zaila da herritarrek beren inguruan gertatzen denaz harago so egitea”, azaldu du Urbiziko kide Julia Ibarrak. Eta zaila da, hain zuzen ere, uraren kudeaketaren ardura beren esku duten erakundeek “ahalegina” egiten dutelako informazioa jasotzeko bideak zailtzeko.

“Informazioa jasotzea zaila da, eta herritarrek amore ematen dute; kazetariek ere ez dute laguntzen; gaia zaila da, eta presaka jorratzen dute. Argi dago uraren inguruan ditugun politikak garatzen dituztela hori egin ahal dutelako, kontrako presio nahikorik ez dagoelako, alegia”, erantsi du Ibarrak.

Tokian tokiko gatazkez harago, kontrako indar nahikorik izan ez duten politika komunak eta orokorrak daudela erantsi dute Urbiziko eta Sustrai Erakuntzako kideek; hau da, uraren auziari heltzeko modu jakin bat izan dela azken hamarkadetan: ura ondasun pribatu bilakatu nahi duten politikak. Horregatik, uraren kudeaketaren ingurukoak beren osotasunean hartzeko beharraz ohartarazi dute Zelaiak eta Ibarrak.

Egungo klima aldaketaren jokalekuan ere, ura gero eta baliabide urriagoa den garai honetan, politika horiek oraindik indarrean daudela salatu du Julia Ibarrak: “Kontua ez da orain arteko politika suntsitzaile horiek ez dituztela bazter utzi, baizik eta urrats bat gehiago egin dutela aurrera politika horiek garatzen jarraitzeko”.

Hori azaltzeko, Espainiako Gobernuak ur konfederazioetan martxan jarri duen prozesua aipatu du Urbiziko kideak. Izan ere, urrira arte zabalik dago ur konfederazioetako gai garrantzitsuen behin-behineko eskema jendaurrean erakusteko epea. Urbizik eta Sustrai Erakuntza fundazioak beren alegazioak prestatuko dituztela erran du Julia Ibarrak, eta argi utzi du Ebroko Ur Konfederazioak mahai gainean jarri duen agiria “iseka hutsa” dela.

Bi daturen berri eman du Urbiziko kideak, horren adierazgarri. Batetik, aipatu du Ebroko Ur Konfederazioko gai garrantzitsuen behin-behineko eskemako klima aldaketari buruzko zazpigarren gaia: “732 milioi euroren aurrekontua zehazten da; baina ia osorik erabili nahi dute araztegietan hobekuntzak egiteko, lurrak ureztatzeko sistemak modernizatzeko, eta urtegietarako. Urtegi gehiago egiteko asmoa azaldu du konfederazioak”. Urtegi gehiago, klima aldaketari aurre egiteko.

Bertzetik, agiri bereko hamalaugarren gaia aipatu du Julia Ibarrak. Gai hori ureztatzeko lurren jasangarritasunari buruzkoa da. “Ia mila milioi euroren aurrekontua du ureztatzeko lurrentzat; eta hamar milioi eurorena baino ez ibaiak babesteko benetako neurriak garatzeko”.

Politika publikoen bila

Ibaiak beren ibilguak hartzen duen espazioa baino anitzez ere gehiago dira. Baina hori ahaztu egin zaie agintariei azken hamarkadetan. Horixe salatu dute Sustrai Erakuntzak eta Urbizik beren txostenaren bidez. Ibaien dinamikak bazter utzita, uraren kudeaketarako neurriek gatazkak baino ez dituzte eragin, uraren beharrak negozio iturri bilakatu duelako baliabide urri hori.

Ikuspuntu horrek herritarren eskubideekin egiten du talka, argi eta garbi, txostenaren egileek nabarmendu dutenez. Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea dira horren adibide. Herrialdeak zazpi herri galdu zituen 2003. urtean; Charo Brinquisek bi azpiegitura horien inguruan egindako analisi ekonomikoak agerian utzi zuen, gainera, dirua jaten duen zulo beltz bat direla.

Segurtasuna kolokan jarri du Esa handitzeko proiektuak, bertzalde; kasu horretan ere, errealitateak ura negozio bilakatu nahi dutenen asmoen aurka egiten duela salatu dute proiektuaren kontra ari diren taldeek: egungo klima aldaketaren jokalekuan, urtegia handitu arren, ur gehiago ez delako izanen.

Antzekoa da Ega Bizirik taldeko kideen egoera: akuiferoak neurriz kanpo ustiatu nahi ditu Montejurrako Mankomunitateak, eta Ega ibaiaren ur emaria arriskuan dela ohartarazi dute inguruko herritarrek.

Hamaika gatazka, baina errealitate bera haien atzean: uraren kudeaketak politika publiko eta gardenak behar dituela oinarri, behingoz.