Etxeko hamar talde igoko dira oholtzara

Etxeko hamar talde igoko dira oholtzara

Edurne Elizondo

Erriberrik ez du hutsik eginen: hogeita batgarren aldiz, kulturaren ekinaldi klasiko bilakatu den antzerki jaialdia eginen dute herri horretan, hilaren 17tik abuztuaren 2ra bitarte. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek prestatutako programa aurkeztu berri dute, eta herritarrak deitu dituzte jada salgai diren sarrerak erostera. Osasun krisiak eragindako egoerara egokitzeko egindako ahalegina nabarmendu dute, batetik, eta “behar diren segurtasun neurriak” martxan jarriko dituzte, ondorioz; eta, bertzetik, etxeko konpainiak jarri nahi izan dituzte erdigunean, herrialdeko kultura sustatzeko asmoz: Nafarroako hamar talde igoko dira oholtza gainera.

Diziplina anitzeko jaialdia izanen da aurtengoa: antzerki lanekin batera, musika, dantza eta zirku ikuskizunak ere emanen dituzte. Denera, hogeita bost emanaldi izanen dira, hiru tokitan: Erriberriko jauregiko La Cavan, herriko kultur etxean, eta Tafallako kulturgunean. Erriberriko jauregian eginen dituzte jaialdiko antzezpen nagusiak, eta herriko kultur etxean eta Tafallan, berriz, antzerki poetikari buruzko ziklokoak.

“Gure betebeharra da jaialdi hau antolatzea, kultura zaintzeko, eta, aldi berean, kulturaren arloko profesionalak zaintzeko eta babesteko”: horixe nabarmendu du Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis F. Jimenezek. Argi utzi nahi izan du, gainera, kultura zerbitzu “publiko eta beharrezko bat” dela, “orain inoiz baino gehiago”.

Mezu berari heldu dio Nafarroako Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak ere, eta jaialdian parte hartzen duten konpainien ahalegina eskertu du; bereziki, egungo egoerara moldatzeko egindako ahaleginagatik. “Itxialdian funtsezko ondare bat izan da kultura, eta, orain, gertutik gozatzeko aukera izanen dugu Erriberrin”.

Mielotxin, Lauarin, Hutsun

Espainiako poesiatik Europako antzerki garaikidera lelopean eginen dute Erriberriko jaialdia aurten; Lope de Vega, Becquer, Manrique, Lorca eta Cervantes egileen testu klasikoak jorratuko dituzte, bertzeak bertze, baina programak jaso ditu, gainera, Samuel Beckett, Bertolt Brecht eta Franz Kafka egile europar garaikideen lanak ere.

Hilaren 17an, Iñigo Agerrik zuzendutako ikuskizunak inauguratuko du jaialdia: Mielotxin musika taldeko kideak, Lauarin Dantzariak eta Hutsun taldeko txalapartariak ariko dira elkarrekin oholtza gainean, Erriberriko jauregian. Toki berean aurkeztuko dute Adriana Bilbaoren eta Beñat Axiariren Hierro/Burdina lana, abuztuaren 1ean. Euskal doinuak eta flamenkoa batzen ditu obra horrek, migrazioaren auziari heltzeko.

Aurtengo jaialdia osatzen duten emanaldietako bi bertzerik ez dira estreinaldikoa eta Bilbao eta Axiarirena. Programa osoa http: //www.oliteteatrofestival.com/ helbidean ikus daiteke. Oholtza gaineko egunean eguneko emanaldiez gain, Yarleku konpainiaren lanak ere izanen du toki berezi bat aurtengo jaialdian, antzerki talde horri egokitu zaiolako ikerketa laborategi bat egitea, Erriberrin. Retales izenburuko obra du oinarri laborategi horrek. Jaialdiak iraun bitartean, obra hori lantzeko eta garatzeko aukera izanen dute taldeko kideek, udalak utzitako gune batean.

Maskarak eta toki hutsak izanen dira aurtengo jaialdian, segurtasun neurriek behartuta. Erriberriren antzerkirako grina, halere, ohiko bera da.

Argazkiak: Erriberriko Antzerki Jaialdia.