Uxue Rey Gorraiz
Argaren pasealekuan kokatu du bere azken lana Alicia Otaegi artista iruindarrak, ibaiaren ertzetan dauden baratzeetako batean. Orikaindik Soraurenerako bidea egin, eta aise bereiz daitezke pieza berriaren kolore biziak, inguruan duen naturan murgildurik; aski da burua pixka bat goratzea. Denontzako balkoia izena du artelanak, eta uda bukaera arte izanen da bertan.
Konfinamenduak iraun bitartean bizi izandakoek eraman dute Otaegi halako pieza bat sortzera; hau da, “balkoi berezi bat” egitera. Izan ere, ez du ausaz erabaki elementu hori irudikatzea. Dioenez, koronabirusaren ondorioz izandako itxialdiaren “ikur” bilakatu da balkoia, hori izan baita, kasu askotan, kanpoaldearekin kontaktua izateko herritarrek eduki duten modu bakarrenetakoa. “Gotorlekuan sartuta egon ginen asteetan, kanpora so egiteko eta askatasun apur bat sentitzeko bidea izan da; etxeko gauzez apartekoak ikusteko begiratokia”, azaldu du artistak.
Kanpokoa ikusteko ez ezik, komunikatzeko ere balio izan dute balkoiek. Otaegiren esanetan, balio izan dute, esaterako, “txalotzeko, aldarrikapenak egiteko, salatzeko, jendeak bizilagunekiko harremanak indartzeko, eta baita, besteak beste, nork bere talentua erabilita ingurukoei itxialdia arintzen saiatzeko ere”. Gauza ugari egiteko “agertoki apartak” izan dira balkoiak, artistaren ustez, eta, are gehiago, sinetsia dago askok hor pasatu dituztela “eguneko momentu kuttunenak” itxialdian.
Bakoitzak bere modura erabili ditu espazio horiek etxean, eta, ondorioz, esanahi mordoa biltzen du kontzeptuak berak, artistaren iritziz. Ordea, Otaegik uste du, era berean, balkoiek balio izan dutela “gizarte klaseen arteko desberdintasunak nabaritzeko” ere; hau da, balkoiak bereizgarri izan direla “dirudunak eta hain dirudunak ez direnak” identifikatzeko, oro har.
Bi jende klase horien arteko aldea ikusteaz gain, beste ondorio bat ere ekarri du hausnarketak Otaegiren baitara: pertsona batzuek beste askok baino nabarmen okerrago pasatu dute itxialdia, “baldintza oso kaskarretan”. Hain zuzen ere, eta ideia hori buruan, bereziki “balkoirik ez duten horiei” eskaini die artelana Otaegik, eta hala bildu nahi izan du izenean bertan: Denontzako balkoia.
Lau oinarriko azpiegitura garai baten gainean eraiki du Otaegik pieza artistikoa. Hala, artelana ikusi nahi dutenek ez dute zertan baratzera sartu, eta, aldameneko bidetik igarotakoan, edonork ikus dezake; kanpotik, alegia. Gainera, obrak erakusketetarako prestatutako areto edo eraikin itxietan aurkeztu beharrean, gaur egungoa “artea kalera ateratzeko garai ezin aproposagoa” dela azaldu du Otaegik, eta hautu hori egitera animatu nahi ditu gainerako artistak ere.
Balkoiaren lau paretak egiteko, etzaulkietarako zorroak erabili ditu Otaegik. Zehazki, dagoeneko saldu ezin direnak hartu ditu, biltegian egoteagatik hondatuak daudenak. Azaldu duenez, urteak dira bereziki ahalegintzen dela bere lanetarako erabiltzen dituen materialak eta haiek lantzeko moduak ingurumenarekin errespetuzkoak izan daitezen. Horiek horrela, nabarmendu du “biziki garrantzitsua” dela sortutako egiturak eta piezak “material bakarrekoak” izatea, horrela errazagoa baita birziklatzea eta berrerabiltzea. Adibidez, paretei eusten dieten metalezko egiturak baratzean barazkiak lantzeko erabili ahalko dira gero, behin artelana bertatik erretiratutakoan.
Itxialdiko gogoeten fruitu
Herritar askoren gisan, emozio anitz sentitu zituen Alicia Otaegik konfinamendu garaian, nahiz eta, dioenez, ez den sentsazio guztiz berria izan harentzat. “Artistok badakigu zer den itxita egotea. Asko horrela ibiltzen gara sortzen ari garenean, gure baitan murgildurik”. Haren ustez, gainera, artistak aski ohituak daude “baldintzak alde ez dituztela” lan egitera, hots, “modu prekarioan”, baita beste mota batzuetako estualdiak izatera ere: adibidez, sortzeko orduan ez atzera ez aurrera ibiltzen diren horietan.
Aitortu du, dena dela, “hilabete gogorrak” izan direla, eta oraindik ere kezkatua dagoela, bereziki, etorkizunean zer gertatuko den pentsatzean, artisten ibilbide profesionalekin batik bat. “Ikusi dugu gure proiektu asko bertan behera gelditu direla, eta oraindik bizirik daudenetako asko geldirik ditugu, zoritxarrez”, azaldu du Otaegik. “Bertigo sentsazioa” eragin dio horrek, zer etorriko ote den hausnartu duenetan.
Hala eta guztiz ere, esan daiteke konfinamenduak eragindako geldialdiak utzi dituen arrasto positiboetako bat dela Denontzako balkoia. Orain, aurkeztu berritan, pozik begiratzen dio artistak lortutako emaitzari. “Horrelako egoera zailetan sentitzen dudan presioak lagundu egiten dit aurrera egiten”, esan du.
Otaegiren ustez, artista batek ez du zertan sortu beti gaurkotasunari loturik, baina, kasu honetan, berak “behar handia” sentitu zuen gertatzen ari zenari buruz sortzeko. “Ez dakit oportunista izatea den, baina iruditu zitzaidan interesgarria zela bizitzen ari ginen garai bitxi horrekin lotutako zerbait egitea”
Dena dela, Otaegiren obrak badu iraungitze data, eguzkiak pixkanaka kolorea kenduko baitie denontzako izan nahi duen balkoiaren lau paretei. Beraz, uztail-abuztuetan biziko da lana.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku