Mende laurden bat harritzen

Mende laurden bat harritzen

Edurne Elizondo

Herritarrak eta bisitariak harritzen; horretan ahalegindu da Nafarroako Gobernuaren Kultur programa, 1996. urtetik. 25 urteko bidea egin du, eta, harriz harri, pareta sendo bilakatu da kultura eta turismoa uztartzen dituen zikloa. Bihar hasi, eta irailaren 8an amaituko da.

Iaz, 13.100 ikus-entzule baino gehiago izan zituen Kultur zikloak; koronabirusak eragindako osasun krisiak baldintzatu du aurtengo aldia, baina antolatzaileek ez diete uko egin hasieratik izan dituzten helburuei: “Herrietako ondarea erakutsi, kalitatezko kultur jardueren bidez”, azaldu du Roberto Rebolek, Kultura Departamentuko teknikari eta Kultur-eko arduradunak.

Rebole duela ia hogei urtetik ari da Kultur zikloko egitaraua prestatzen. “Garatzen joan da, noski, baina programak herri musika izan du beti ardatz; aurten ere bada, baina hasi gara bertze bide batzuk zabaltzen”, erran du. Zehazki, musika klasikoari eman dio bidea aurtengo Kultur-ek, eta hori egiteko aukera pandemiak sortu du, hain zuzen ere: “Leireko monasterioan abestu behar zuen abesbatzak huts egin du; horrelako toki batera ezin dugu edozein jarduera eraman, eta musika klasikoaren aldeko apustua egitea erabaki dugu, datozen urteotan ere urratsak egiten segitzeko asmoz”. Francesca Croccolino piano jotzaileak eta Alberto Itoiz Nicuesa flauta jotzaileak emanen dute aurtengo zikloko azken kontzertua, Leiren, irailaren 8an.

Ordurako, eta bihar hasita, bertze 35 herritan izanen da Kultur programa. Data egokitu behar izan dute Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek, ekainean hastekoa baitzen zikloa, ohi bezala. “Alarma egoera ezarri zutenean, programa itxia genuen jada. Osasun krisiaren ondorioz, hasiera atzeratzea erabaki genuen. Hainbat taldek huts egin zuten, gainera, eta egitaraua egokitu behar izan dugu”, kontatu du Roberto Rebolek.

250.000 euro

“Programa sendo bat lortu dugu; herritarrak eta udaletako agintariak kontent dira Kultur zikloarekin, eta bisitariak eta parte hartzen duten artistak ere bai”, erran du Kultura Departamentuko teknikariak. Urtez urte egindako urratsak nabarmendu ditu, programa hartu duten herrien eta parte hartzaileen kopuruak gora egin baitu, Kultur martxan jarri zenetik.

Uztailean egin zuten lehendabiziko urteetan; uztailean eta abuztuan, gero. “Azken urteotan, berriz, ekainean hasi izan dugu zikloa, eta irailera arte iraun du”, gogoratu du Rebolek. Aurtengo programak 250.000 euroren aurrekontua duela erantsi du, eta kopuru horren bueltan ibili izan direla azken urteotan. “2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz, aurrekontua murriztu zuten. Egoerara moldatu behar izan genuen”.

Egoerara moldatu, hasierako asmoak bazter utzi gabe. Hori izan da Kultur zikloaren lelo nagusia, hasieratik: “Turismoa eta kultura uztartzea, herriek duten ondarea erakusteko eta sustatzeko”. Horregatik, hain zuzen, harriak bilakatu ziren Klutur zikloaren lehendabiziko aldietako irudi eta ikur, eta horregatik harriak jarri nahi izan ditu Kultura Departamentuak 2020ko programarako egindako kartelean ere: “Gure programa herrietako ondarearekin eta naturarekin lotzeko”.

Natura oholtza bilakatu du Kultur programak anitzetan, hain zuzen ere. Zailtasun teknikoen ondorioz, baina, aukera hori bazter utziz joan dira, eta, egun, Lizasoko Orgiko basoa da erabiltzen duten gisako toki bakarra. “Halere, lehentasuna dute beti espazio irekiek; Kultur programaren berezko tokia dira herrietako plazak”, erran du Rebolek.

Herrialdeko taldeen lanak ere pisu nabarmena izaten du urte oro Kultur programaren egitarauan. Aurten asmo hori inoiz baino garrantzitsuago bilakatu dela azaldu du Rebolek, pandemiak eragindako osasun krisiak min handia egin diolako kulturaren esparruari. Orain, berriz ere, martxan da, baina aste luzez artisten agendak hutsik izan ziren. “Guk ere badugu ardura bat arlo hori bultzatzeko; sumatu dugu herrietako kultur arduradunak ere guri so izan direla, gure bidetik segitzeko”, kontatu du kultura teknikariak.

Aurtengo zikloak, beraz, jende anitz izanen du so, egungo egoeraren adierazgarri. Hilaren 3an egindako aurkezpenean ere agerian gelditu zen berezia izanen dela Kultur-en 2020ko aldia: Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek parte hartu zuen, Kultura kontseilari Rebeca Esnaolarekin eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko buru Juan Carlos Castillorekin batera. Kultura sustatzeko beharrarekin bat egin du Indurainek, baina segurtasun neurriak ahaztu gabe: “Horregatik da garrantzitsua Kultur-en gisako ziklo bat, aukera ematen digulako zaintzeko formatua eta jende kopurua”.

Pedro Salaberri margolariak ere hartu zuen parte Kultur aurkezteko ekinaldian, haren obren erakusketa antolatu baitu Nafarroako Gobernuak, Bertizko jaurerrian. Bihar zabalduko dute, eta abuztuaren 30era bitarte ikusi ahal izanen da. “Lehen, lau erakusketa antolatzen genituen, urte oro, Kultur zikloaren eskutik. Duela bi legegintzaldi, baina, jarduera hori hutsean utzi zuen orduko gobernuak, eta aurreko legegintzaldikoak, berriz, berreskuratu zuen. Azken urteotan, baina, erakusketa bakarra egin izan dugu”, azaldu du Roberto Rebolek.

Salaberriren erakusketa

Pedro Salaberriren Caminos (Bideak) izenburuko erakusketa antolatu du aurtengo Kultur programak, zehazki. “Baztango eta inguruko paisaiak anitzetan margotu izan ditu Pedro Salaberrik, baina lehendabiziko aldiz eginen du erakusketa bat Bertizen. Hagitz kontent dago”.

Salaberri kontent dago, eta Kultur-eko antolatzaileen helburua da programa hartzen duten herriak ere kontent izatea. Onartu du, halere, ezin dituztela eskaera guztiak kontuan hartu. “Gero eta gehiago dira parte hartu nahi duten herriak; mugatuta gaude, eta denei ezin diegu baietz erran”. Roberto Rebolek nabarmendu du lehentasuntzat hartu dutela beti eskualde guztiak ordezkatzea; eta hori lortzeko, hain zuzen, azken urteotan zikloarekin bat egin duten herri anitz txandaka aritzen dira: “Leitzan egiten dugu urte batean, eta Lesakan hurrengoan”. Etxarri Aranatz eta Olatzagutia; Arguedas eta Valtierra; eta Azagra eta San Adrian herrietan ere txandaka aritzen dira.

Herriz herri hartzen du Kultur programak bere zentzu osoa, hain zuzen ere. Horixe nabarmendu nahi izan du Roberto Rebole kultura teknikariak. “Iruñean pilatzen ohi dira kultur jarduera nagusiak, eta garrantzitsua da kultura hiriburutik kanpo ere zabaltzea”. Kultura zabaltzea, eta herriz herriko espazioetara egokitzea. Pareta sendo bat osatzen duten harriak bezala.

Argazkiak: Kultur.