“Mukizapi baten gisa hartu gaituzte: erabili eta gero, bota”

“Mukizapi baten gisa hartu gaituzte: erabili eta gero, bota”

Edurne Elizondo

Agoizko herritarrak ezustean harrapatu ditu berriak: Siemens Gamesan ari diren 239 langileek postua galtzen ahal dute, multinazionalak alde eginen duela erran eta gero. Neurriak exijitu ditu Angel Martin Unzue alkateak (Agoitz, 1966).

Zer-nolako giroa duzue herrian?

Giro guztiz arrarotua. Jendea haserre dago, eta giroan sumatzen da. Duela hamar urte, panazea balitz bezala saldu ziguten Siemens Gamesa. Gogoan dut orduko Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek jendaurrean erran zuela Itoizko urtegia egiteagatik herriari ematen zioten ordaina zela Siemens Gamesa. Bostehun lanpostu sortuko zituztela erran zuen, eta eskualde osoari eginen ziola mesede.

Hala izan da?

Ez. Erran zutena inoiz ez da bete. Enpresaren etorrerak ekarriko zuena puztu zuten, baina hasieratik hustu egin da. Orain, 239 langile ditu enpresak, eta gehien izan dituenean 300-350 egon dira. Hori gertatu da azken hiru urteotan. Oraingo erabakiak, noski, zur eta lur utzi gaitu denok.

Sentitzen duzue hasieratik egin dizuetela iruzur?

Itoitz egiteagatik ordain gisa saldu diguten guztiak zama ekonomiko latz bilakatu zaizkigu. Ez dira benetako ordainak izan. Bere garaian hori salatu genuen, eta orain gertatzen ari denak erakutsi du zuzen ginela.

Zein da eskualdearen egoera?

2020ko maiatzeko datuen arabera, %13,72 da gure langabezia tasa. Hau da, Siemens Gamesa martxan egonda, Nafarroako batezbestekoa baino lau puntu gehiago. Ixten badute, egoerak okerrera eginen du, eta langabezia %18-19ra igo daiteke. Ezin dugu Siemens Gamesa ixten utzi, eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuak argi izan behar du premiazkoa dela eskualdea suspertzeko neurriak hartzea.

Siemens Gamesaren erabakiak ezustean hartu du herria. Ez zenuten inolako susmorik?

Astearte batez eman zuten hedabideek enpresaren asmoen berri. Aurreko ostiralean, hain zuzen, zuzendaritzako kideei deitu nien, prentsaren bidez jakin genuelako aldi baterako hainbat kontratu bertan behera utzi zituztela. Herrian susmoren bat bazen, ondorioz, eta jendea beldur zen enpresa ez ote zen behar bezain ongi funtzionatzen ari. Horregatik deitu nuen enpresara, bilera eskatzeko.

Langileak ere kezkatuta ziren?

Haiekin ere egin nituen bilerak, eta kontatu zidaten enpresak ziurtatu ziela 2021. urtea bukatu arteko lan karga bazutela, gutxienez. Beraz, ixteko asmoen berriak ezustean hartu gintuen denak. EH Bilduko Nafarroako arduradun batek deitu zidan, hedabideetan atera zenaren berri emateko.

Enpresaren deia jaso zenuen?

Bai, koalizioko kidearen deia jaso eta handik ordu laurden batera. Siemens Gamesako Europako buru Javier Trapiellak deitu zidan. Erran zidan kortesiazko deia zela, errateko enpresak jendaurrean azaldu zuela jada itxi eginen zuela Agoizko lantegia.

Bilerarik egin duzue enpresako kideekin?

Bai. Gure kezka agertu genien, eta argi utzi genien beren erabakia ez genuela ulertzen, enpresak, oro har, irabaziak dituelako. Enpresak, batez ere, kostuak jarri zituen erdigunean, pala handiagoak egin nahi dituztelako. Agoizkoa lantegi berria da, eta badu gaitasuna pala horiek egiteko. Enpresako kideek berretsi zuten kostuarena, palak Bilbora eramatea zama handia zela, eta horregatik erabaki zutela bertze herri batera joatea. Bilboko portua enpresa herrira etorri zeneko toki berean da. Deslokalizazio hutsa da.

Uste duzue hasieratik zegoela mahai gainean herritik alde egiteko aukera?

Ez dakigu. Uste dut galdera horri Nafarroako Gobernuak erantzun behar diola. Gobernuak erran beharko du zer-nolako konpromisoak lotu zituen enpresarekin, duela hamar urte; gobernuak argitu beharko du zeren truke jaso zituen enpresak jaso zituen laguntzak. Eta argitu beharko du, hala izan bada, zergatik ez diren hartutako konpromisoak bete.

Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiterekin hitz egin duzu; zer erran dizu?

Erabakiaren berri izan bezain pronto deitu nion. Txibitek erran zidan gobernua ere ezustean harrapatu zuela berriak. Ez zutela espero. Nik, egia erran, zalantzak baditut horri buruz. Txibitek erran zidan bere esku dagoen guztia eginen duela lantegia ez ixteko, eta Espainiako Gobernuko Lan Ministerioarekin harremanetan zirela jada, auziari konponbide bat emateko. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariarekin ere hitz egin nuen, eta joan den astean bilera egin genuen harekin. Mezu bera helarazi digu, ahalegina egiten ari direla egoerari buelta emateko.

Baikor izateko tartea badela uste duzu?

Egoera zaila da. Siemens Gamesaren gisako multinazional batek horrelako erabaki baten berri ematen duenean jendaurrean, zaila da atzera eginaraztea. Langileek ere badakite, baina guri dagokiguna da langileon aldean jartzea, eta ahalegin guztiak egitea, lantegia ez ixteko. Nafarroako Gobernuari exijitu behar diogu egoera hau konpondu behar dela, denon artean.

Itoizko urtegiaren aurkako borrokak markatu du Agoizko egunerokoa; herriak hainbat azpiegitura jaso ditu ustezko ordain gisa, baina egungo egoera da langabeziak jotzen duela eskualdea. Erabili zaituztetela sentitzen duzue?

Bai. Herrialdeko agintarientzat mukizapi baten gisakoa izan da gure herria: erabili eta gero zaborrontzira bota egin gaituzte. Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea hemen egoteak anitz eragin dio eskualde osoari. Gatazka handiko urteak izan ditugu. Pixkanaka, zauriak sendatzen joan dira herritarren artean. Herriari saldu nahi izan zioten azpiegitura horiek aberastasuna eta garapena ekarriko zutela, eta errealitatea guztiz kontrakoa da.

Herritar anitzek sinetsi egin zuten diskurtso hori, eta bertze anitzek ez. Orain?

Orain, bere garaian proiektuon kontra lerratu ziren herritarrak kritikatu zituzten bizilagunek ere argi dute engainatu gaituztela. Gamesaren lantegia zabaldu behar zutenean gure kezka agertu genuenon jarrera kritikatu zutenek ere onartu behar izan dute zuzen ginela. Itoizko urtegia ekarri ziguten, baina eskualdean gelditzeko eta bizitzeko alternatibarik ez dugu jaso.

Garesti ordaindu duzuela uste duzu?

Hagitz garesti. Herrialdeko eskualderik pobretuenetako bat da gurea egun. Pirinio aurreko eskualdea da gurea, eta Pirinioetan dituzten arazoetako anitz baditugu guk ere; despopulazioa handia da, adibidez. Gure eskualderako planik ez dago, ordea. Eta hori behar dugu. Eskualdea sustatzeko benetako politikak behar ditugu, eta hori exijitu diogu Nafarroako Gobernuari.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku