Iritzia: Laguna, baina ez kuadrillakoa

Iritzia: Laguna, baina ez kuadrillakoa

Amets Aranguren Arrieta

Sant Pol de Mar-en izan naiz joan den astean, Juliaren etxean. Hara heldu eta bere lagun taldearekin elkartzean, pertsona berri bat ikusi eta galdetu diot Juliari: “Nor da hori?”. “Adria da, gurekin elkartzen da orain”, erantzun dit. Ez nuen ulertzen. “Zure betiko lagun taldean, zure kuadrillan berri bat dagoela? Baina nola? Eta zergatik? Nondik atera da? Ez du kuadrillarik?”. Berak ez zituen nire galderak ulertzen. Normal. Lagun talde/ kuadrillaz hasi gara hizketan eta defendaezina defendatzen saiatu naiz (nahiko ridikulua, egia esan).

Gordinki esanda kuadrilla instituzio itxia da, idatzi gabeko lege eta arauak dituena. Hortik kanpo lagunak daude, baina beste maila bateko lagunak (gero ez da horrela). Tristea da oso, baina garrantzitsua da markatzea nor bai eta nor ez den kuadrillakoa.

Areta eta Ibairekin elkartu naiz eta gaia atera diet, ea nola bizi (izan) duten haiek kuadrillaren fenomenoa. Alde onekin hasi da Areta. “Zerbaiten parte izateak animoa igotzen dizu”… Baina “betiko lotzen zaitu”, eta hori alde onetik baina txarretik ere ikus daiteke. Kuadrilla etiketa beraren kontra agertu da Areta, lagunen eta kuadrillaren arteko bereizketa behartu horren kontra. Gainera, “kuadrillatik ihes egitea zaila da oso, eta baita arraroa ere”, gehitu du. Infidelitate kasuak gertatzen dira. Hala sentitzen dute askok. Pentsa zein den panorama. Ibai herriko kuadrillaz aritu da eta hirikoarekin egin du konparaketa. Bera adinekoekin elkartzen da herrian. Berdin da zeintzuk diren haien zaletasunak, interesak, pentsaera… Hori tokatu zaio eta punto. “Badu alde on bat: bestela ezagutuko ez zenukeen jendearekin tratatzen duzu”, dio. Baina ez dira lagun hautatuak. “Zer esanen ligukete gu hiruroi musika talde bat sortu gabe hainbestetan elkartuko bagina? Arraroa litzateke…”, bota du Aretak.

Kuadrillak babestu egiten zaitu. Baina zein puntutaraino da babesa eta ez muga? Lau urte pasa ditugu guk bereizirik, bakoitzak punta batean ikasi duelako. Lau urte izan ditugu libre. Asko egin dugu kuadrillarekin kontsultatu gabe. Orain bakoitzak badu beste mila mundu taldetik kanpo. Hor ikusten da lehenago zertan genuen babesa eta zertan muga. Sektarismoak ez du laguntzen.

Haizegoak antzeko zerbait kontatu dit; alde onak aipatu ditu gehienbat: lagun talde horrekin beste inorekin baino bizipen gehiago izatea eta elkarren arteko konplizitatea. Eta azpimarratu du “sekula” ez duzula izanen inorekin “kuadrillarekin duzun bezain harreman estua”. Talde “itxi” batean egotearena ere sentitu du txarrera, baita taldearekiko dependentzia ere. Nahiak gehitu du kuadrilla batzuetan, partaide denak ez egotekotan, ez dela planik egiten, falta denarekiko “errespetuagatik” edo. Leku berri batera heldu eta lagunak egin nahi izatean ere sentitu du igual kuadrilla batean sartzen ari zela eta haiek ez zutela nahi.

Lagunok… Bada zer pentsatua. Kuadrillen abolizioarena ez da erronka makala. Portzierto, Haizegoa eta Nahia nire kuadrillakoak dira. Julia, Areta eta Ibai lagunak, baina ez kuadrillakoak.

Argazkia: Nafarroako Ikastolen Elkartea.