Edurne Elizondo
Emakume azkarra zen, ausarta; aitzindaria”. Horixe erran du Alberto Barandiaran kazetariak Xole Erbiti buruz (1942-2009). Barandiaranek idatzi du Erbitiri buruzko biografia, Bidegileak bilduma itxi duena. Eusko Jaurlaritzak 1987. urtean jarri zuen martxan egitasmo hori, eta, geroztik, launa liburuxka biltzen dituzten 68 sorta argitaratu ditu: 272 biografia denera. “Polita da bilduma Erbitiri buruzko lanarekin amaitu izana”, erran du Barandiaranek.
Bildumaren helburua izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutaraztea, eta Xole Erbiti izan zen horietako bat, zalantzarik gabe: helduleku sendo bat eman zion euskarari ia deus ez zegoenean. “Lan isila eta apala” egin zuen, ezinbertzekoa. Soka luzea ekarri zuen, ultzamarrak bidea hasi zuelako: Nafarroako lehendabiziko euskara teknikaria izan zen.
Ultzamako Ilarregin jaio zen Xole Erbiti Arbilla, 1942. urtean. Berueteko eskolan aritu zen irakasle, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Zerbitzuko Euskara saileko teknikari postua lortu baino lehen. “Irakasle izateko oposizioa ez zen izan Erbitik gainditutako bakarra; Espainiako Ogasun Ministerioan lan egiteko postua ere lortu zuen”, azaldu du Barandiaranek. Erbitik, baina, bide berri bat hastea erabaki zuen, ausardiaz, eta oposizioa irabazi eta gero, 1973ko martxoaren 9an, Nafarroako lehen euskara teknikari bilakatu zen. 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan, 2007an erretiroa hartu zuen arte.
Euskararekin konpromisoa
Duela bost urte egin zioten Alberto Barandiarani Erbitiri buruzko biografia idazteko proposamena, eta kazetariak lan horri esker deskubritu ditu euskara teknikariaren figura eta bidea: “Informazio gutxi zegoen; lankide izan zituenekin eta familiakoekin hitz eginda osatu dut biografia”.
Izan ere, Erbiti ez zen inoiz nabarmendu. Lan isila baina etenik gabea egin zuen euskararen alde, jokaleku zail batean. Zaila zen, batez ere euskara teknikariak ia hutsetik egin behar izan zuelako bere bidea: “Garai hartan, ikastolak sortzen ari ziren herri askotan; ez zegoen argi zer egin behar zen, ez zen araudirik, ez zen helduleku izan zitekeen legerik, diru laguntzen inguruko hamaika zalantza baziren… Testuinguru horretan aritu zen Xole Erbiti lanean”, nabarmendu du Barandiaranek.
Bertze lanak baztertu eta euskara teknikari bilakatuta, hizkuntzarekin zuen konpromisoa erakutsi zuen Xole Erbitik: “Etxean jaso zuen euskararen aldeko jarrera hori, eta txikitatik utzi zuen agerian. Eskolan, adibidez, irakasle erdaldunak zituzten, baina ikaskideei euskaraz egiteko esaten zien Erbitik beti, haiena euskara zela”, kontatu du biografiaren egileak.
Barandiaranek erantsi duenez, bertze batzuen konpromisoari esker sortu zen Erbiti euskara teknikari lanetan aritzeko aukera: “1960ko hamarkadaren bukaeran, hor aritu ziren Jose Maria Satrustegi, Pedro Diez de Ulzurrun, Javier Urmeneta eta beste euskararen alde zerbait egin nahian; sortu zen Principe de Viana aldizkaria, sortu zen euskarazko aldizkari bat, eta herriz herri ibili ziren euskara ezagutzen zuten umeei diplomak ematen. Batzuetan iruditzen zait orduan euskararekiko jarrera hobea egon zela, 1970eko hamarkadaren ondotik ezagutu ditugun garai batzuetan baino”.
Giro horretan sortu zen Erbiti Nafarroako lehendabiziko euskara teknikari bilakatu zuen postua. “Euskal Herrian ere lehenengoetarikoa izango zen”, erran du Alberto Barandiaranek. Hastapenean irakaskuntzaren esparruan Erbitik egindako lana ere nabarmendu nahi izan du kazetariak: “Ikastolak sortzen hasi zirenean, gora egin zuen irakasle euskaldunen premiak, noski. Irakasleek, euskaldunak izanda ere, ez zuten inolako formakuntzarik euskal kulturaren edo literaturaren arloan, eta Erbitik antolatu zituen gabezia horiei aurre egiteko ikastaroak”.
1972an, Nafarroako Diputazioak hitzeman zuen baliabideak jarriko zituela euskara irakaskuntzan sar zedin, eta ahalegin pribatuak lagunduko zituela. 1973ko udan antolatu zituen Xole Erbitik irakasleentzako lehendabiziko euskara ikastaroak, Jon Oñatibia kazetari eta irakaslearen zuzendaritzapean. Euskal Herri osoko 63 lagunek eman zuten izena ikasle gisa. Gehienak emakumeak ziren. “Adituen eta irakasleen artean, berriz, ia denak gizonak. Irakasleentzako ikastaroen inguruko argazkietan gizonek inguratuta agertzen zen Erbiti beti. Berdin gertatzen zitzaion Euskaltzaindiko batzarretan. Emakume izateak ere ekarri du, segur aski, hain ezagun ez izatea”.
Barandiaranen liburuxkak egin dio aitortza Xole Erbitiren bizitza osoko lanari. “Erakusteko kate bat dela dena; deus ez dela hutsetik sortzen”.
Argazkiak: Bidegileak.