Edurne Elizondo
Kontu zail batera etorri naiz”. Arazorik gabe onartu du Angel Errok ez zaiola erraza bere lanaz hitz egitea. Iruñean, Civican fundazioak antolatutako Letrakide programan aritu da bere obraz: ez irakurleak jasotzen duen azken emaitzaz, baizik eta liburua irakurleen esku jarri aurreko prozesuez: idazteko moduez eta letren bidez azaldu nahi dituenez. Horretarako, Lerro etena (2004-2018) bere azken liburua hartu du abiapuntu (Elkar, 2019). Lerro etenez jositako bidea baita Errok literaturan eta bizitzan egindakoa, egileak jendaurrean eta maskara jantzita azaldu duenez.
Civican egoitzako patioan aritu da Erro, eguraldia eta egungo osasun krisiaren jokalekuan baimendutako ikus-entzule kopuru mugatua lagun. “Ohitu beharko dugu halako tokietan aritzera”. Karrikara eraman ditu koronabirusak kultur ekinaldi anitz, eta hortxe, karrikan, herabetasun puntu batekin, ireki egin du Errok bere kontuen, bere liburuen eta bere literaturaren oharrak gordetzen dituen kutxa.
“Pixka bat zaila da”, berretsi du. Civican erakundeko euskarazko irakurle klubeko arduraduna da idazlea aspalditik, baina bere buruaz aritzeko hartu du hitza, oraingoan. “Ez nago ohituta”.
Poema liburuak dira Errok idatzitako lehendabiziko biak: Eta harkadian ni (Elkar, 2002) eta Gorputzeko humoreak (Alberdania, 2005). 2019an argitaratu zuen Elkarrekin orain arteko azkena: Lerro etena (2004-2018). 2005eko eta 2019ko liburuok lerro etenez osatutako bere sormen prozesuaz mintzatzeko erabili ditu Angel Errok: batetik, balio izan diote kronologikoak ez diren gertaeren arteko harremanak sortzeko; eta, bertzetik, agerian utzi dute idazlearen genero aldaketa. Poesiaren lerroa eten, eta dietarioarena hasi du egileak bere azken liburuarekin. Baina zintzo jokatu nahi izan du irakurleekin: “Tranpa egin dut”. Memoriak ez duelako bide kronologikoa egiten Lerro etena liburuko orrietan, eta liburua “eginda” zegoela sentitu duelako idazten hasi aurretik. Eta gehiago erran du: “Idazten sufritzen duten idazle horietakoa naiz ni; emaitza bat lortu nahi duzu, eta emaitza hori eskuan duzula disfrutatzen duzu; baina, horrat iristeko, nik sufritu egiten dut”.
Aspaldiko koaderno bat
Denboraren perspektibak emandako kokapenetik egin dio so Errok Lerro etena osatzen duen “ernamuinari”: “Kasualitatez eta etxe aldaketa batean aurkitu nuen koadernoa; nire oharrak eta nire gauzak gordeak zituen”.
Garai jakin bateko kontuak jaso zituen Errok aurkitutako koaderno horretan, eta, haiei berriz ere so egin zienean, konturatu zen amaren gaixoaldiak eta Gorputzeko humoreak liburua kaleratzeko prozesuaren azken txanpak bat egin zutela: editoreak liburuari buruz bidalitako zuzenketen ingurukoak idatzi zituen amak ospitalean emandako garaiari buruzkoekin batera, bertzeak bertze. “Baina amari buruz idazten nuen ez barrua husteko, baizik eta egunero gertatzen zena jasotzeko. Ohar horiek berriz ere irakurri nituenean ohartu nintzen poema liburua sortzeko prozesuaren bukaerak amarenarekin bat egin zuela, hilabete horretan hil baitzen. Horrek ukitu ninduen, eta iruditu zitzaidan adierazgarria izan zitekeela, polita. Horrek eraman ninduen hautatutako generoaren alde egitera”.
Dietarioa osatu du Errok bere lerro etenen bidez. Eta dietarioak, ezinbertzean, niaren literaturara eraman du. Eta egin du hausnarketa: “Garai batean eleberriak zuen freskotasuna galdu egin du: garai batean, dena har zezakeen edukiontzia zen eleberria, baina fosildu egin da”. Dietarioan aurkitu du Errok aitortzak, hausnarketak eta bertze jasotzeko euskarria. “Esku libreagoa izaten dute idazleek dietarioetan eta egunerokoetan. Irakurle gisa maite dudan genero bat da”, erran du.
Aitortzak, hausnarketak, eta memoria. Lerro eteneko memoria. Horixe gorde du Erroren azken liburuak. Memoria ez da kronologikoa, ezta Erroren liburua ere. “Gure memoria ez baita lineala; kronologikoak ez diren gertaeren artean harreman magikoak sortzen ditugu”. Lerro eten horiek maite ditu idazleak; lotura magikoek osatutako memoriak. Baina ezin izan du isildu: “Hamalau urtekoak jaso ditu liburuak; gehiegi, jarraian jartzeko”.
Lerro etenen arteko harreman magiko eta bitxien aldekoa dela berretsi du Errok. Liburua osatzeko, baina, harriari puskak kentzen dizkion eskultorearen gisa aritu behar izan du, “autozentsuraren bidetik”: “Niretzat katartikoak izan zitezkeen testu guztiak ez ziren egokiak liburuarentzat”. Eta, halere, “gehiegi biluzi” ote den pentsa dezake irakurleak, egilearen ustez. “Nik badakit zer ez dudan sartu, eta ez zait iruditzen gehiegi biluzi naizenik”.
Bere idazteko moduaz aritzea zaila zaiola aitortuz hasi du Errok solasaldia. Argi utzi du, bukatu arte, bere burua lerro eten baten gisa ikusten duela, eta bere memoriako lerro etenak ageri direla bere testu guztietan. Erroren sokak lotutako lerro etenak.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku