Inoren etxe ez diren horiek

Inoren etxe ez diren horiek

Uxue Rey Gorraiz

Hutsak bete daitezen. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak, haren arduradunen esanetan: foru erkidegoan hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesu bati ekin diote, horiek merkatuan jartzeko, alokatzeko moduan. Gaur-gaurkoz, sei udalerritan egin dute bilaketa, eta 1.971 etxebizitza identifikatu dituzte “etxe huts” modura, hau da, azterketak ondorioztatu du ez dela inor bizi horietan.

Iruñean, Burlatan, Antsoainen, Tafallan, Erriberrin eta Caparroson egin dute miaketa. Osotara, 2.638 etxebizitza aztertu dituzte, hutsik egon zitezkeen zantzuak antzeman ondotik. Batik bat etxebizitza horietako uraren kontsumoari erreparatuz osatu zuten aztergai izanen ziren etxebizitzen zerrenda, eta, gero, gutunak bidali zitzaizkien jabeei. Azkenik, baieztatu dute hutsik daudela horien %74, ia bi mila etxebizitza, alegia. Halaber, bankuren baten jabetzakoak dira horietatik 596.

Jose Maria Aierdi Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak azaldu du helburua dela etxebizitza horiek alokatzeko erabilgarri izatea. “Kontraesana da Nafarroan milaka pertsona egotea alokatzeko etxebizitza bila eta, aldi berean, hainbat etxebizitza hutsik egotea. Berdin asko edo gutxi izan”, adierazi du parlamentuan. Eneko Larrarte Etxebizitza zuzendari nagusiak esan du, gainera, etxebizitzak “eskubide bat” izan behar duela, eta ez “espekulatzeko ondasun bat”.

Parlamentuko talde gehienekbegi onez ikusi dute hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko prozesua abian jarri izana. Navarra Sumak, ordea, gogor kritikatu du. “Herritar batzuei (jabeei) legez zilegi ez diren kalte batzuk egin zaizkie, eta gutunari mehatxu kutsua dario”, adierazi zuen Juan Luis Sanchez de Muniainek.

Prozesuaren bigarren faseari ekin diote irailean. Oraingoan, Nafarroako beste 30 bat udalerritan eginen dute azterketa. Honezkero, beste 952 kasutan dute hutsik dauden susmoa.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku