Edurne Elizondo
Omenaldi izan nahi du mahai inguruak, eta hori baino gehiago lortu du, azkenean: lagunari agur errateko saio xume eta benetakoa egin dute Katakraken Bixente Serrano Izko ezagutu eta bidean lagun izan zutenek. Geronimo Ustariz Institutuak, Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatu dute saioa, Bixente Serrano historialari, dibulgatzaile eta sortzailea gogoratzeko (Saratsa, 1948-Iruñea, 2020). Pasa den ekainaren 4an zendu zen, erietxean. 72 urte zituen.
Katakraken bat egin duten gehienentzat Bixentiko zen Bixente Serrano Izko. “Bixentiko esaten genion, ez txikia zelako, baizik eta estimu handia geniolako; gizon apala izan zen, baina lan handia egin zuen, baldintza zailetan”, erran du Josu Chueca historialariak. “Historia aztertu eta historia egin zuen”, erantsi du.
Historia horretako urrats batzuk nabarmendu nahi izan ditu Chuecak jendaurrean, hain zuzen ere: 1969an deportatu egin zutela, Opus Deiren unibertsitatean izandako istiluen ondorioz; 1972an ikasketak amaitu, eta ETAn sartu zela; 1973az geroztik sasian ibili behar izan zuela, 1974an atxilotu zuten arte, eta Segoviako (Espainia) espetxeko ihesaldian parte hartu zuela, 1976an.
Serrano Izko 1977. urtean atera zen kartzelatik, “baina jarraitu zuen militantzia politikoan; beti espiritu kritiko batekin: Euskadiko Ezkerratik alde egin zuen, adibidez, 1980ko hamarkadan, Nueva Izquierda korrontea osatzeko”, erran du Chuecak.
Segoviako espetxealdian “euskaldundu” egin zen Bixente Serrano Izko, historialariak gogoratu duenez, eta nabarmendu du euskararen aldeko lan hori irakaskuntzara eraman zuela, 1987an. “Hutsetik aritu behar zuten garai batean sekulako lana egin zuen ikasle askoren aurrean”.
Serrano Izkok ikasle izan zituenetako bat da Amaia Alvarez NUPeko irakaslea. Euskokultur Fundazioan ere aritzen da, Nafarroaren historiari buruzko ikastaroko arduradun. Serrano Izkoren eskutik hartu zuen Alvarezek ardura hori. “Parte hartzen jarraitu nahi zuen, baina ez dugu denborarik izan elkarrekin aritzeko”, azaldu du Alvarezek.
Iturrama institutuan irakasle izan zueneko garaia gogoratu du, eta Serrano Izkok han erakutsitako “jarrera pedagogikoa” eskertu du, bereziki. Ez hori bakarrik: “Gauzak azaltzeko zuen lasaitasuna dut gogoan, irakasle eta dibulgatzaile gisa zuen gertukotasuna”, erantsi du. Serrano Izko irakasle izan zuten anitzek erran dutenarekin egin du bat: “Oso irakasle gustukoa nuen; komunikatzeko modu zintzo eta gertukoa zuen”, nabarmendu du Amaia Alvarezek.
Pamielarekin sortzaile
Historia aztertu eta historia egin zuen Bixente Serrano Izkok, eta historia hori azaltzeko, gizarteratzeko eta zabaltzeko interes berezia izan zuen, gainera. Serrano Izkok historiaren eta dibulgazioaren arloan egindako lanaz gain, baina, sormenaren esparruan egindako ekarpena jarri nahi izan du erdigunean Pamielako Pello Eltzaburuk. Proposamen zehatz bat egin die mahaiaren bueltan lagun izan dituen erakundeetako arduradunei: “Bixente Serrano Izkoren dokumentu funtsa sortzea”.
Serrano Izkoren eta Pamielaren arteko harremana estua izan zen, argitaletxea 1983an martxan jarri zuten unetik beretik. “40 urtez ezagutu genuen elkar. Topikoa dirudi, baina benetan gizon apala zen; gizon ona. Isiltasun luzeko gizona ere bai; urduritu ere egiten ninduen batzuetan!”.
Ia mende laurden batez partekatutako bidean hamaika dira Serrano Izkok Pamielarekin sortutako lanak, eta horietako zenbait ekarri ditu Eltzaburuk gogora: 1987ko Onkoteak izenburuko narrazio liburua argitaratu zuen. “Bixentek literaturan egindako lehen sartu-ateraldia izan zen”.
2000. urtetik aurrera egindako bidea nabarmendu du Eltzaburuk: 2002ko Beldurra bera zaldi, eta 2003ko Bakezale gerlari horiek, bertzeak bertze. “Juan Zelaia sariko finalista izan zen lan horrekin”. 2003ko urte horren bueltako garaia “zaila” zela erran du Eltzaburuk: “Ematen zuen indarkeriaren zirimola zoro horretatik inoiz ez ginela irtengo; Bixentek oso hausnarketa ausarta egin zuen, eta, zorionez, ezker abertzalearen munduan, hamar urteren bueltan, askok bere egin zuten hausnarketa hori”.
2011ko Jauzika liburuarekin bertze urrats “txiki” bat egin zuen Serrano Izkok, Eltzabururen hitzetan: “Haren konpromiso politikoa utzi gabe, hor hasten da literatura hausnarketarako bide bat”. Aforismo liburu bat da Jauzika, zehazki. “Hor hasten da bukatu ez den bide bat”, berretsi du Pamielakoak. Izan ere, Serrano Izkok argitaratu gabe dagoen liburu bat aurkeztu zion Pamielari 2018an. “Eguneroko baten gisa dago antolatua, eta hamaika arlori buruzko hausnarketak jasotzen ditu. Liburu sailkaezina da”. Hasitako lana utzi behar izan zuten Pamielak eta idazleak, Serrano Izko gaixotu zelako. Tumore bat zuen burmuinean. “Onik atera zen, eta ari ginen, berriz ere, edizioa prestatzen”. Espero ez zuten berriak bide hori moztu zuen arte: “Ekainean joan zitzaigun”.
Eltzaburu damu da memoriak idatzi gabe joan delako Serrano Izko. Baina Euskokultur Fundazioko kideek eman diote esperantzarako helduleku bat: “Lau orduko elkarrizketa grabatu genion”. Pozik hartu du oparia Pamielakoak, sortzailearen bidea ez delako benetan amaitu.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku