Bazterra hautu bat denekoa

Bazterra hautu bat denekoa

Edurne Elizondo

Bazterrean mugitzen den subjektu politiko bat gara”. EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko kide Kepa Yecorak erran ditu hitzok, kolektibo horrek bihar Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen duen jardunaldiaren atarian. Buruari ekin bazterrean izenburupean antolatu dute biharko saio hori, asmo nagusi batekin: kolektiboa “berrindartzea”, eta bere diskurtsoa “garatzea eta sendotzea”. Egun osoko egitaraua prestatu dute hausnarketa kolektiboa bultzatzeko.

Ez da kasualitatea orain hartu izana gogoeta egiteko tarte hori. Biharko saioaren bidez, EHGAMeko kideek nahi dute bidean une batez gelditu, nolabait: gelditu, egindako urratsak aztertu, eta aurrera begirakoak zehaztu. Kolektiboaren egungo jarduera ez baita hasierako bera, eta kideek aurrean duten gizartearen errealitatea ere ez. Orain arte lortutakoa “defendatu” nahi dute, “sortzen” jarraitzeko.

1976an sortu zen Nafarroako Homosexualen Batzordea, eta handik bi urtera, 1978an, Ekainaren 28ko manifestazioa egin zuten, Tuteran, lehen aldiz. Iruñean, 1982an egin zuten protesta aurrenekoz, eta seiehun pertsona inguruk parte hartu zuten han. 1970eko hamarkada bukaeran sortu zuten EHGAM, hain zuzen, eta, 1980ko hamarkada amaieran eta 1990ekoan, batez ere, indar handia izan zuen Iruñeko karriketan, “ekintza zuzenaren” bidez. Orduko manifestazioak eta kanpainak oroitu, eta garbi erran du EHGAMeko kide Oskar Sadak badela “zer ospatu”.

2000. urtean, EHGAMek bertze gisa bateko lana lehenetsi zuen karrikako jardueren gainetik. “Jendeak bere bizi kalitatea hobetzeko tresnak eskatzen zizkigun. EHGAMeko bi kide egon ginen Herbehereetan, Alemanian eta Katalunian, eta, hango kolektiboen lan egiteko moduak ezagutu eta gero, Kattalingorri jarri genuen martxan”, kontatu du Sadak.

“Mariken diskurtsoa”

Kattalingorri aholkularitza jasotzeko eta elkarri babesa emateko toki bilakatu zuten hasieratik. Bat egiteko eta hitz egiteko espazio aske eta seguru bat, finean. EHGAMek jarri zuen martxan, baina joan zen nortasun propioa garatuz, kideek beren kolektiboaren izena behin-behinean bazter utzi arte.

Orain, baina, erdigunera itzultzeko ordua du EHGAMek. Izen eta abizenez. “Gero eta diskurtso ezberdin gehiago garatzen ari dira LGTBI+ kolektiboaren barruan; orain arte, elkarlanean aritu gara besteekin, eta albo batean utzi dugu gure diskurtsoa osatzeko lana. Orain horri ekin nahi diogu, gure diskurtsoa indartzeari”, erran du Kepa Yecorak.

“Gure diskurtsoa”. Yecorak eta Sadak azaldu dute horrek zer erran nahi duen: “Gure diskurtsoaz ari garenean ari gara mariken diskurtsoaz”. Eta “marikak” dira “bazterrean” mugitzen den subjektu politiko bat, Yecorak bertze deus baino lehen nabarmendu duenez. “Mariken diskurtsoa bazterrean eta bazterretik” osatu nahi dute EHGAMeko kideek, hain zuzen ere, bere egin baitute bazterrean egoteko aldarria: sistemak ezarritako arauen araberako erdigunea ez dute maite.

Botere harremanak nagusi dituen egungo sisteman, zisheteropatriarkatuaren eredua da hegemonikoa; gauza guztien neurria ezartzen duena, alegia; erdian dagoena. Horregatik nahi dute EHGAMeko kideek bazterrean bizi. Gauza guztien neurria ezartzen duen arau horrek badu eragina ere homosexualen kolektiboan, eta egoera horrek pizten dituen eztabaidak erdigunean jarri nahi dituzte, biharko jardunaldiaren bidez: “Egungo jendartean bada berdintasunaren aldeko nolabaiteko aldarria; ematen du jendarteak balioa ematen diola berdintasun asmo horri, baina ez da egia: jendarteak arautik hurbil dauden ereduak baino ez ditu onartzen; benetako berdintasuna aldarrikatzen dugu guk, eta horretarako ez dugu inoren baimena behar”, nabarmendu du Kepa Yecorak.

Sistemak, beraz, “arautik hurbil dauden homosexualak” onartuko lituzke, EHGAMeko kidearen hitzetan: homosexual “zuri, eder eta aberatsak”, alegia. “Gay izateari buruz ere oso diskurtso arautzaileak ari dira garatzen, azken urteotan; maskulinitatea, gay direnen maskulinitatea ere, oso lotuta dago eredu bakar batekin, eta gu ez gara eroso sentitzen eredu horretan”.

Egungo gizarteko eredu hegemonikoak binarismoa du ezaugarri nagusietako bat; EHGAMeko kideek, baina, horren kontrako jarrera hartu dute. “Binarismo arautzailearen aurka gaude”, erran du Oskar Sadak. Hausnarketarako mami diren galderak, auziak eta ereduak aipatu ditu EHGAMeko kideak, eta horien inguruan gogoeta egiteko beharra nabarmendu du: “Gu non kokatzen gara? Zer gara? Marikak? Marikak izateko gizon izan behar dugu? Zis gizonak? Edo trans gizonak ere?”. Hausnartzera eta hitz egitera deitu ditu Sadak jardunaldian ariko diren herritarrak: “Auzi pila dugu jorratzeko, libreago izateko; libreago izateko lan hori ez da bakarrik guretzat, gainera, gure askatasunak ere besteena ekartzen baitu”.

Sadaren hitzen ildotik, emakume transak baztertzen dituen feminismoaren aldarriek azken boladan izan duten “oihartzuna” aipatu du Yecorak, eta argi utzi nahi izan du zer erran badutela auzi horri buruz: “Guk ez diogu inori esanen zer den gizon edo emakume izatea; ez dugu esanen nor den gizon edo emakume; ez ditugu ezarriko gauza bat edo beste izateko baldintzak. Genero autodeterminazioan sinisten dugu, eta, ondorioz, argi dugu nork bere burua definitzeko eskubidea duela”. Hau da, “hamaika modu” daudela gizon, emakume edo bertze izateko. Kontua ez baita bazterra erdigunera eramatea, baizik eta erakustea erdigunea egon daitekeela bazterrean ere: aniztasunaren balioa eta genero adierazpen askotarikoen balioa nabarmenduko duen bazterrean, hain zuzen ere.

“Autoestimutik eraiki”

Biharko jardunaldiak biharko diskurtsoa sendotzera eraman nahi ditu EHGAMeko kideak; prozesu horretan, kolektiboko arduradunek ezinbertzean egin diote so orain arte egindako bideari, eta, gaurkoak eta atzokoak alderatuta, “pozik” erran du Oskar Sadak: “Iruditzen zait autoestimu polit batetik eraikitzen ahal direla gauza politagoak erresistentziatik bainoago; eta hori da guk gure borrokarekin egungo gazteei eman dieguna”.

“Egungo gazte horiek jakin behar dute aurretik zer egin den; jakin behar dute hor daudela beste batzuek egindakoari esker”, erantsi du Kepa Yecorak. Memoria jorratzeko beharra aipatu du Sadak ere, baina, bertze gauza guztien gainetik, “ahalduntzeko” urratsak jo ditu funtsezko: “Guk kaleak hartu genituen, eta, gisa berean, ahalduntzeko beharra dute egungo gazteek”.

EHGAMeko bi kideek eskertu dute, hain zuzen ere, kolektibo horrek emandako “ahalduntzerako arnasa”. Talde hori sortu zutenean baino anitzez ere kolektibo gehiago dago Nafarroan, gaur egun, eta ontzat jo dute hori EHGAmeko kideek. “Inportantea da erreferentziazko gune askeak izatea, are gehiago herri txikietan”, erran du Yecorak.

Gune askeak izatea ez da nahikoa EHGAMeko kideentzat; gizarte aske bat nahi dute, bazterreko guztientzat. Argi dute gizarteak urratsak egin dituela azken hamarkadetan, eta, egun, bertzeak bertze, erakunde publikoen esku dira garai batean herritarrek sortutako kolektiboek eskaintzen zituzten zerbitzuak. Kattalingune du Nafarroako Gobernuak, adibidez, LGTBI+ kolektiboa artatzeko eta bere eskubideak babesteko.

“Aurrerapauso” horiek onartu dituzte EHGAMeko kideek, baina erakundeak “zaintzeko” beharra nabarmendu dute. Ez hori bakarrik: “Nork bere esparrua du; badira zerbitzu publikoak, batetik, eta bertzetik daude gure aldarriak. Osagarri izan daitezke, edo elkarren kontrakoak”, azaldu du Yecorak. “Kritiko” izateko beharra erantsi du Sadak. Horretarako aukera izanen dute biharko jardunaldian. Hausnartzeko, kritiko izateko, eta sortzen jarraitzeko aukera.

Egitaraua
EHGAMeko kideek egun osoko saioa prestatu dute Buruari ekin bazterrean izenburupean. Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen dute jardunaldia, eta interneten bidez jarraitzeko aukera izanen da.
Aurkezpena
09:00etan. Antolatzaileek jardunaldia aurkezteko agerraldia eginen dute.
LEHEN MAHAIA
Maskulinitatea
09:30etik 10:00etara. Jokin Azpiazuk zuzenduko du lehen saioa. EHUko irakaslea da, eta Joxemi Zumalabe fundazioko kidea. Maskulinitatea arazo? dilemak, elkarguneak eta trabak feminismoaren eta LGTBI+ politiken artean izenburuko saioa eginen du.
10:00etatik 10:30era. Bigarren hitzaldiak Ibai Fresnedo izanen du gidari, Maritxuak, subertsiboak ala zisheterozentratuak? izenburuko saioarekin. Hiruki Larroxa kolektiboko ekintzailea da Fresnedo.
10:30etik 11:00etara. Victor Gil Fernandez Viruta artistak hartuko du hitza hirugarren saioan. Trans pertsona ez-binarioa da. Etxeko neskatoa. Maskulinitatea eta zaintzak izenburuko saioa gidatuko du; bere esperientziatik abiatuko da ikuspuntu trans eta feminista bat jorratzeko. Saio hori amaitu eta gero, lehen mahaiko auzien inguruko eztabaida eginen dute parte hartzaileek.

BIGARREN MAHAIA
Feminismo inklusiboa
11:45etik 12:15era. Laura Macaya Andres gizarte hezitzaileak zuzenduko du feminismo inklusiboari buruzko mahaiko lehenengo saioa. Izaki xelebreen matxinada. Esparru politiko feministak, unibertsaltasun matxinatu berri baterako izenburuko solasaldia prestatu du.
12:15etik 12:45era. Sejo Carrascosak parte hartuko du. Lumagorri Chateko kidea da, eta Gasteizko Ikusgune behatokian ere ari da, bertzeak bertze. Gorputz politikoa: aliantzak edo konplizitateak? izenburuko saioa gidatuko du.
12:45etik 13:15. Abel Hueteren saioa izanen da bigarren mahaiko azkena. Eta abizena… Marika? izenburuko hitzaldia prestatu du. Gizarte ekintzailea da Huete, sexu eta genero aniztasunaren esparruan. Hueteren solasaldia amaitu eta gero, mahaian jorratutako gaiez eztabaida eginen dute.

HIRUGARREN MAHAIA
Esposizio aurreko profilaxia
17:15etik 17:45era. Apoyo Positivo elkarteko kide Jorge Garrido ariko da esposizio aurreko profilaxiaren auziari buruz. LGTBI+ kolektiboaren barruan eta kanpoan sortutako eztabaidak jorratuko dituzte.
17:45etik 18:15era. Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeko kide David Urrak esposizio aurreko profilaxiaren gaia landuko du, herrialdeko ikuspuntu batetik.
18:15etik 18:45era. Mikel Otxotorenak kontatuko du esposizio aurreko profilaxiaren inguruko bere esperientzia. Saio hori amaitu eta gero, mahaian jorratutako gaiez eztabaida eginen dute.
22:00. David Priegok Poligonoko bakarrizketak izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du, Baratza Kafean (Arrotxapea auzoan), jardunaldia amaitzeko. Priegok irabazi zuen 2019ko Komiki eta Grafiko Saria, Miriam Cameros ilustratzailearekin batera, Tierra trágame lanagatik.