Oztoporik gabeko auzoa

Oztoporik gabeko auzoa

Edurne Elizondo

Iturramaren atzetik, Donibane da zahar gehien duen Iruñeko auzoa: bizilagunen ia %32k ditu 65 urte baino gehiago, eta %12k, berriz, 80 baino gehiago, Iruñeko erroldaren joan den otsaileko datuen arabera. Donibaneko Adinekoaren Adeko Akordioaren sinatzaileek kontuan izan dituzte datu horiek, eta diagnostiko bat egin dute zaharren beharrak aztertzeko. Agerian utzi dute karrika anitzetan badirela adinekoentzat arrisku bilaka daitezkeen oztopoak, eta horiek markatzeko mapa os tzen hasi dira.

Zaharkitutako populazioa da Donibanen bizi dena, baina bai eta bizia ere. Horren adibide garbia da Adinekoaren Aldeko Akordioa: auzoko elkarte gehienek egin dute bat, zahartze aktibo baten alde lan egiteko. Zaharrek ere hartu dute hitza, eta haientzat ere atsegina eta segurua izanen den auzo bat eraikitzeko ahaleginean inplikatu dira. Donibanekoa da gisa horretako lehen ekimena Iruñean.

2018. urtean sinatu zuten auzoko zaharren aldeko akordioa. Donibaneko osasun etxeak bultzatu zuen, eta eragile anitzek egin dute bat geroztik, zahartze osasungarri baten aldeko konpromisoa hartuz. Sinatzaileen artean dira, bertzeak bertze, zaharren elkarteak, bizilagunen elkarteak, botikak, kirol elkarteak eta auzoko denden elkartea. «Komunitatea eragile aktibo» bilakatu dute, zaharren egunerokoan «duintasunaren eta kalitatearen aldeko konpromisoa» bultzatuz.

Donibaneko Oskia jubilatuen elkarteko kide Pilar Jimenez Arrietak mezu hori jarri nahi izan du erdigunean. 77 urte ditu, eta, «oraingoz», ez du arazorik hirian bakarrik mugitzeko, baina argi du horrek ez duela erran nahi auzoa esparru atsegin bat denik pertsona guztientzat: «Herritar guztiak izan behar ditugu kontuan; halako lanek, gainera, denoi egiten digute mesede: gure bizitzako edozein unetan izan dezakegu irisgarritasuna bermatzeko neurrien beharra».

Donibaneko bizilagunak Iruñeko Udaltzaingoko arduradunekin batera ari dira lanean auzoan dauden oztopoen mapa osatzeko. Zehazki, zortzi ibilbide prestatu dituzte, eta guztiak eginen dituzte, datorren azaroaren 3ra bitarte. Mapa osatuta, asmoa da Iruñeko Udalari eskaera zehatz bat egitea, dauden arazoak konpon ditzan.

Estoldak, zuloak eta bertze

Gehiegi nabarmentzen diren estolda zuloen tapak, espaloietan falta diren lauzek utzitako zuloak, zebrabiderik eza karrikak segurtasunez zeharkatu ahal izateko… Horiek dira Donibane auzoan dauden oztopoetako hainbat. Adinekoaren Aldeko Akordioaren sinatzaile eta auzoko gizarte Osasun etxeak bultzatu zuen Adinekoaren Aldeko Akordioa, 2018an; hamaika elkartek egin dute bat eragile Santiago Larrañetak azaldu duenez, «halakoek arriskutsu bilakatzen dute auzoa aulki gurpildunarekin edo makuluarekin mugitzen direnentzat. Karrikan egon nahi dugu, eta, horretarako, karrikak ere esparru egoki bat izan behar du guretzat».

70 urte ditu, eta bat egin du akordioaren espirituarekin, hasieratik, auzoko hamaika ekinalditan inplikatuz. Karrikan lasaitasunez eta segurtasunez ibili ahal izatea ez da garrantzirik gabeko kontu bat Larrañetarentzat: «Auzoko edozeini galdetu, eta erranen dizu karrikan erori diren hainbat pertsona ezagutzen dituela. Gazte batentzat kontu arin bat dena larria izan daiteke zaharrontzat».

Karrikan dauden oztopoez gain, han edo hemen banku bat jartzeko beharraz ohartaraztea ere «inportantea» dela erantsi du Santiago Larrañetak. «Auzoan bizi garen guztiok dugu eskubidea auzoa bizitzeko».

Cermin erakundeko arduradunek ere eskertu eta txalotu dute Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioaren sinatzaileen ahalegina. Ezintasunen bat dutenen erakunde ordezkarien batzordea da Cermin, eta, batzordeko teknikari Monica Iñigok azaldu duenez, eurekin harremanetan jarri ziren, «mapa osatzeko lana aprobetxatu, eta ikuspuntu zabalago bat eman ahal izateko».

Alfredo Borjarekin egon da Donibaneko bizilagunen proiektua ezagutzen. %5 bertzerik ez du ikusten Borjak, eta auzoan itsuek izan ditzaketen arazoak identifikatzen lagundu nahi izan ditu donibanekoak. Erran du «funtsezkoa dela zebrabideak ongi margotzea, adibidez, eta espaloietan ongi markatzea esparru horiek dauden tokiak. «Hiriko hainbat karrikatan espaloiak zabaldu dituzte, eta are zailago bilakatu zaigu zebrabidera ailegatzeko bidea. Beharrezkoa da ongi markatzea», berretsi du.

Bat egin du Iñigok ere: «Hiritar guztiona da hiria, eta, ondorioz, hiritar guztien egoera eta baldintzak aintzat hartu behar dira espazioak diseinatzerakoan». Denen neurrira egindako hiriak aldarrikatu ditu, finean.

Bizilagunek mapa osatu eta gero, Iruñeko Udalak egin beharko du hurrengo urratsa Donibane oztoporik gabeko auzo bilakatzeko bidean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.